Gipuzkoako eraikuntzaren hitzarmena sinatuko du CCOOek

Sindikatuaren arabera, aldarrikatutako guztia jasotzen ez badu ere, proposamen egokia da patronalak egindakoa

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Gipuzkoako eraikuntza sektorerako hitzarmena sinatuko du CCOO sindikatuak, ontzat eman baitu patronalak egindako azken proposamena, nahiz eta “oraindik ere hainbat hobekuntza egiteke dauden”, adierazi du sindikatuak ohar bidez.

Proposamenaren arabera, hiru urtean %4 igoko da soldata , lanaldia sei ordu murriztuko da eta lizentzien hobekuntzak ere adostu dituzte. Besteak beste, 16ra igo dituzte laguntzagatiko orduak eta ospitaleratzerik gabeko ebakuntzagatiko zaintzetarako bi eguneko eskubidea ere izango dute. Era berean, heriotzagatiko, erabateko ezintasun iraunkorragatiko eta ezintasun iraunkor osoagatiko kalte-ordainak 150.000 euroraino igoko dira.

Horrez gain, in itinere istripua izan eta aldi baterako ezintasuna duten pertsonek soldataren %100 kobratuko dute baja-egoeraren lehen egunetik aurrera, eta obra-kontratuaren ondoriozko amaieragatiko kalte-ordainak soldata osoaren %7 izatera igaroko dira.

Gaueko lanaren osagarria oinarrizko soldataren % 25 izango da, eta lan-egutegia behar bezala aplikatzen dela bermatzeko hobekuntzak ere izango dira, ordutegi-erregistroa gehiago kontrolatuz. Gainera, obra bakoitzeko prebentzio-baliabideak gutxienez obra-arduradunaren kategoria izan beharko du bere lana behar bezala egin ahal izateko. Bestalde, hitzarmena aplikatzeko lehentasuna gehitu da, Espainiar estatukoaren aldean.

Hala ere, CCOO sindikatuaren arabera, proposamena sinatuko badu ere, “ez da nahikoa, hobekuntza batzuk egin beharra dago eta lehentasunezkoak izan beharko dute etorkizunean”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK