Orain ez bada, noiz?

Urte bete pasa da Galesko gobernuak errepideak eraikitzeko proiektu handi gehienak bertan behera utzi zituenetik, garraio publikoa indartzeko inbertsioen mesedetan. “Burutazio burugabea” zela esan zuten aurka jarri zirenek eta txaloka hartu zuten aldekoek. Espero zitekeen legez, arrabotsa handia ez da guztiz baretu.

Neurria ez zen erabaki politiko isolatua izan. 2016. urtean Etorkizuneko Belaunaldien Wellbeing Legea indarrean sartu zen Galesen, gobernantzaren ardatza hurrengo belaunaldien ongizatera biratuz. Garapen iraunkorra gobernuaren eta erakunde publikoen antolaketa-printzipio nagusi bihurtzeko diseinatu zen legedia, eta jauzi hori kudeatzeko, Etorkizuneko Belaunaldien Batzordea sortu zuen. Bere zeregin nagusia da bermatzea erabaki politikoak etorkizun-ikuspegiarekin diseinatuko zirela: unean uneko beharrei erantzun behar die gobernuak, baina etorkizuneko belaunaldien erabaki-gaitasuna arriskuan jarri edo baldintzatu gabe.

Bhutanen nazio-zoriontasunaren indize gordinak hamarkadak bete ditu. 2016an, Arabiar Emirerri Batuek zoriontasunerako eta ongizaterako programa nazionala jarri zuten abian. Galesekin batera, Eskozia, Finlandia, Zeelanda Berria, Islandia eta Kanada Wellbeing Economy Governments elkarteko kideak dira. Gales ez da, beraz, ongizatea BPGaren gainetik lehenesten duen herrialde bakarra; bai, ordea, hurrengo belaunaldienean zentraturiko gobernu-eredua zuzenbidean ezarrita utzi duen lehena.

2024. urte hau aurrekaririk gabeko hauteskunde-agertokia izango da, XVIII. mendearen amaieran sufragio unibertsala ezarri zenetik sekula ikusi gabea, munduko biztanleriaren erdia inguruk hautestontzietara joko baitu aurten. Hauteskunde orokorrak izango dira Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Indian, Mexikon, Hegoafrikan, Taiwanen, Indonesian, Pakistanen, El Salvadorren, Panaman, Dominikar Errepublikan, Ruandan, Mozambiken, Uruguain, Namibian, Ipar Mazedonian edo Errumanian. Presidentea hautatuko dutenak, berriz, Errusia, Venezuela, Finlandia, Azerbaijan, Islandia, Kroazia, Aljeria edo Eslovakia eta Legebiltzarra berrituko dutenak Portugal, Hego Korea, Iran, Bangladesh, Belgika, Austria, Mongolia, Botswana, Georgia eta Lituania. Eskualdeko edo udal hauteskundeak egingo dira Australian, Alemanian, Kanadan, Turkian, Polonian, Brasilen, Txilen edo Bosnian eta Herzegovinan. Eta Hego Euskal Herrian, gobernu-hauteskundeak egingo ditugu udaberria aldean Euskal Autonomia Erkidegoan.  

Zertan nozituko litzateke ikuspegi hori gurera ekarriko bagenu? Neurri zehatzetatik harago, jakin-min (eta inbidia) handia sortu dit Galeseko ereduak, intuizioak esaten didalako gaur egungo eztabaida eta negoziazioetan maiz falta zaigun ikuspegia erdian jartzeak den-dena eraldatuko lukeela: hezkuntza-legea, ingurumen-arauak, politika ekonomikoa, etxebizitza-politikak eta enparauak errotik aldatuko liratekeela uste dut eta. Hobera aldatu ere.

Ameskeria dirudi gaur egun gisa honetako jauzia egitea, baina agian gure buruari galdetuko beharko genioke: ez bada orain, noiz izango da?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK