Zaintza: azken rokanrola

Azken urtean hazi egin da nabarmen aurretiazko borondatea agiri batean jasota uzten duten pertsonen kopurua. 2022an 5.393 herritarrek laga zuten idatzita EAEn zein tratamendu mediku eta zein ez jaso nahi duten bere borondatea adierazi ezin dutenerako. Nafarroako Foru Erkidegoan 1.609 herritar izan ziren bere azkenaurreko egunetan, bere buruaren kontrola ez daukatenean, zer izan nahi duten erabaki dutenak idatziz erregistro batean. Oro har, igo egin dira notarioek pertsona nagusien borondatearen inguruan sinatutako agiriak ere, hala nola ahalordetza prebentiboak (norbere borondatea adierazi ezin denerako beste pertsona bat izendatzea norberaren izenean jardun dadin). Ikusten dena da gizartean gero eta arreta handiagoa ematen diogula gure buruaren ez-jabe garen kasuei aurre hartzeari.

Aurretiazko borondateen agiriak, bizitza testametua moduan ere ezagutzen dena, bermatu egiten du norberaren borondatea adierazi eta errespetatu egingo dela borondatea adierazteko gaitasuna galtzen denean. Helburua norbere buruaren gaineko erabakiak hartzerakoan autonomia pertsonala bultzatzea da, norberak erabaki dezala norberari egin beharrekoa.

Borondatea aurretik adierazterakoan irudikatu behar dugu zein bizitza (ala ez bizitza) mota izan dezakegun ezintasun egoera batean, zein tratamendu nahi ditugun edo zeintzuk ez ditugun nahi, nola eragingo digun desgaitasunak eguneroko bizitzan, eta nola aurreikusi dezakegu bizi nahi dugula azken rokanrolaren sasoi hori. Funtsean, erabaki dezakegu zaindu gaitzatela nahi dugun, eta, horrela bada, nola eta zein egoeratan.

Zaintzarako eskubide kolektiboa eta zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko deitu den grebarako hasi da motorrak berotzen mugimendu feminista. Azaroaren 30era bitartean zaintzaren pribatizazioaren aurka egingo du mugimenduak, eta zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza eskasak dauzkaten zaintzaile langileen egoera salatuko du. Ez baita gutxi batzuri eragiten dien arazoa, gizartearen muinean kokatzen den arazoa baizik: uneren batean guztiok behar dugu zaintza, zaindu eta zainduak izan, subjetu aktibo zein pasibo. Eta zaintza ezin da norbere kontu korrontearen araberakoa izan, ezta inguruan dauzkagun ama, alaba edo arreben bizkar geratu ere. Era berean, zaintzaileek, kolektibo feminizatua, oro har arrazializatua eta pobrea, duintasuna eta ikusgarritasuna behar dute.

Bizi itxaropenaren luzatzeak gero eta zahar gehiago dagoen gizarte batean, ispiluaren aurrean jartzen gaitu denok. Sumatzen da herritarren artean kontzientzia hartze bat, prestatze bat, egunen batean egunsenti berri batek zentzua galtzen duen kasurako. Gure burua babesteko neurriak hartzeari ekin badiogu azken rokanrolerako, zergatik ez dugu babes hori modu duin eta ganorazkoan antolatzen?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK