Nafarroa erdi eta hegoaldeko uzta, eskutik eskura

Ia hamar urte igaro dira Errigora egitasmoaren lehenengo kanpaina martxan jarri zutenetik. Nafarroako erdialde eta hegoaldeko kontserbak eta bestelako produktuak Euskal Herriko txoko ugaritara zabaltzeko balio izan du, besteak beste. Udaberriko kanpaina bukatu berri, inoiz baino eskaera gehiago jaso dituzte

Auzolana da proiektuko ardatz garrantzitsuenetako bat | Argazkia: Errigora Auzolana da proiektuko ardatz garrantzitsuenetako bat | Argazkia: Errigora

Nafarroako erdi eta hegoaldea da Euskal Herriko baratza nagusienetakoa. Nafarroako gobernuaren Landa Garapenerako eta Ingurumenerako departamentuak iaz argitaratutako datuen arabera, 2020an Erriberako lurren % 50 laboratutako lurra zen; erdialdean, berriz, % 45ekoa. Zerealak dira gehien lantzen diren produktua — % 76 eremu idorrean, eta % 42,4 ureztatutako eremuan—, baina barazkiak landatutako eremuaren % 21,3 dira ureztatutako eremuetan. Hori kontuan izanik, talde txiki batek duela hamar urte erabaki zuen egitasmo bat martxan jartzea. "Tuterako Argia ikastolaren inguruan sortu zen. Oso egoera ekonomiko larrian zeuden, eta dirua ateratzeko zonaldeko produktuekin saski batzuk egin ziren, batez ere ikastolen munduan banatzeko”, kontatu du Peru Aranburuk, Errigorako kideak. Egitasmoa ikastolez harago heldu zen, eta arrakasta ikusita, proiektu berria sortu zuten: Errigora, egun elkarte ere badena.

Hiru ardatz ditu: “batetik, euskara, zonalde horretako euskalgintzari bultzada ematea; bestetik, elikadura burujabetza, eta batez ere zonalde horretako produktuak Euskal Herrian zabaltzea; eta azkenik, hau dena egiterako orduan auzolana izatea lan tresna nagusia”, azaldu du Aranburuk. Piper, orburu eta zainzurien kontserbak, lehortutako lekaleak, olioa eta ontziratutako bestelako produktuak eskaintzen dituzte, ekologikoak eta bestelakoak, den-denak Nafarroako erdialdean eta hegoaldean hazi eta ontziratutakoak. Guztira, 25 ekoizle txikik —produktoreak eta prestatzaileak—parte hartzen dute egun egitasmoan, baita Errigora Elkartean osatzen duten 30 bat lagunek, eta kanpaina garaian auzolanean aritzen diren ehunka boluntariok.

Hiru ardatz ditu: “batetik, euskara, zonalde horretako euskalgintzari bultzada ematea; bestetik, elikadura burujabetza, eta batez ere zonalde horretako produktuak Euskal Herrian zabaltzea; eta azkenik, hau dena egiterako orduan auzolana izatea lan tresna nagusia”

Lan egiten duten eremuari, berriz, Ager izena jarri diote, Erromatarren garaiko Ager Vasconum abiapuntu hartuta. “Izango litzateke, iparraldetik hegoaldera, Garesetik Kortesera, eta zabalean Zangozatik Vianara”, adierazi du Errigora Elkarteko kideak.

Errekorrak hautsi berri

Errigora ez da Ager eremuko produktuak edozein unetan erosteko plataforma edo elkarte bat. Kanpainak egiten dituzte, urtean bi, eta horietako bat, udaberrikoa, bukatu berri da. Kanpaina honetan, erosleek urte osoko erosketa egiteko aukera dute. 30 bat produktuko katalogo batetik nahi dutena aukeratu, online erosi, eta 400 bat herritan banaketa puntuak dituzte (ikastolak, euskaltegiak, tabernak, etab.). Nafarroa Hegoaldeko uzta, eskutik eskura izena du kanpainak.

Emaitzak oso onak izan dira, inoiz baino zifra hobeak lortu baitituzte: 10.000 etxeetara iritsi dira, 143.000 litro olio eskatu dira —iaz baino % 35 gehiago—, eta 271.000 kontserba eta 41.000 pakete arroz, pasta eta lekale —iaz baino % 15 gehiago—. Lehenengo kanpainan 30.000 litro olio banatu ziren, Aranburuk dioenez. “Salto handiena azkenengo urte hauetakoa izan da. Pandemia garaian, jendeak behar izana zuela dirudi, edo arreta jartzen ziola kontsumitzen zuenari, eta bestetik bazegoen herri gogoa horrelakoetarako”, azpimarratu du. Aurten, gainera, Ukrainako gerrak eta bizitzaren kostuaren gorakadak are hazkunde handiagoa ekarri du. Baita oliba-olioaren eskaeraren gorakada nabaria ere.

Hain zuzen, proiektuan hasiera-hasieratik izan den enpresetako bat izan da La Casa del Aceite. “Proiektuaren gertutasunagatik eta hura gauzatzeko zonaldea gertu dagoelako, proiektu interesgarria da. Gainera hizkuntzak erabat defendatzailen ditugu, ateak zabaltzen dizkizutelako”, azaldu du Belen Sanz administrazio arduradunak.

Belen Sanz: “Proiektuaren gertutasunagatik eta hura gauzatzeko zonaldea gertu dagoelako, proiektu interesgarria da. Gainera hizkuntzak erabat defendatzailen ditugu, ateak zabaltzen dizkizutelako”

Familia enpresa da, Cascanten dagoena, eta oliba-olio birjina estra egiten dute olio-errotan, lau oliba motatatik ateratakoa: enpreltre, pikual, arbekina eta arroniz. “300 hektareako olibadia dugu, batez ere Nafarroan (Erribera, Erdialdea), baina baita lurralde mugakideetatik ere (Aragoi, Errioxa,...)”, adierazi du Sanzek. Guztira 5 edo 6 milioi oliba jaso ohi dituzte, eta 700.000-800.000 litro ateratzera iristen dira urtean. Horietatik 63.000 inguru saldu dituzte aurten Errigoran. “Egun gure bezerorik onenak dira. Ezagutzera emateko aukera eman digu, eta udazkeneko kanpainan olioa ezagutu duen norbaitek ondoren, udaberrikoan urte osorako erosten du. Eurek egiten duten lana oso lagungarria izan da guretzat”, nabarmendu du.

Sanzek “ilusioz” bizi du Errigoraren hazkundea. “Hasiera guk, La Casa del Aceitetik prestatzen genituen eskaerak, baita beste enpresenak ere. Olioaren eta kontserben kanpaina ez ziren elkarrekin egiten. Orain dena garraio enpresak egiten du”, adierazi du.

Euskara “elementu zentrala”

Ekoizleak eta produktuak ezagutzera emateaz gain, euskara proiektuaren “elementu zentrala” da Aranburuk dioenez, hainbat arrazoi direla medio. Batetik, udazkenean egiten den kanpainako ekarpen ekonomikoaren parte bat zonaldeko euskalgintza proiektuetara doalako. Kanpaina horren izenak ere agerian uzten du hori: Nafarroako Hegoaldeko uzta, euskarari puska. “Dena den, kanpainek balio dute bertako errealitatea ezagutarazteko euskarari dagokionez, eta euskalgintzako eragileen (ikastolak, euskaltegiak) eta lehen sektorearen (nekazaritza mundua, elikaduraren mundua) arteko harremanak sortzeko, hasiera batean ez baitago harremanik bien artean; balio du ekoizleak euskararen mundura ekartzeko”, esan du Errigorakoak. Horrez gain, egitasmoan parte hartzen duten oso ekoizle gutxi dira euskaldunak. “Are gehiago, zenbaitek Euskal Herritik oso urrun bizi zuten bere errealitatea”, gaineratu du elkarteko kideak.

Horregatik, 2023rako, egitasmoaren helburuetako bat izango da ekoizle guztiek euskara plana martxan izatea. “Gure kasuan, konpromisoa da eguneroko lanak —albaranak eta bestelako dokumentazioa— euskaraz ere izatea, baita instalazioetako kartelak eta abar ere, eta horretan ari gara. Bai etiketak, bai webgunea, euskaraz ere baditugu”, azaldu du La Casa del Aceitekoak.

2023rako, egitasmoaren helburuetako bat izango da ekoizle guztiek euskara plana martxan izatea

Udaberriko kanpaina itxita, udazkeneko kanpainara arte itxaron behar. Kanpaina horrekin sortu zen Errigora. Bukatu berri denarekin erkatuta, beste helburu bat du: produktuak ezagutu eta probatzea. “Gabon saski antzekoak izaten dira. Jendeak batez ere udazkeneko kanpaina horrengatik ezagutzen gaitu, hori izan baitzen lehena. Baina eguneroko kontsumoan produktuak sartzeko ez du balio kanpaina horrek bakarrik”, dio Aranburuk. Horretarako da, hain zuzen, udaberrikoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK