Automobilgintzaren fabrikazio aurreraturako ikerketa zentroaren irekiera onartu du Jaurlaritzak

2025eko abendua baino lehen zabalduko ditu ateak Gasteizen Basque Automotive Manufacturing Centerrek. 12,5 milioi eurorekin lagunduko du Jaurlaritzak

Argazkia: Irekia Argazkia: Irekia

Automobilgintzako fabrikazio aurreratuaren ikerketa zentroa sortzeko proiektua abiatu du gaur Eusko Jaurlaritzak. 2025eko abendua baino lehen zabalduko ditu ateak Gasteizen Basque Automotive Manufacturing Centerrek (BAM). Iñigo Urkullu lehendakaria proiektua bultzatu duten enpresekin bildu da gaur, hala nola, Mercedes-Benzekin, Gestampekin eta Mondragon taldeko MB Sistemas enpresarekin.

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 12,5 milioi inguruko dirulaguntza bideratuko du proiektu honetara. "Zentro berriak prozesu-teknologia berriak eta sistema adimendunak diseinatu eta garatuko ditu, etorkizuneko ibilgailu elektrikoa eta konektatua fabrikatzeko. Ezagutza hori sortzeko, elkarlaneko ikerketarako azpiegiturak ere izango ditu", adierazi du Arantxa Tapia sailburuak bilera amaitzean.

Automobilgintza sektoreak jasangarritasuna du erronka nagusietako bat, eta isurien murrizketa geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari da, ibilgailu elektrikoaren garapena bultzatuz. Hala, Jaurlaritzak “beharrezkotzat” jo du EAEn ikerketa zentro bat izatea. Bertan ibilgailu elektrikoa garatzeko funtsezkoak diren teknologia nagusien ezagutza bultzatuko dela jakinarazi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK