Gobernuak 5,6 milioi euroko laguntzak onartu ditu berrikuntza digital eta energetiko proiektuetarako

Eskaerak egiteko epea gaur zabaldu da eta irailaren 12ra bitartean eskatu ahalko dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Nafarroako gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko departamentuak bi laguntza-deialdi berri onartu ditu, biak ala biak 2,8 milioi eurokoak. Bata, sektore energetikoari lotutako I+G+B proiektuak garatzeko; bestea, berrikuntza digitalari buruzko egitasmoak sustatzeko. Hain zuzen, gobernuaren S4 espezializazio adimenduneko estrategiako bi lerro dira trantsizio digitala eta ekologikoa, eta estrategia horren testuinguruan onartu ditu laguntzak. 

Horien bitartez, "balio erantsia" sortu nahi dute proiektuak garatuko dituzten enpresen partzuergoen artean, eta produktu eta zerbitzu eskaintza zabaltzeko aukera eskaini nahi zaie. Digitalizazioari dagokionez, ekoizpen prozesuen digitalizazioa, datuaren ekonomia, eta adimen artifizialeko eta mekatronikako produktuen garapeneko proiektuak izan beharko dira, alegia, IRIS Berrikuntza Digitaleko Poloak ezarritako gaiei lotutakoak. Energia atalean, berriz, trantsizio ekologikoari buruzko egitasmoak onartuko dira soilik, alegia, ekonomia zirkularrari —balio kateko esparru guztietan— edo emisio neutroa izango duten prozesu produktiboei buruzkoak.

Bai digitalizazio esparruan, bai energia arloan, ikerketa industrialeko proiektuak edo garapen esperimentalekoak lagunduko dira diruz, betiere elkarri lotuta ez dauden hiru entitatek garatzen badituzte. Hiru entitate horietako bi gutxienez enpresak izan beharko dira, eta horietako bat ETEa. Nafarroako Berrikuntza Sistemako eragileen parte hartzea hautazkoa da, baina energia proiektuen kasuan ezingo dira partzuergoaren % 30 baino gehiago izan. Aurkezten diren egitasmo guztiak Nafarroako gobernuko proiektu estrategikoen zerbitzuak aztertuko ditu konkurrentzia lehiakorraren bitartez.

Eskaera egiteko Nafarroako gobernuko izapide atalera jo behar da. Dirulaguntza bakoitzak bere fitxa du atal horretan. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 12an itxiko da. Informazio gehiago nahi duten enpresa eta berrikuntza eragileentzat, abuztuaren 18an, ostegunean, 9:30ean, online bidezko jardunaldi bat egingo du Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko departamentuak CEN Nafarroako enpresen batasunarekin batera. Jardunaldian parte hartzeko derrigorrezkoa da aurretik izena ematea cen@cen.es helbide elektronikora emaila bidalita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK