Termostatoa politikoa da

Erraz edo majo kostata, baina ohitu behar dugula esan digute. Datorren neguan gasaren hornidura ziurtatuta ez dagoenez gero, berogailua 19 gradutan jartzeko gomendioa eman dute Bruselako agintariek eta udan aire girotua 25 gradutik behera ez jartzeko ere esan dute. Iragarpenak berehalako eragina izan du nigan: egunotako beroak zapla eginda ere, hotzikara sentitu dut, gomendio hauek iradokitzen duten panorama latza baita. Energiaren kontsumoan %15 aurreztea da helburua eta oraingoz derrigorrezkoa izango ez bada ere, ikuskizun da zer jazoko den horniduraren erritmoa egiazki moteltzen bada.

Gutxi da? Asko da? Lortu nahi den aurrezkia eman dute ezagutzera, baina batezbesteko tenperatura horiek nola ezarri diren ez zait batere argi geratu. Susmatu genezake, baina, 'batezbestekotzat' jo ohi den horrek baduela, atze-atzean ezkutuan, nolabaiteko araua. Eta orokortzat hartzen diren neurri ia guztiekin gertatzen den bezala, genero-ikuspegia kontuan hartu ote den galdetzen diot nire buruari.

2015. urtean, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek dokumentatu zituen 1960 hamarkadaz geroztik bulegoetako ohiko tenperatura arautzeko eredu gisa erabili den langile prototipoaren ezaugarriak: gizon zuria, 40 bat urte ingurukoa, 70 kilokoa, eta txaketa eta gorbataz jantzita lanera joaten dena. Haren erosotasuna helburu hartuta ezarri dira berogailuko tenperaturak eta denborak.

Unibertsaltzat hartzen duguna maiz, ia beti, gizona eredu hartuta erabakitzen den dena delakoa da, baina errealitatea askoz anitzagoa da hori baino. Ziur naiz hamaika aldiz izan duzula, irakurle, sesioa, aire girotua altuegi edo baxuegi dagoelako, berogailua piztu edo ez piztu, lantoki ia guztietan izaten baita eztabaida bera. Emakumeak eta gizonak ez gara berdinak hotzaren eta beroaren aurrean. Intelektualki eta fisikoki ez dugu berdin erantzuten, eta oro har, hotzarekiko sentikorragoak gara emakumeak.

Eta hau ez da gustu edo pertzepzio kontu soila: Kaliforniako Unibertsitateko Marshall Negozio Eskolak (AEB) eta Berlingo Gizarte Zientzien Ikerketa Zentroak (Alemania) elkarrekin egindako ikerketak baieztatu zuen emakumeen garunak gizonenak baino errendimendu handiagoan funtzionatzen duela giroko tenperatura altuagoa denean. 17 eta 55 urte bitarteko 500 pertsona baino gehiago jarri zituzten lanean, termostatoa 16 gradu eta 32,7 gradu artean aldatzen zuten bitartean. eta emaitza argia izan zen: matematikan eta hitzezko dimentsioetan tenperaturak emakumeen emaitzetan izan zuen eragin gehien. Egokitzapenaren datuak aztertuta, ondorioztatu zuten emakumeentzako erosotasun-tenperatura 25 gradukoa den bitartean, gizonena 22 gradukoa dela.

Termostatoari eraginda lor daitekeen aurrezkiaz zalantzarik ez dut, baina beste behin ere, emaitzetara iristeko ahalegina ez dela berdin banatuko nabarmen ageri da. Ohiturak aldatzeko prest egonda ere, ez legoke gaizki eskatzen den ahalegin horren arrazoiez eta irizpideez gain, beste elementu batzuk ere kontuan hartuko bagenitu. Nola lanean, hala etxean. Ez dago jakiterik, zehatz-mehatz, zenbat denbora behar den ohitura berri bat zure bizitzan txertatzeko. Zenbat aldiz errepikatu behar da ohitura-ernamuin hori noizbait ohituratzat hartu ahal izateko? Eta nork sortzen ditu ohiturak? Termostatoa ere, politikoa da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK