Metalgintzako sindikatuek grebara deitu dute lan-hitzarmenean "hobekuntzak" aldarrikatzeko

Ekainaren 23an eta 30ean eta uztailaren 1ean egingo dute etenaldia. Gainera, ekainaren 13an, Biurtekoa hasten den egunean, manifestazioa egingo dute BEC kanpoan

Sindikatuetako ordezkariak, gaur goizean, FVEMen aurrean | Argazkia: Europa Press Sindikatuetako ordezkariak, gaur goizean, FVEMen aurrean | Argazkia: Europa Press

Bizkaiko metalgintzako sindikatu guztiek bat egin eta grebara deitu dute hiru egunetarako, zehazki, ekainaren 23 eta 30erako, eta uztailaren 1erako. Grebaren helburua da lan itun berrituan "funtsezko hobekuntzak" txertatzeko beharra aldarrikatzea. Etenaldia iragartzeko ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CGT eta CNTk prentsa agerraldia egin dute gaur goizean FVEM Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioko egoitzaren aurrean, eta dagoeneko jakinarazi diete euren asmoa Eusko Jaurlaritzari eta patronalari.

ELAko Mikel Etxebarria, CCOOko Marta Ayala, UGTko José María Rojo eta LABeko Iratxe Azkuek irakurritako komunikatuan, azken asteetan gertatutakoaren berri eman dute. Izan ere, lan hitzarmena negoziatzeko azken bilera maiatzaren 26an egin zen. Langileen ordezkariek aurkeztutako hamazazpi puntuei patronalak "ezezkoarekin" erantzun ziela salatu dute komunikatuan, "langile klasea mespretxatuz". Egoera ikusita, sindikatuek beste bilera bat eskatu zioten FVEMi, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. "Patronalaren blokeoa" gaitzetsi dute.

Greba egunez gain, manifestaziora deitu dute ekainaren 13rako, BECen aurrean, BIEMH makina-erremintaren biurtekoa dela eta. "2021ean, Bizkaiko metalgintzako enpresek emaitza onak lortu zituzten, eta 2022 ere urte ona izango da. Sektorean lan-karga handia dago. Patronalak negoziazioan eskainitakoak, ordea, erosteko ahalmena galtzera garamatza, eta ez dute ezer jakin nahi izan sindikatuek planteatutako bestelako hobekuntzei buruz", salatu dute langileen ordezkariek.

Mobilizazioak duela aste batzuk hasi ziren. Ekainaren 3an, sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzeak egin zituzten FVEMeko kide diren zenbait enpresen aurrean (Astilleros Murueta, Arteche edo Ormazabal), arrazoi berak aipatuta. Mobilizazio "baketsuak" eta "aurrez jakinarazitakoak" izanik ere, hainbat pertsona identifikatu eta "isunak jartzeko mehatxuak" jaso zituztela salatu dute sindikatuetatik. Edozein kasutan, mobilizazio berriak prestatzeko lan egingo dutela nabarmendu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK