No future: oraindik egoeraren diagnostikoan

"Nire plana zen liburuaren lehen erdia erabiltzea egoeraren diagnostikoa egiteko eta beste erdia konponbideak plazaratzeko. Alta, arin jabetu nintzen egoerak ez duela konponbiderik, eta ondorioz, liburuaren bigarren erdia ere diagnostikoak bete zuen". Hitzok Héctor García Barnés madrildar kazetari eta idazlearenak dira, Futurofobia. Apokalipsiaren eta nostalgiaren artean harrapatutako belaunaldia bere saiakeraren harira. No future lelopeko Bilboko Urbanbat arkitektura eta hirigintza jaialdiko azkeneko mahai inguruan parte hartu zuen Hectorrek, klima-aldaketa aztergai duen BC3 zentroko ikertzaile Julia Neidig eta Jaione Ortiz de Zaraterekin, eta lerro hauek idazten ari den honekin batera, Zorrozaurreko La Terminal aretoan, iragan azaroaren 18ko arrats euritsuan.

Jaionek, Juliak eta BC3n lankide duten Maria Ruiz de Gopegik No future? Futurofobiatik paralisi klimatikora izeneko panela antolatu zuten, hiru zatitan bananduz: oraina, iragana eta etorkizuna. Helburua, 1980ko urteetako punkak nagusi zen miseriaren aurrean agertu zuen etsipena ikertzea, baita Bilbo handian gertatutako eraldaketa sakona ere, eta azkenik, etorkizun posibleen idei eta konponbide berriak (etorkizun “futurofilikoak”, alegia) sortzea. Musikaren eta hiriaren ikuspegitik hausnartu genuen laurok, ikuspegi ezberdinei buruzko klima- eta gizarte-eztabaida sustatzeko intentzioarekin.

Lehenik, orainaren diagnostiko gisa, Hectorrek bere liburuaren nondik norakoak azaldu zituen eta Espainiako 1990eko hamarkadako urte loriatsuak aipatu, besteak beste. Ondoren, iraganari buruzko gogoeta egitea egokitu zitzaidan niri, 160 metros dokumentala abiapuntu izanda eta Eskorbuto eta Zarama talde santurtziarren bi bideoklip hizpide hartuta: Ratas de Bizkaia eta Ezkerralde, hurrenez hurren, zeinetan punkak jaio berri zen euskal zinemarekin zuen lotura zuzena egikaritzen den, Alex de La Iglesia, Imanol Uribe, Enrique Urbizu, Ana Murugarren, Ibarretxetarrak eta enparauekiko lotura. 1990eko hamarkada erdirako, bai Eskorbuto, bai Zarama, euren ibilbidearen amaierara iritsiak ziren. Euskal zinemagilei dagokionez, gehien-gehienak Madrilera joan ziren bizitzera. Guggenheim museoa inauguratu zenerako, punkak ekarritako eferbeszentzia artistiko eta kulturala ia guztiz desagertua zen.

Azkenik, Juliak eta Jaionek etorkizunari buruzko ikuspegi zientifiko-filosofikotik paralisiari eta horrek hondamendi klimatikoan duen eraginari buruzko diagnostikoa aurkeztu zuten. Oso kontu interesgarriak jarri zituzten mahai gainean, hala nola aurten 50 urte konplitzen dituen Hazkundearen Mugak txostena, Donutaren ekonomiaren teoria (Filadelfiako edota Amsterdameko kasuak aipatuz), eta baita egunerokotasuna eta herritarren parte-hartzea ekintza klimatikoaren ardatz gisa ezartzearena ere.

Hitzaldia bukatu zenean, La Terminaleko zorua xukatzen ari ziren hango langile bi. Euria gogotik ari zuen, baina ur hura ibaia berarena zela esplikatu ziguten. Eta horrek oso pentsamendu apokaliptikora eraman ninduen: etorkizunik duen bakarra ibaia ez ote den izango. Rui-Wamba ingeniariak esango lukeen moduan, ezer ez zegoenean jada bazen ibaia, eta inor ez dagoenean geratuko den azkena izango da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK