Pobreziaren paradoxa

Inflazioaren gorakadak eta elikagaien prezioaren igoeraren atakan, “euskaldunok ez gara hilaren amaieran finantza-presioekiko immuneak”, edo hala dio behintzat Estatistika Institutu Nazionalak (INE). Hala ere, bizi-kostuak gora egiten duen bitartean, EAEko pobrezia-tasa %15,5ekoa da, autonomia-erkidego guztien artean txikiena, eta estatuko batez bestekoa baino askoz txikiagoa (%26,5).

Datu hauetan, ordea, ez da dena urre. Egoera beste eskualde batzuetakoa baino hobea den arren, ezin dugu ahaztu oraindik ere familia askok zailtasun ekonomiko handiak dituztela; izan ere, INEren “Bizi Baldintzen Inkesta”ren arabera, 2023an, euskal etxeen %6,3k zailtasun handiak zituzten hilaren amaierara iristeko, %20,6k ezin zien aurre egin ustekabeko gastuei, eta %12.2a berriz pobrezia-arriskuan egon zen. Bizi-kalitatearen zenbait adierazlek okerrera egin dute azken urteetan: hilabete-amaierara iristeko borrokan ari diren etxeen kopurua handitu egin da, baita ustekabeko gastuei aurre egin ezin dietenak edo epekako ordainketetan —alokairua, hipoteka, kotxea, etab.— atzerapenak izan dituztenak ere.

Pobreziak aldaera eta aurpegi ezberdinak ditu, eta Europarekiko alderatuta baxuagoak diren arren, oraindik ere hilaren bukaerara iristeko borrokan dihardutenak 87.387 pertsona dira, eta beste 365.555 beren egoera okertzeko arriskuan daude. Bonu Soziala da kolektibo eta familia ahulenak babesteko neurri nagusia, baina ez da nahikoa. Ikuspegi holistikoagoa eta eraldatzaileagoa behar dugu, pobreziaren aldaera ezberdinen erroari aurre egin eta oinarrizko baliabideak eskuratzeko berdintasuna sustatuko duena.

Eta orain arte asko aldarrikatu badut ere, aldarrikatzen jarraituko dut: gizartearen hezkuntza-finantziero falta. Zorpetze-arazoak dira milaka euskal familiak dituzten arazo nagusietako bat. Gehiengoak ez dugu zorraren kudeaketaren inguruan arrastorik ere, eta honen erabilera txarra da familia askoren mehatxu handiena pobretze egoerari dagokionean. Zoritxarrez hau ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen, familiaren zorpetzea mundu osoko milioika etxeri eragiten dien arazo dramatikoa da. Zorpetzearen arrazoiak askotarikoak dira: finantza-hezkuntzarik eza, gero eta kontsumistagoa den gizarte batean bizi-estandar jakin bati eusteko presioa... Zorrak azkar metatu daitezke, dela ikasle-maileguengatik, dela hipotekengatik, dela kreditu-txartelengatik edo mailegu pertsonalengatik, eta, sarritan, etxeko finantza karga honek estres eta osasun mentala okertzearen iturri bihurtzen da. Hori ere pobrezia da.

Zifrak hobetu direla dirudien arren, badago pobrezia Euskal Herrian eta orain hauteskundeak datozen honetan, zuhurtziaz eta errespetuz landu beharreko gaia izan beharko du. Ekonomikoki zaurgarriak diren kolektiboak datorren legealdiko politika publikoen erdigunean jarri behar ditugu eta familia guztien egoera ekonomikoa eta beraz, osasun mentala ere bermatu. Kontsumitzaileak gehiegizko mailegu eta finantza-jardueretatik babesteko politikak eta erregulazioak ezarri behar ditugu eta zorretatik ateratzeko borrokan ari direnei finantza-aholkularitzako programetarako sarbidea eskaini.

Familia guztiek aurrera egin eta beren ahalmen ekonomiko eta sozial onena lortzeko tresnak eta ezagutza eskaintzen duen herrialde bat eraiki dezagun, pobreziaren prebentzioan indar gehiago egin eta dagoeneko egoera honetan dauden familiekin orain arteko lana indartu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK