Kontzertu areto eta zinemetarako dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du Jaurlaritzak

Koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko laguntzak izango dira. Epea ekainaren 4ean itxiko dute.

Argazkia: Kafe Antzokia Argazkia: Kafe Antzokia

Zabalik da kontzertu eta zinema aretoek dirulaguntzak eskatzeko epea, COVID-19ak sortutako kalteei aurre egiteko. Aipatutako laguntzak Eusko Jaurlaritzako Politika eta Kultura sailak jarri ditu martxan, eta ekainaren 4ra bitartean eskatu ahalko dira. Guztira, 2 milioi eurokoak izango dira, eta horietatik milioi eta erdi izango da kontzertu aretoentzat, eta 500.000 euro zinementzat.

Dirulaguntzak jasotzeko, hainbat baldintza bete beharko dira. Fakturazioari dagokionez, 2021. urtean % 20eko edo gehiagoko galerak eduki dituzten aretoek eskatu ahalko dituzte soilik, 2019arekin erkatuta. 2020an ateak lehen aldiz zabaldu zituzten aretoentzat, aldiz, 2020ko datuak hartuko dira erreferentzia gisa. Era berean, euren jarduna Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko da.

Kontzertu aretoen kasuan, aurrez aurreko musika eskaintzen duten aretoek zein musika promotoreek eskatu ahalko dituzte. Dirulaguntzak asko jota 170.000 eurokoak izan ahalko dira lehenengoentzat, eta 30.000 eurokoak bigarrenentzat. Kasu horietan, beste baldintza batzuk bete beharko dira, esaterako, gutxieneko edukiera 120 lagunekoa izatea. Horiekin batera, 100.000 biztanle baino gehiago dituzten herrieta izanez gero, 2019an gutxienez hogei aurrez aurreko musika ekitaldi antolatu izana —betiere ordainpenko sarrerekin— kontuan hartuko da; biztanle gutxiagoko herrietan, berriz, gutxienez hamabi antolatu izana eskatuko da. Azkenik, programazio musikalerako ekipamendua eta pertsonak dituzten aretoek ere eskatu ahalko dituzte.

Zinemen kasuan, autonomoek, enpresek eta entitate profesionalek eskatu ahalko dituzte. Ezinbestekoa izango da Espainiako Zinema eta Ikusentzunezko Arteen Insititutuan izena emanda izatea, haren zinema enpresen erregistroan. 2021ean programatutako filmen % 40ak Europar Batasunekoak edo Iberoamerikarrak izan beharko dute. Deialdia argitaratu baino sei hilabete lehenago zabalik dauden entitateek eskatu ahalko diztuzte laguntzak. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK