Abian dira Mubilen egoitza berria eraikitzeko lanak

Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean kokatuko da eraikina, eta ia 10.000 metro koadroko espazioa izango da. 14,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta lanak 15 hilabetetan gauzatuko dira. 2024rako guztiz martxan izatea aurreikusten dute

Mubil egoitza berriaren aurkezpena, gaur goizean, Eskuzaitzetan | Argazkia: Mubil Mubil egoitza berriaren aurkezpena, gaur goizean, Eskuzaitzetan | Argazkia: Mubil

Gaur jarri da sinbolikoki lehen harria Mubil Mugikortasun Berriaren zentroko egoitza berria eraikitzeko, Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean. Aurkezpenean parte hartu dute Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Ane Insausti Mubileko zuzendariak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko diputatuak, eta Ana Camacho Eusko Jaurlaritzako Energia eta Industria Trantsiziorako zuzendariak.

Egoitza berria egiteko guztira 14.2 milioi euroko aurrekontua izango da, eta lanek 15 hilabete irautea aurreikusten dute, baita 2024rako martxan egotea ere. Ia 10.000 m2ko espazioan, eraikin nagusiak 4.900 m2ko espazioa hartuko du, eta bertan izango dira showrooma, bulegoak eta ekintzailetza proiektuak martxan jartzeko coworking espazioa. Era berean, aipatutako espazioan hiru laborategi izango dituzte. Handiena 2.200 m2koa energia biltegiratzeari lotutako balio kate guztiarentzat izango dira. Egun duten behin-behineko egoitzan dagoeneko badago halako laborategi bat, Cidetecek kudeatzen duena, eta Eskuzaitzetakoa ere haiek kudeatuko dute. Horrekin batera, trakzio sistema edo power train deritzonari lotutako laborategia izango da bigarrena, 1.900m2koa. Laborategi txikiena, 600m2koa, hidrogenoari lotutakoa izango da. Izan ere, mugikortasun berrian rol garrantzitsua izango du honek.

Aipatutako espazioaz harago, industrialde berdinean beste esparru bat erosi dio Aldundiak Donostiako Udalari, kasu honetan 38.000 m2 ingurukoa, eta mugikortasun berriari lotutako enpresak bertan jartzeko. Hala, arloari lotutako polo garrantzitsua izan nahi du Zubietakoak, hori baita Mubilen helburu nagusienetako bat.

Informazio gehiago
Ane Insausti Altuna: "Mugikortasuna aldatzen ari da dagoeneko"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK