Thatcher izan nahi zuen lehen ministroaren amesgaiztoa

Arrakasta handia lortu zuen Back to the future Regreso al futuro— filmak 1985an. Marty McFlyk (Michael J. Fox), istripuz Emett Brown doktorearen (Christopher Lloyd) DeLorean autoan 30 urte atzera bidaia egin eta gero, etorkizunera bueltatu beharko du. Iraganeko Emett doktorearengana joko du McFlyk laguntza eske, baina honek ez dio hasiera batean sinetsiko. 1985ean Estatu Batuetako presidentea nor den galdetzen dio Emettek, eta Ronald Reagan dela esatean barre egiten du doktoreak, Reagan bere garaian aktore ezaguna zelako. Robert Zemeckis zuzendariaren arrakastatik 37 urte pasa direla, pelikula horren bigarren zatian murgildu dira Erresuma Batuan aste honetan.

Yom Kippurreko gerrak eragindako petrolioaren krisiaren garaian heldu zen Ronald Reagan Etxe Zurira. Milton Friedman ekonomialari ultraliberalaren ildo ekonomikoan oinarritu zituen Reaganek bere politikak. Lafferen kurbaren teoria aintzat hartuta, zergak nabarmen jaitsi zituen, errenta altuei nagusiki, baita gastu publikoa ere. Ekonomiak hobera egin zuen Estatu Batuetan, petrolioaren krisiaren ondorengo mundu osoko susperraldiak lagunduta, eta horrek teoria neoliberalen sendotzea ekarri zuen. Ozeano Atlantikoaren beste aldera ere heldu zen doktrina neoliberalen oihartzuna, eta Erresuma Batuan Downing Streetera heldu berria zen Margaret Thatcher lehen ministro kontserbadoreak sutsuki aplikatu zituen. Sindikatuen kontrako neurriak hartu zituen, langileen indarra murrizte aldera. Zerga politikan ere aldaketa sakonak izan ziren. Reaganek egin bezala, errenta altuei jaitsi zizkien zergak nabarmenki, baina kontsumoaren gaineko zerga (BEZ), ordea, igo egin zuen. Beste modu batean esanda, igo egin zuen batez ere errenta baxuak zigortzen dituen kontsumoaren gaineko zerga, eta aldi berean errenta altuei mesede egin zien. Erresuma Batuko ekonomiaren erreforma sakona bultzatu zuen Thatcherrek, eta hazkunde ekonomiko nabaria izan bazen ere, pobrezia eta errenta arrakala nabarmen igo zen. 

Egungo Erresuma Batuak alde handiak ditu 1980ko hamarkadakoarekin. Elizabeth II. zuten britainiarrek erregina, eta gaur egun bere semea da estatu-burua. Ekonomikoki ere badira aldeak. Thatcherren garaian zor publikoa BPGren % 40 ingurukoa zen, eta egun ia % 95ekoa, bikoitza baino gehiago. Eta horrek, gustatu ala ez, joko-baldintzak aldatzen ditu. Uda honetan, Erresuma Batuak estatu buru eta lehen ministro berria estreinatu ditu. Liz Truss izan da Alderdi Kontserbadoreak lehen minisitro kargurako hautatu duen emakumea. Gaztetan monarkiaren eta Thatcherren kontrakoa omen zen Truss, eta gaur egun, ordea, Burdinezko damaren oinordeko izan nahi omen du. Hala aldarrikatu du azken asteotako agerraldi publikoetan, eta agintera heldu ahala iraganeko konponbideak aplikatu nahi izan du, DeLoreanek 1985era eraman izan balu bezala. Azken 50 urteetako zerga jaitsierarik handiena iragarri zuen Trussek, batez ere errenta altuenei. Bestelako neurriak ere iragarri zituen, hala nola 2023rako aurreikusita zegoen Sozietateen gaineko Zergaren igoera bertan behera uztea, eta bankariek jasotzen dituzten gehigarrien gaineko zerga kentzea.

Lehen ministroaren zerga erreformak 45.000 milioi libra gutxiago biltzea ekarriko zuen, eta horrek merkatuetan izua zabaldu zuen. Dibisa britainiarra dolarrarekiko hondoratu egin zen, eta 10 urterako zorraren prezioak gorakada handia izan zuen, bere arrisku-saria Italiako saritik oso gertu kokatuz. Merkatuetan bakarrik ez, eta nazioarteko hedabide eta erakunde nagusiek gogor kritikatu zuten premier britainiarraren plana. Ohituta gaude Nazioarteko Diru Funtsa hazteko bidean dauden herrialdeei errieta egiten ikustera, baina ez munduko ekonomia nagusietako bati. Datorren urteko aurrekontu orokor britainiarrek gastu publikoaren hazkundea jasotzen dute, eta zergak 45.000 milioi libretan jaisteak zor publikoa handitzea dakar. Hori da merkatuen beldurra eragin duena. 

Hilabete baino ez darama boterean Liz Trussek, eta nazioarteko iritzi publikoa bere aurka agertzea lortu du. Kanpoan bezala, etxea ere ez du giro lehen ministro berriak. Laboristek kritika zorrotzak egin dizkiote eta inkestetan aurrea hartu diote. Bere alderdian ere ez du babesik topatu eta azkenean atzera egin behar izan du. Thatcherren urratsak jarraitu nahi zituen Liz Trussek, iraganera salto eginez eta ematen du bidaia amesgaizto bihurtu zaiola. Asko aldatu dira gauzak laurogeigarren hamarkadatik. Gizarteak ez ditu neurri neoliberalak hain erraz onartzen, eta merkatuek argi erakutsi dute ezin dela zerga jaitsierarik egin gastu publikoa ez bada murrizten. Kostatu egingo zaio Liz Trussi amesgaiztotik itzartzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK