Zerrendak eta aurreikuspenak

Biak ala biak, alferrik izaten dira kasu gehienetan. Igande arratsaldean hurrengo asteko zereginen zerrenda egiten duen horietako bat naiz, beraz, pentsa, irakurle, zer ez ote den izango urte hasierari begira jartzen naizenean. Bada, munta handiagoko aurreikuspenekin beste horrenbeste gertatzen da. Urte zaharraren azken asteetan kontaezinak dira hurrengo urtean zer espero dezakegun aurreratzen diguten aditu eta sasiko adituen iragarpenak. Ezertarako balio ote duten galdetzen badiozu zure buruari, begiratu itzazu joan den urtekoak eta atera kontuak.

Egiaztatzen ez diren iragarpenentzat leku zehatz bat egon behar du infernuan, nik uste, eta egiaztatuko ez direlako iragarpen katastrofistak egiten dituztenentzat zer esanik ez. 2013an Oxfordeko bi ikertzailek lan bat argitaratu zuten esanez lanpostuen % 47 desagertu egingo zirela hamarkada baten, robotek eskulana ia osorik ordezkatu egingo zutelako geurea bezalako ekonomia garatuetan. Gogoratzen duzu? Paketeen etxez etxeko banaketa irauliko zuten robotek, modu autonomo batez makina batek egin lezakeen guztia egingo zutelako. Kalapita zetorren, eta zentzuzkoa zirudien iragarpenak… huts egin duena, nabarmen. Produkzio sistemak automatizatu dira galanki hamar urte hauetan, enpleguaren egitura aldatu egin da, baina lanpostuak sortzeko gaitasunari eutsi dioten enpresak industria-eredukoak dira, eskulanaren belaunaldi berrirantz urratsak egin dituztenak, sistema autonomoak eta giza-gaitasunak uztartuta. Gure ekonomiek produktibitate-hazkundearen erritmo geldoak izaten jarraitzen dute, “geldialdi sekularra” deitu den hori, baina enplegu industriala, kontzeptu gisa, ez da ordeztu.

Orain Adimen Artifizialaren arora buru-belarri sartzen ari garela, doinu ezaguna egiten zait ChatGPT eta enparauekin hondamendira goazela diotenen erretolika.

Gauza bat da teknologia baten ahalmen disruptiboa, eta beste bat, oso bestelakoa, teknologia horretara egokitzeko beharra, aukerak edo mugak, eta alde hori oso da nabarmena aldakortasun handiko testuinguru batean. Adimen Artifizialak hornitzaileak kudeatu ditzake, baina tokian tokiko esparru juridikoen mugak, negoziazio kolektiborako akordioak, soldata-mailak edo negozio-estrategiak nork txertatuko ditu aintzat hartzeko irizpideen artean?

Mende honetako bigarren hamarkadan Volkswagenek aparteko inbertsioak egin zituen autoen muntaketa-lineetan produktibitatea hobetzeko automatizazioan eta garai bertsuan, Toyotak, autogintzako munduko enpresarik eraginkorrenak, robotak kendu zituen hainbat muntaketa-lerroetatik fabrikek merkatuen aldakortasunari hobeto erantzuteko. Zeinek asmatu zuen? Seguruenik biek. Ziurgabetasuna hauxe da, lagunok.

Aldaketa teknikoen erritmoa ez da homogeneoa, gizarte batek bere barne kudea dezakeenaren baitan dago-eta. Automatizazioarekin eta digitalizazioarekin lanpostu batzuk desagertu dira, baina gehien-gehienak edukiz aldatu baino ez dira egin.

Alferrik izan daitezkeela dakigularik, aurreikuspenak egiteari utzi behar diogu, beraz? Inondik ere ez. Maya Angelou handiak eman zigun erantzuna munduan zein aldarterekin bizitzea komeni den idatzi zuenean: “Onena bilatu, txarrenerako prest, eta tartean ezerk harritu gabe”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK