Zaharregia

3 urte bete gabe sartu nintzen lehen aldiz ikas-gela baten, haur-eskolan. 40 bat ume adinkide ginen bertan, bi gelatan banatuta, A eta B, zaintzaile banarekin. Auzo berekoak ginen denok, eta elkarrekin igaro genuen haurtzaro osoa, eskolan eta eskolatik kanpo. Batxilergoan taldeak banatu ziren arte, nire 'lagun-taldea' enpresa ertain bat baino handiagoa izan zen. Urte batzuk geroago, nire alabak jaio eta haur-eskolara eraman nituen lehen egunean, kezkaturik irten nintzen gelatik, bi zaintzaile 'bakarrik' zeudelako hamabi umeko taldea gobernatzeko.

2010ean, etxe baten batez beste 2,3 pertsona bizi ginen Europan. 2019. urtean hiru etxetik batean pertsona bakarra bizi zen. Seme-alabarik gabeko bikoteak eta bakarrik bizi diren pertsonak etxe-unitateak dira urtez urte handitzen joan diren bakarrak. Inguruari erreparatzea besterik ez dago joera horretaz ohartzeko. Jolas-eremuetan txakurrak nagusitu zaizkie haurrei. Euskal Herriko daturik ez dut ezagutzen, baina ez gara oso urruti ibiliko Espainiakoetatik: jadanik haurrak baino ugariagoak dira maskotak, 30 milioi azken datuen arabera.

Arazoa ez da zahartzea. Aitzitik, hori lorpen gisa hartu eta aitortu beharko genioke elkarri, kontrakoa ongizatea zabaltzeko azken hamarkada hauetan egin dugun aurrekaririk gabeko ahalegin eta inbertsioen huts nabarmena litzatekeelako. Batez beste, gu eta gure ondorengoak denbora luzeagoan eta osasun hobearekin biziko gara, jaiotzako bizi-itxaropena 10 urte inguru luzatu baita gizonentzat zein emakumeentzat azken bost hamarkadetan.

Arazoa ez da belaunaldi gazteek haurrik ez izatea aukeratzea, erabaki horretara derrigortuta iritsi direla ondorioztatzea baizik. Ekonomikoki prekarizatu gara demografikoki zahartu garen erritmo ia bertsuan; lotura aski zuzena iruditzen zait niri. Kausa-efektu sinplerik ez dago, alta, auzi honetan. Beste zenbaitekin batera, genero-ikuspegia txertatu behar da analisian, era egoki eta orekatuan elkar nola zainduko dugun oraindik ez baitugu asmatu eta hori egin ezean, emakumeon bizkar gainean geratzen da.

Mataza ez da hari-mutur bakar batetik tira eginez askatuko: erronka demografikoa sistemikoa da, beraz, sistematikoki egin behar zaio aurre. Beraz, orekan datza gakoa: neurri pizgarriak behar dira jaiotze-tasa emendatzeko, jakina, baina maila guztietan eragin behar da eta aldi berean, gainera.

Besteak beste, zaintzaren ardura behingotik nola partekatzea nahi dugun erabaki behar dugu, eta hori etxekoen artean adostuta ez da nahikoa izango, lanaren munduko eragileen inplikazioa eta gizarte-zerbitzu publiko eta kalitatezkoak ezinbestekoak baitira. Bizitza-proiektu autonomoak garatzeko bitartekoak eskaini behar ditugu, eta horrek soldata duinak, lanaldi osoak eta etxebizitza-politika egokituak bultzatzea eskatzen du.

Belaunaldi pare baten piramide demografikoa gizenduz joan da erdigunetik gora, eta mehetuz, berriz, gizarte baten egiturari eutsi egiten dion oinarrian. Prozesu bizkorra da, eta azeleratzen ari da, nabarmen. Bonba demografikoa eskuartean lehertu zaigu jadanik, nahiz eta oraindik askok etorkizun-arazotzat jotzen duten. Demografia ez da etorkizun-mehatxua, orainaldiari eragiten dion erronka baizik. Hel diezaiogun ganoraz, beranduegi —eta zaharregi— izan baino lehen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK