Moneta berri baten hastapenak

Kriptomoneten munduan sortzen den txanpon berri bakoitzak iraultzailea, disruptiboa eta, azken batean, munduko finantza- eta gizarte-arazoei irtenbidea emango diela berresten dute. Azken asteetan bitcoin-ak orain dela hilabete luze batzuk lortu zuen balio berdina berreskuratu ditu —65.000 dolar balio izatera iritsi da azken egunetan— eta berriro jarri du kriptomoneten gaia bogan. Hala ere, gaur beste kriptomoneta bat erdiguneratuko dugu. Hemen ere oso entzutetsua izan da atzean dagoen taldea, eta batez ere, OpenAI zuzentzen ari den Sam Altman duelako atzean: Worldcoin.

Worldcoin-ek eztabaida handia sortu du lehen momentutik. Txanponak duen hedapen estrategia eskaneatze biometrikoetan oinarritzen baita. Mundu osoko hirietan irisa eskaneatzeko txoko fisikoak ireki ditu enpresak, hiritarren datu biometrikoak erregistratzearen truke worldcoin-ak debalde eskaintzeko. Txanponaren banaketa masibo eta azkarra ahalbidetzen duen estrategia erabiltzen ari dira; izan ere, 25 dolarren truke datu biometrikoak erosi eta astean behin 3 worldcoin debalde eskaintzen ari da kriptomoneta etorkizunean bertatik zerbitzuak erosi eta kontsumitzeko bisioarekin.

Lehen begiratuan erokeri bat dirudien arren, milioika pertsona, familia eta kolektibo ari dira Worldcoin-ek erabiltzaile bihurtzen. Datu biometrikoengatik eskaintzen duten dirua alde batetik, eta astean behin 3 worldcoin ematearen mekanismoak pertsona asko zoratu ditu.  Erregulazioa teknologia baino motelago doanaren beste erakusle garbia da Worldcoin-en kasua. Adituen artean kezka handiak sortzen ditu erabiltzaileen pribatutasunari eta segurtasunari dagokionean, baina orain artean ezer gutxi egin da praktika hau erregulatzeko.

Worldcoinen aurkako kritika nagusietako bat bere banaketa-eredua da, dirua lortzeko asmoz bere pribatutasuna sakrifikatzeko prest daudenei —beharginak eta kolektibo zaurgarriak, gehienbat— zuzenduta dagoena. Eskaneatze biometrikoek (aurpegiaren, irisaren eta ahotsaren azterketa barne) kezka etiko eta segurtasun-kezka larriak sortzen dituzte. Prest egon beharko genuke gure nortasun biometrikoa txanpon digital batekin trukatzeko? Zer berme dugu informazio hori ez dela “gaizki” erabiliko edo konprometituko?

Beste kezka bat Worldcoin-en ereduan zentralizazioa da. Kriptomoneta deszentralizatuak ez bezala (Bitcoin edo Ethereum, adibidez), non komunitateak sistemaren gaineko kontrola duen, Worldcoin gizabanakoen eta erakundeen talde hautatu batek bultzatzen du, Sam Altman tarteko. Horrek zalantzak sortzen ditu dirua nork kontrolatuko duen eta etorkizunean erabakiak nola hartuko diren argitzerako orduan, teknologia biometrikoarekiko mendekotasunak bazterketa- eta diskriminazio-arrisku nabarmenak eragin baititzake etorkizunean.

Azkeneko berrien arabera, Shopify eta bestelako teknologia ezagunak Worlcoin-a erabiltzeko aukera errazten ari dira gero eta gehiago eta erabiltzaileetan ez ezik, enpresa eta plataformen artean nabarmen zabaltzen ari den kriptomoneta da. Pribatutasunari eta segurtasunari buruzko kezketatik hasi eta zentralizaziora eta ingurumenaren gaineko eraginera arte, arrazoi asko daude moneta honen etorkizunean eszeptikoak izateko. Irtenbide azkar eta errazak bilatu beharrean, finantza-sistema bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraiki behar ditugu, pribilegiatu gutxi batzuen eskuetan utzi gabe. Horretarako bidea, erregulazio azkarra.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK