Tasa turistikoa, eta zer gehiago?

Turismoa egungo euskal hiriburuen —batik bat Donostian— funtsezko motor ekonomiko bilakatu da inguruak eskaintzen duen edertasunari, kulturaren aberastasunari eta besteak beste, gastronomiaren bikaintasunari esker. Milioika bisitari erakartzen dituzte urtero eta izugarrizko etekina ateratzen ari zaizkie gure udal-gobernuek. Aitzitik, arrakasta horrek kostu bat du, turismo masiboak baliabideak gehiegi ustiatzea, barneratzea eta tokian tokiko nortasuna galtzea ekarri baitu azken urteotan. Horren adierazle da, esate baterako, Donostiako Parte Zaharra, non auzoko gazteak beste auzo edo herrietara joan diren bizitzera, betiko dendak “pintxo-barra” bilakatu delako, eta bizilekuak hotel bihurtu dituztelako.

Eta orain tasa turistikoa, turismoak hirian duen eragina arintzea helburu duen zerga. Donostian turismo tasa ezartzea urrats egokia deritzot eta norabide horretan egin behar dutela gainontzekoek ere. Erabaki horrekin, nahikoa izango ez den arren, tokiko administrazioa esaten ari da turismo iraunkorraren beharra onartzen duela: “bai, ados gaude hau ez dela jasangarria hiriarentzat eta zerga bat beharrezkoa dela”. Beste batzuek honakoa gaineratuko lukete: “eta prest gaude bizilagunen bizi-kalitatea zaintzeko neurriak hartzeko”. Baina tasa turistikoak zertan eragingo du herritarron bizitzetan? Bizi-kalitatea zein zentzutan hobetu dezake? Kaleko narrioak, zerbitzu publikoen hondatzeak, eta oro har, hiriaren kalte materialen ordain gisa erabil dezake administrazioak tasa turistikoa, baina bada tasa batek ordain ez dezakeen kalterik: auzo-bizitza eta herri-kohesioa.

Neurriok ez dira nahikoa turismo masiboa eta haren ondorio kaltegarriak zuzentzeko. Turismo-tasak diru-sarrera esanguratsuak sor ditzake bai, baina funts horiek tokiko azpiegitura hobetzeko, ingurumena babesteko eta kultura-ondarea zaintzeko erabiltzeaz gain, turismo-ostatuen erregulazioaz, turismo arduratsuaren sustapenaz, eta bisitarien zein egoiliarren turismo-hezkuntza jasangarriaz jardun beharko genuke. Tasa turistikoa herriko inpaktu okerrak arintzeko estrategia oso baten atal ekonomikoan kokatu beharko genuke, baina inpaktu-soziala edota ingurumen inpaktua albo utzi gabe.

Tasa turistikoa osagai bat baino ez da, gure herrietan turismo masiboak dituen eragin negatiboak arintzeko behar diren estrategien sorta zabalean. Honen bueltan aritu da Stefanie Ntregka herbeherearra orain arte ikertzen Donostian: turismoak sortzen dituen konflikto eta inpaktutik nola kanalizatu herritarren partehartzea eta deliberazioa. Stefaniek proposatzen duenetik eta “egin behar dena” albo utzita, hona hemen proposamenak.

Ostatuen erregulazioa arautu beharra dago. Nahitaezkoa da bizitoki horien kontrol eta mugatze bat egitea, bizilagunek etxebizitza izan eta auzoak nortasunari eusteko. Horrekin harreman zuzena duen bigarren proposamen bat partaidetza komunitarioarena da: egoiliarrak plangintza turistikoan sartzeak haien kezkak eta beharrak kontuan hartzea bermatzen du, eta gauden egoeran egonda, lehentasun bat izan beharko litzateke nahitaezean.

Eta azken bat: turismo arduratsua sustatzea. Turismo-enpresekin praktika arduratsuak sustatu beharko lirateke turista talde txikiak eta tokiko giden lan errespetatuz, auzoko eta kaleetako bizitza erosoagoa izan dadin.

Oro har, beste proposamen batzuk sustatzeaz ari naiz, tasa turistikoarekin batera martxan jar daitezen eta Donostiako bezalako hiri baten egitura ekonomiko guztia ezbaian jarri baino, epe luzera jasangarriagoa izango den turismo eredu bat sustatzeko. Turistak erakartzea ondo dago, baina etorkizuneko belaunaldientzako ondarea, ingurumena eta bizi-kalitatea ere barnebiltzen duen hiria ere nahi dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK