Gernika – Sabadell

1937ko apirilaren 26an, Gernikan entzun zen bonbardaketaren kontrako sirena Astra & Cían zegoen. Horren diseinua, berriz, Sabadelleko LESA enpresak egin zuen

Gernikako Astra tailerrak, 1916an | Argazkia: Gernikako Lobak Gernikako Astra tailerrak, 1916an | Argazkia: Gernikako Lobak

Aireko sirenaren soinuak hiria geldiarazi zuen. Ezin jakin segundo bakar batzuk izan ziren edo amaigabe gertatuko ziren minutu batzuk. Berehala jende oldea abiatuko zen zibilen defentsarako egokitutako lekuetara, korrika. Gernika okerrenerako prestatuta zegoen, baina artean pentsaezina zen gertatzear zegoen hori are beldurgarriago izango zela, infernua.

ASTRA & Cía arma-fabrikaren zabaltzan kokatuta zegoen bonbardaketen aurkako aireko sirena eta hark eman zuen alarma-seinalea. Ezin dugu jakin zenbat bizitza salbatu ziren soinu horri esker. Badakigu, ordea, hilabete gutxi batzuk lehenago Sabadelleko La Electricidad SA enpresako instalazioetan entzun zela lehen aldiz soinu hori. Ondare inmateriala nor garen gogoratzen digun zerbait baldin bada, Sabadellen sortutako soinu hura gernikarren nortasunaren parte da.

La Electricidad SA 1896an sortu zen instalazioak eta makineria elektrikoa ekoizteko. Lehenengo tailerrak gaur egun Sabadelleko Gas plaza den orubearen inguruan eraiki zituzten, baina berehala mugitu ziren, Ferran Casablancas eta Creuheras doktoreen kaleen izkinara. 1900 eta 1908. urteen artean ekoizpena Bonavista kaleko 16 zenbakiko lantegi berrietara lekualdatu zen, 35 langileko plantillarekin. Negozioa oso ongi zebilen eta 1911n bultzada berri bat eman zitzaion: La Electricidad, SA (LESA) sortu zen eta martxa onak hauspotuta, galdaketarako nabe handia eraikitzea deliberatu zuten. Josep Renom arkitektoak diseinatu zuen, etorkizunean industria-uharte handia izango zen proiektu handiago baten lehen pieza gisa, Tres Creus, Covadonga, Moncada eta Iparraldeko trenbidearen artean.

Ondare inmateriala nor garen gogoratzen digun zerbait baldin bada, Sabadellen sortutako soinu hura gernikarren nortasunaren parte da

Gerra Zibila hasi zenean, enpresa de facto kolektibizatu zen, 1936ko uztailean bertan, eta Langile Batzorde baten kontrolpean geratu zen. Ekoizpena gerra-industriara bideratu zen: mota guztietako gerra-materialak, ibilgailu blindatuak, armadarako aparatu eta makina elektrikoak eta bonba-armadurak barne. Hasiera batean, fabrika Kataluniako Generalitatearen (Gerra Industrien Batzordea) eta Defentsa Nazionaleko Ministerioaren hornitzaile izan zen, baina, jakina denez, gerrak bere bidea egin zuen eta 1937ko azaroaren amaieran nazionalizatu egin zuten; beraz, zuzenean Espainiako Gobernuko Armamentuko Idazkariordearen mende geratu zen.

Hori baino lehenago, ordea, 1936ko iraila eta azaroa bitartean, fabrikako tailerretan Gernikako sirena eratzen hasi zen.

LESAko sirena, Gernikako bonbardaketa egunean entzun zena | Argazkia: Gernikako Lobak

Sirena | Argazkia: egile ezezaguna / Sabadelleko artxibo historikoa

 

Enpresak ordu-sirenen fabrikazioan eskarmentu handia zuen lehendik, eta gerra garaian oinarrizko bi eredu diseinatu zituzten, aldaera eta sofistikazio tekniko desberdinekin: Y motako sirena horizontala (1 HP-ko potentzia) eta Y III motako sirena bertikala (6 HP-ko potentzia maximoraino), 3 eta 7 km arteko entzumen-erradioa zuena, soinu zorrotz edo akutuak aukeran. Sirena bertikalaren ereduak izan zuen arrakastarik handiena, eta zoriak hari-muturrak konektatu zituen: gaur egun existitzen ez diren tailerretatik 600 kilometro baino gehiagora, Astra, Unceta y Cia S.A enpresaren zabaltzaraino.

Aldeak alde, parekotasun handiak daude gerrak batu zituen bi enpresen artean. 1908ko uztailaren 17an, Juan Esperanza Salvador mekanikari zaragozarrak eta Juan Pedro Uncetabarrenechea Cendoya burdingile eibartarrak Pedro Unceta eta Juan Esperanza sozietate komertzial kolektiboa sortu zuten Eibarren, burdinazko eta altzairuzko hainbat artikulu eta manufaktura mekanikoki fabrikatzeko. Tailerra 1911n hasi zen herriko arma laburren fabrikatzaileentzako piezen fabrikazioarekin, baita makina-erremintarako piezak egokitzeko lan batzuk ere. 1913ko ekainean Gernika-Lumoko Udalak diru-laguntza gisa doan eskaini zien lantegi berrira lekualdatu ziren. Lehen Mundu Gerrak ekoizpen maila historikoak lortzea ahalbidetu zion enpresari. Gatazka garaian hasi zen Astra marka lehen aldiz erabiltzen, eta handik aurrera enpresako produktu gehienak identifikatu zituen.

Gerra zibilaren hasieraren agintari errepublikarrek hartu zuten ekoizpenaren ardura eta Euskadiko gobernuaren erresistentzia hornitzera zuzendu zen. 1937. urteko apirilean hortan ziharduen. Antonio Foruria Uriarte Astrako langilea zen eta hark aktibatu zuen sirena lantegiko zabaltzatik duela 85 urte, 16:20an. Orduantxe hasi zen eraldaketa: Gernika hiri izatetik gerraren izugarrikeriaren ikur izatera igaro zen.

Sua, sua eta su gehiago

Goizean goizetik, jendetza zebilen Gernikan, astelehenero bezala. Azoka-eguna zen eta hiria jendez gainezka zegoen. Giroa gaiztotuta zegoen, noski, ordurako iritsia baitzen bertara Durangoko bonbardaketaren berri eta laster zernahi gerta zitekeela jakina zen.

5.000 lagun bizi ziren garai hartako Gernikan, baina astelehen horretan askoz jende gehiago zebilen hara eta hona. Inguruko herritarrak, baserritarrak, tratanteak, askotariko jendea eta baita, nola ez, inguruko herrietatik etorritako errefuxiatuak, bertan aterpea eta sosegua aurkituko zutelakoan.

Bonbardaketa hainbat boladatan gertatu zen eta 3 ordu eta 20 minutuko iraupena izan zuen. 16:20ean gertatu zen lehenengo erasoa, Sabadelleko sirena hotsak iragarri zuena: Heinkel HE51 bonbaketariak 6 bonba deskargatu zituen eta handik gutxira, beste 3 aparatuk lehergailu-karga askatzeari ekin zioten, 17:00ak arte. Erreleboa herritarrak metrailatzeko agindua zuen hegazkin arinagoen eskuadra batek hartu zuen, baita egin ere. Laugarren fasean bonbardaketa astunaz burutu zuen Ju52 Junkerrek eta, azkenik, grazia-kolpea: beste bonbardaketa arin bat, metrailako suarekin konbinatuta.

Antonio Foruria Uriarte Astrako langilea zen eta hark aktibatu zuen sirena lantegiko zabaltzatik duela 85 urte, 16:20an. Orduantxe hasi zen eraldaketa

Herria txikituta geratu zen. Zenbait iturriren arabera, eraikinen % 85 baino gehiago suntsitu ziren bonben eta ondorengo sutearen ondorioz, zeinak egunak behar izan zituen amatatzeko. Eusko Jaurlaritzak 2.000 baja zibil inguru zenbatu zituen, biztanleria osoaren heren bat gutxi gorabehera, nahiz eta zifrak iturri batetik bestera mugitzen diren. Izan ere, datuak ezkutatzea eta herritarrak bonbardatzea ez da gauza berria. Bonbardaketa gertatu eta hiru egunera, matxinatutako tropen talde militar bat hiribilduan sartu zen, kontrola hartu zuen eta euskal agintariek egindako erroldak suntsitu zituen. Ondorioz, heriotzen zenbaketa etorkizuneko belaunaldien esku geratu da.

Erakundeek eta gizarte zibilak kementsu egin dute denbora honetan guztian memoria eta egia berreskuratzeko lana. Egindako ekarpenen artean, herriko gazte taldearen lana nabarmena da, urteak baitaramatza egun haietako memoria berreskuratzen proposamen kultural berritzaileen bidez. Lobak dira eta bizirik daudenen testigantza zuzena jaso ahal izango duen azken belaunaldia osatzen dute. Hain zuzen ere, beraiei (Gernikako beste talde batzuekin batera) zor zaie arma fabrika zaharrean aurkitutako sirenaren peskiza arakatu izana, Sabadellera iritsi arte.

Urtero bezala, gaur arratsaldeko lehen ordutik ehunka pertsona bilduko dira Gernika erdigunean. Askok eguna aprobetxatuko dute Juntetxeko sarrera zaintzen duen haritzeraino hurbiltzeko, eta pentsatuko dute ziurretik patuak eutsi ziola zutik, duela 85 urteko bonbardaketatik libre. Eta 16:20an Sabadelleko sirenak joko du berriro. Eta gero, isiltasuna nagusituko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK