Arabako bost mahasti berri Errioxako sor markan egongo dira

Nekazaritza Ministerioak hamabi mahasti berri Errioxako sor markaren barnean egotea onartu berri du, bost Arabakoak dira, eta gainerakoak Errioxakoak

Argazkia: Errioxa sor marka Argazkia: Errioxa sor marka

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, hamabi mahasti berezi berri aintzatetsi ditu Errioxako sor markaren barnean egoteko. Aitortutako hamabi mahasti berrietatik, bost Araban daude, eta gainerakoak Errioxako komunitatean. Hala, orotara 133 mahasti dira Errioxako sor markaren parte, bereizitako ekoizpen ezaugarriengatik.

Errioxako sor markaren baldintza-agiriak zehazten duenez, bertan sartu ahal izateko, mahastiek gutxienez 35 urte izan beharko dituzte, hektareako 5.000 kilogramoko errendimendua izan beharko dute mahats beltzean eta 6.922koa mahats zurian, eta mahats guztiak mahasti horietakoa izan beharko du. Era berean, mahats-bilketa eskuz egin beharko da, eta egindako ardoak Kontseilu Arautzailearen analisi organoleptikoan bikaintasuna lortu beharko du merkaturatu aurretik. Horrez gain, Errioxako sor markaren etiketa eta kontrol indartua izan beharko ditu.

Laugarren urtez jarraian aldarrikatu du Nekazaritza Ministerioak Errioxako sor markan mahasti bereziak aitortzeko agindu bat, 2019an lehenengo espedienteak onartu zirenetik. Urte hartan 84 mahasti berezi deklaratu ziren, eta hurrengo bi ekitaldietan 20 eta 17, hurrenez hurren.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasek sinatutako agindua datozen egunetan argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK