Ta zer ez da berdin

Mierda de ciudad antzezlan fina ikusteko aukera izan genuen joan zen asteburuan, Olatz Gorrotxategirena. Ikustekoa. 1980ko hamarkada Euskal Herrian, punka eta RRVa western kutsuarekin kontatuta. Guretzako lehenak izan ziren rock kontzertuak; 1983 urtea aipatu zuten, nik Hertzainak taldearena Eibarren ikusi nuen urtea. Agertzen dira sasoiko gertaerak ere, neurri batean punka eta rock erradikalari bidea ekarri ziotenak: industria-birmoldaketa, zaldia, kasetteak, polizia, nuklearrak. Eta orduko gizarteari marko osoago bat jarri ahal izateko, aipatzen zuten garaiko gertaera ekonomiko eta sozial garrantzitsu bat: % 25eko langabezia-tasa. Beharbada ez oso zehatza, baina bai oso gertukoa.

Ezin baita ulertu 1980ko hamarkadako gure historia musikarik barik, baina ezta langabezia ikaragarriak sorrarazi zuen paisaia beldurgarririk barik ere. Industria-birmoldaketak, ordura arte ezagutu genituen industria handien krisiak eta berregituraketak, milaka langile utzi zituen kalean (gure gurasoak), itxaropen eskasa eman zion gazte belaunaldiari (guri) eta industrian oinarritutako hirien gainbehera ekarri zuen (gure herriei). Langile aurrejubilatu pobreak, langabezia saribako langabetuak nonahi, negozioen itxiera, eta gazteen arteko langabezia-tasa jasanezinek osatu zuten garai hartako argazkia.

Antzezlanean 1980ko hamarkadako mundua ikusten ari ginela, ezin aste horretan bertan argitaratutako langabezia datuekin erkatu gabe geratu: %8,45ekoa Hego Euskal Herrian. Bistan da historiako beste sasoi bat dela eta gauza batzuk aldatu egin direla. Hala ere, kontuak ez zaizkigu horren modu zuzenean hobetu: lana duten pertsona gehiago dago, bai, Gizarte Segurantzan afiliazioak gora egin du, bai, baina langabetuen %54k ez dauka langabezia-saririk, negozioak ixten dihardute, eta ostalaritzan eta zerbitzuetan oinarritutako langile pobrez bete zaizkigu hiriak. Gazte belaunaldiak (gure seme-alabak) itxaropena badu, lana izan dezake, baina soldatak murritzak dira, eta lan-ziurtasuna, gure gurasoek ezagutu zutenaren aldean, urria. Ezin dugu langabezia datu 'onarekin' geratu, soldata txikien eta lan baldintza eskasen arazoari aurre egiteke gaudenean.

Bistan da 1983tik hona panorama ekonomiko soziala ikaragarri aldatu dela, orduko sasoia gazteei kontatu beharreko memoria ariketa bat ere badela, Mierda de ciudad antzezlan ona tarteko. "Gauza batzuk aldatu dira", aitortzen nion neure buruari antzokitik ateratzerakoan, "baina beste batzuk orduko jarraipena baino ez dira", pentsatzen nuen Hertzainak BECen ikusteko sarrera gordeta daukadan sakelakoa ferekatuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK