Zeu produktua zarenean

Denboran ia bat egin zuten duela egun gutxi datu pertsonalak babesteko nazioarteko egunak, eta Bilbon begiko irisa eskaneatzeko jarri duten makina berriaren inguruko albisteak.

Gazteek kontatu zidaten poltsikoa apur bat betetzeko modutxo bat topatu zutela: merkatal zentrora joan eta irisa eskaneatu, 20 eta 30 euro ingururen truke. Irisa saltzen dute, alegia, beren datu biometrikoak saltzen dituzte, ez dakite zein erabilerarako, bi zinema sarreraren kostuaren truke. Bilbokoa ez omen da kasu bakarra, eta hedabideek esan dutenez, otsailaren 1erako 3 milioitik gora lagunek 120 estatuetan oparitu diote Worldcoin enpresari (ChatGPTren sorreraren atzean dagoen San Altman partaide duen horri) beren irisa barre-prezioan.

Ez dago argi datuen zein tratamendu egingo duen enpresa horrek, ezta zein datu transferentzia egingo den ere. Jakin badakiguna da datu biometrikoak Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, datu bereziak direla, eta, beraz, tratamendu eta babes berezia eskatzen dutela. Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak salaketa jaso du, eta ikerketa abiatu. Ikusiko dugu ebazpena eman orduko zenbat diru-premiatsuk oparitu dioten beren gorputza eta daturik oinarrizkoenak Worldcoin enpresari.

Aipatutako albiste horren berri izan nuen egun beretsuan iritsi zitzaidan giza gorputza merkatal produktu gisa erabiltzearen bigarren adibide bat. Emakume gazte batek kontatu zidan bere soldata txikia osatzeko obuluak eman ohi zituela. Emanaldi bakoitzeko ordaintzen dizkioten 1.400 euro ingururekin hilabete batzuk borobiltzen ditu. Kasu honetan, obuluak ematea Lagundutako Ugalketa Legean aurreikusita dagoen doako kontratu bat da. Ez dago ordainsaririk, molestia fisikoak eta sortutako gastuak estaltzeko kopuru bat baino ez da ezartzen. Baina errealitatea da badaudela emakume gazteak bizibidetzat baliatzera behartuak. Eta kontuz, obuluak ematea ez da esperma edo odol ematea bezalakoa, arriskuak sor ditzake emakume emalearentzat, ordain truke emakumeak onartu baino ezin dituenak.

Datu biometrikoak edo obuluak ematerakoan egiten den kontratua ez da zerbitzuak errentan emateko kontratu bat, pertsonaren identitatea edo pertsonaren gorputz zati bat ematen da. Eta kontratua egiterakoan ez da ia ezagutzen kontratugile hartzailearen nortasuna edo ezaugarriak.

Interneten hasi ginenean ikasi genuen interneten doanik eskuratzen genituen gauzen truke gure datuekin ordaintzen genuela. Produktuarengatik ordaintzen ez baduzu, zeu zara produktua. Maila bat harago joanda, produktuarengatik ordain merke-merkea ematen badizute da zeuk sekulako produktua ematen duzulako: zu zeu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK