Merkatu artifizialak

OpenAIk 'GPT Store' sortu berri du, ChatGPTren bertsio pertsonalizatuak merkaturatzeko espazio irekia. Orain egun batzuk antolatu zuen garatzaileei zuzendutako 'DevDay'-ean aurreratu bezala, ChatGPTren bertsio pertsonalizatuak sortu eta erabiltzeko merkatu bat sortu dute. Bere momentuan Google Play edo Appstore app munduarentzat loraldia izan zen bezala, orain inteligentzia artifizialaren loraldia sustatu eta banatzen duen merkatua sortu du OpenAI-k.

Oraingoan aldiz, IA-ren loraldia oso bestelakoa aurreikusten da. GPT store berri honetan, GPT berriak sortzea inoiz baino errazagoa izango dela dirudi: ChatGPTri nahi duzuna deskribatu eta eredu hau behin eta berriz entrenatzea bezain erraza izango da norberaren GPT-a sortzea eta saretzea. IAren teknologiarako sarbidea asko demokratizatzen duen eredua eraiki dute, profil teknikorik ez duen edozein pertsona gai izan dadin GPT berri bat sortzeko.

Nola funtzionatzen du? Edonork erraz sor dezake bere GPT-a. Ez da koderik behar eta erabilera pribaturako ere egin daiteke, inorekin partekatu beharrik gabe: norberaren lanean edo enpresa baten barruan atazak automatizatu eta hobetzeko esaterako. GPT bat sortzea elkarrizketa bat hastea bezain erraza da, jarraibide eta ezagutza osagarriak ematea, eta zer eduki mota sortu behar duen aukeratzea: interneten bilatu eta informazioa ematea, irudiak sortzea edo datuak aztertzea.

Edozein merkatuetan bezala, GPT storean ere merkatu dinamikak eratzen ari dira. Garatzaile egiaztatuen figura sortu dute eta GPT storean hauen lanak aurkezten. Dendan argitaratutakoan, GPTak rankingetan igo edo jaitsi ahal izango dira eta elkarren artean lehiatu. Sortzaileek OpenAIren diru-sarreren zati bat jaso ahal izango dute beren GPTen erabileraren eta erabilgarritasunaren baitan, eta etorkizun batean estrategia hau banakako harpidetza-ereduetara eramatea espero da, eskaerak hala eskatzen duenean.

OpenAI-ren beste pausu bat dirudien arren, haratago dihoan mugimendu bat egin du enpresak. Store honi esker, OpenAI aktore independente bezala posizionatzen da industrian, eta Apple eta Google bezalako erraldoiekin parez pare posizionatzera eramango duena. Orain ez da teknologia edo aplikazio bat soilik, merkatu bilakatu da. Gainera, OpenAIren etorkizunean, GPTak kanpoko zerbitzuekin integratzea aurreikusten da, IA garatzen ari diren enpresa edo eragile hauen interakzio- eta funtzionaltasun-aukerak handitze aldera.

Eraldaketa erradikal honek, hainbat sektore goitik behera aldatuko ditu. GPT aplikazio espezializatua sortzeko aukera, negozio eta kontsumitzaileentzako aukera-mundu bat irekitzen du, atzera bueltarik ez duena. Zoritxarrez dena ez da urre; izan ere, GPT aplikazioek informazio pertsonal eta korporatiboaren bolumen handiak prozesa ditzakete, eta horrek datuak iragazteko eta pribatutasun-abusuak gertatzeko arriskua dakar, behar bezala kudeatzen ez badira.

Gainera, GPT ereduek galdera etikoak sortzen dituzte. Eduki faltsua edo engainagarria sortu ditzakete eta GPTn oinarritutako aplikazioak kontu handiz diseinatu eta arautu behar dira, ondorio negatiboak saihesteko.

GPT Store aurrerapen teknologikoaren adierazpen bat da, etorkizuneko belaunaldiek naturaltasunez hartu eta lan-tresna gisa barneratuko dutena. Halaber, haien garapena eta adopzioa erantzukizunez eta aurreikuspenez landu behar dira, ezinbesteko erregulazio- eta etika-esparruak sendotuz eta gure hezkuntzan haien erabilera lehenbailehen txertatuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK