Urbanitak landa-eremuan

“Abesti honek sekula bizi ez dudan bizitzaz nostalgiko jartzen nau”. Halaxe dio Bayard Miller izeneko morroi batek Pavement talde estatubatuarraren Range Life abestiaz youtuben utzitako iruzkinean. Erabat ados nago hark esandakoarekin, abestiari nolabaiteko nagitasun malenkoniatsu bat dariolako: “I want a range life, if I could settle down”. Landan bizitzea gura nuke baina, horretarako, arrastoan sartu beharko nintzateke-edo zioen errepikak. Pavementen abeslari Stephen Malkmus irudikatzen nuen parranda ostekoren batean nazka-nazka eginda bere burges bizitzarekin, Kaliforniako Stockton bere jaioterriko hiritik landara alde egiteko irrikaz. Ederraren bila, nolabait.

Kontua da, range gaztelerazko rancho bezala nuela eta, beraz, landa bizitzaz ari zela uste nuela. Geroago jakin nuen range egiazki frantsesaren rangéetik zetorrela, alegia, bizitza ordenatua zela Malkmusen benetako desira. Leloaren bigarren zatiko settle down hura, berriz, gazteleraz sentar la cabeza eta euskaraz arrastoan sartzea da. Bizitza ordenatua izan dezazun, arrastoan sartu behar zarela aurrena. Hiriko bizitzaren anabasaren eta kaosaren aitzinean, herriko bizitza armoniatsu, idiliko eta ordenatua.

Bartzelonako turismo masiboa atzean utzi eta Gironako herrixka batera arrastoan sartzen da Suro pelikulako arkitekto bikote protagonista. Helena (Vicky Luengo) haurdun da, eta landetxe baten jabetza jaso du oinordetzan. Artelatz-baso zabal bateko kortxoa —suro, katalanez— ustiatzea erabaki du Ivan (Pol Lopez) senarrarekin batera. Haatik, lehen sektoreko proiektu horretatik, artelazkia ekoiztetik, bizitzea zail izango dute. Batik-bat artelatzaren azala 10 urtean behin soilik moztu eta bildu daitekenez —la pelá izenez ezagututako estrakzio-prozesuaren bidez—, enpresa aski errentagarria izango ez delako.

La pelá horretatik ateratako mozkina landetxea erreformatzeko lanean inbertituko dute. Horrela Helenak diseinatu duen etorkizuneko etxe lirain eta modernoa —diseinu pijoa, Ivanen irudiko— eredu bihurtu nahi dute beste baserri edo landetxe gehiago biziberritzeko, edo zerotik eraikitzeko. Hots, haiek bezalako urbanita gehiagori saltzeko, hala nola lehen sekuentzian offean agertzen den Bartzelonako lagunari, kooperatiba sortu berria itxi eta gurasoen etxera itzuli behar izan zuena. Donostiako Zinemaldian sail ofizialean estreinatu zen Mikel Gurrea gidoilari eta zuzendari donostiarraren Suro euskal-katalan koprodukzioa. Abenduaren 2tik aurrera ikusi ahal izango da zinema-aretoetan.

Pavement hitzak espaloi esan nahi du. Ez zait okurritzen hitz hiritarragorik, ezta kaletartasuna hobekien deskribatzen duen euskarazko abestirik Itoiz taldearen klasiko hura baino: “Hor hago espaloian…. Semaforo gorrian… Zulo baten sartua, arrisku ederra...”

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK