Bi urteko etenaldiaren ostean, gaur itzuliko da Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta horrekin batera munduko onenak ikusi eta animatzeko prest ibilbide osoan zehar izango diren milaka lagun. Hala ere, Euskal Herriko mendi lasterketa ezagunena ez zen sortu egun dena bilakatzeko asmoarekin. Are gehiago, geroz eta biztanle gutxiago zituen herri bati irtenbidea emateko testuingurua du abiapuntu.
“2000. urtean, Zegaman oso haur gutxi jaiotzen ziren, eta bikote gazte denak Goierriko beste herri batzuetara joaten ziren, handiagoetara. Ondorioz, Juan Inazio Galdos garai hartako alkateak estrategikoki erabaki zuen zenbait egitasmo martxan jartzea herriari bultzada bat emateko”, kontatu du Alberto Aierbe Zegama-Aizkorri maratoiaren sortzaile eta zuzendari teknikoak.
Egitasmo horietako bat izan zen Aizkorriko Lagunen eguna antolatzea, herriko Amezti Mendi Elkartearen eskutik. “Hori antolatzeko lehen bileran, nik bota nien entzunda nuela Benasquen, Piriniotan, egiten zela halako mendi lasterketa bat, eta zergatik ez genuen halako zerbait antolatzen hemen”, azaldu du Aierbek. Proposamena une horretan ez zen aurrera atera, baina egun horretan bertan Aierbek 1:25.000 mapa topografiko bat hartu, eta ibilbide posiblea marraztu zuen.
Alberto Aierbe: "Aizkorriko Lagunen eguna antolatzeko lehen bileran, nik bota nien entzunda nuela Benasquen, Piriniotan, egiten zela halako mendi lasterketa bat, eta zergatik ez genuen halako zerbait antolatzen hemen”
Urtebete beranduago egin zen Aizkorriko Lagunen lehen eguna, eta hor berriz ere atera zen gaia. “Julian Beloki, lehen aipaturiko bilera hartan zegoena, nigana etorri zen esanez bazela beste pertsona bat mendi lasterketa antolatu behar zela esanez”, dio. Antxon Bandres zen, Euskal Mendizale Federazioko garai hartako presidentea. Hala, prest zuen ibilbidearen borradorea erakutsi zien Aierbek. “Hortik, poliki-poliki hasi ginen”, kontatu du. 2002ko uztailaren 7an, “San Fermin egunean”, lehen edizioa egin zuten, Amezti Mendi Elkarteak eta Zegamako udalak antolatua, 300 bat boluntarioren laguntzaz. “Gauzak oso ondo atera ziren”, dio Aierbek. Lehenengo edizio horretan, dagoeneko, 226 lagunek hartu zuten parte.
Inpaktu ekonomikoa
Egun, Zegama-Aizkorri Golden Trail World Serieseko zazpi lasterketetako bat da, egutegiko lehenengoa aurten, eta jende andana erakartzen du: maratoian 500 korrikalarik soilik parte hartu ahal badute ere eta zozketaz hautatzen badira ere, 2020. urtean 10.500 eskaera inguru jaso zituzten; kilometro bertikalean 200 bat korrikalari aritzen dira —eta beste zenbait junior trailean—; horrekin batera, mundu mailako 70 kazetari akreditatu dituzte aurtengo ediziorako; eta, arestian aipatu bezala, mendi lasterketa ikusten milaka lagun biltzen dira, bertakoak zein Espainiatik eta beste zenbait herrialdetatik etorritakoak.
EnpresaBIDEAk hainbat erakundetan galdetu du Zegama-Aizkorrik —eta oro har, mendi lasterketek— sortzen duten inpaktu ekonomikoaren inguruko datuei buruz. Aldiz, ez dirudi halako azterketarik egin denik momentuz. Mireia Trigueros Euskal Mendizaleen Federazioko mendi lasterketa eta eskaladako bozeramaileak dioenez, “ez dakigu zenbat izan daitekeen ekonomikoki, guk federazio bezala batez ere modu instituzionalean eta antolaketari dagokionez laguntzen dugulako, baina argi dago ekarpena egiten diela inguruko hainbat eragileri”.
Niko Osinalde: “Argi dago itzulera izugarria dela. Goiturretik badakigu biderkatu egiten dela”
Niko Osinalde Goitur Goierriko turismo agentziako arduradunaren hitzetan, “zaila da neurtzea”. Izan ere, dioenez, ez da soilik korrikalariek uzten duten hori neurtzea, baizik eta haiekin datozen familiak eta lagunek sortzen dutena, baita lan egitera datozenek eta ikusleek utzi dezaketena ere. “Argi dago itzulera izugarria dela. Goiturretik badakigu biderkatu egiten dela”, kontatu du Osinaldek.
Edozein kasutan, zenbait datu emate aldera, 2017an Goiturrek inkesta bidali zien korrikalariei inbertsioaren itzulera zenbatekoa izan zitekeen ikusteko. Korrikalarien % 55,62k erantzun zuen, eta horren arabera, kanpotik datorren korrikalari batek 400 bat euro inguru utz ditzake ostatua, bazkaria eta bestelako gastuak kontuan hartuz gero —ekipamendua, aparte—. Badira gutxiago uzten dutenak ere, furgoneta edo autokarabanekin datozenak edo bertakoak direlako, hain zuzen. Guztira, 120.000 euro inguru izango lirateke, soilik inkesta erantzun zutenen datuak hartuz gero.
Kanpotik datorren korrikalari batek 400 bat euro inguru utz ditzake ostatua, bazkaria eta bestelako gastuak kontuan hartuz gero
Horrekin batera, korrikalari bakoitzak, batez beste 4,64 lagun ekar ditzake berarekin. “Eta segur aski korrika egitera datozenak ez dira izango gehien utziko dutenak”, dio Osinaldek. Kanpotik ikustera datorren jendea “bost bat egunetarako” etortzen da, eta elkarrizketa egin zen egunerako, astearterako, “Gasteizko” eta “Iruñeako” aloimenduetara bideratzen ari ziren jendea, inguruan dena beteta baitzegoen. “Baina ez da bakarrik lo egitea. Horri gehitu behar zaizkio otorduak eta bestelakoak. Esaterako, Idiazabal gazteren salmentak gora egiten du”, azaldu du Goiturreko arduradunak.
Aipatutako sektoreez harago, bailarako beste zenbait enpresetan ere eragina du, besteak beste horretan aritzen baitira muntaketa enpresak, logistika enpresak, anoa prestatzen duten enpresak, eta abar. Bestalde, lasterketa egunetatik kanpo, turismoa erakartzen jarraitzen du. “Kirol turismoa leialenetarikoa da. Izan ere, lasterketa egunetatik kanpo, udan, esaterako, asko itzuli egiten dira familiarekin, edo lagunei gomendatzen diete. Edo Zegama-Aizkorri —edo Ehunmilak— non egiten den ezagutu nahi dute”, kontatu du Osinaldek.
Mendizaletasuna eta mendi lasterketen loraldia, gako
Hala ere, mugitzen duena ulertu nahi bada, beharrezkoa da horren bilakaeran ezinbestekoak izan diren faktoreak ulertzea, batzuk ekonomikoak, baina gehienak testuinguruari lotutakoak.
Lehenengoa, Euskal Herriko mendizaletasuna eta kirolzaletasuna, eta Zegama bezalako herri txiki batek —1.500 biztanlekoa— eskaintzen duen giroa. “Zegama-Aizkorrik bi parte horiek elkartzen ditu, eta lasterketako edozein puntutan korrikalariek izugarrizko jendetza topatzen dute, bertakoa zein toki askotakoa, sekulako animoa. Kanpoko korrikalariek, batez ere lehenengo edizio horietan, ezin zuten sinetsi. Orain ja ezagunagoa da, eta komunikabideetan ikusten da”, dio Aierbek.
Bigarrena, 2000. hamarkada horretan sortu eta indartu izana, mendi lasterketen loratze urteetan, hain zuzen ere. “Gu kasualitatez hasi ginen justu kirol hau indartzen ari zenean”, nabarmendu du sortzaileak.
Alberto Aierbe:“Gu kasualitatez hasi ginen justu kirol hau indartzen ari zenean”
Garai hartan, oraindik ez ziren mendi lasterketa asko. Euskal Herrian, esaterako, Galarleiz zegoen soilik, aitzindaria, Pedro Galarzak antolatua, eta 2017an desagertu zena. “Ordurako, Espainia mailan hiru lasterketa famatu ziren, eta liga txiki antzekoa egiten zuten: Trevéleztik Mulhacenea igotzen zena, Granadan; Madrilen, Navacerradan, Maratón Alpino-Madrileño; eta Galarleiz. Baina guk mendi lasterketen inguruan ez genekien ezer”, adierazi du Aierbek.
Aldiz, sektorea hazi egin zen. “Mendi lasterketak, batez ere klubek antolatzen dituzte hasiera batean, eta federazioetatik laguntza ematen dugu, egun egiten dugun bezala, gauza askotarako. Hala ere, apurka-apurka enpresa pribatuek honetan inbertitzea erabakitzen dute, eurentzat erakusleihoa delako”, dio Triguerosek. “2007an Kilian Jornet gure korrikalari mitologikoa etorri zen 18 urterekin, eta irabazi egin zuen. Izugarrizko ekipo indartsua sortu zuen Salomonek, Kilian barne zela, eta hor izugarrizko saltoa egin zuen lasterketak. Nazioartekotu zen, eta parte guztietatik hasi ziren etortzen korrikalariak”, dio Aierbek. Izan ere, komunikabideetan oso ezaguna egin zen.
Jorneten bultzadak eta enpresa pribatuen sarreraz harago, Zegama-Aizkorrirentzat izan ziren aurretik emandako bi pauso garrantzitsu, puntu horretara iristea ahalbidetzeko gakoak. Izan ere, lehenengo edizioko arrakastari esker “Euskal Federazioaren laguntzarekin, zeinak harreman egokiak zituen Espainiako mendi federazioarekin, 2003rako aipatutako liga txiki horretan sartu ginen”, adierazi du Aierbek. Edizio horretan hartu zuen parte lehen aldiz Salomonek, baita Albert Balcells Ocisporteko buruak, kirol ekitaldiak antolatzen dituena, garai hartako Munduko Kopako zuzendaria. “Giroarekin zeharo harrapatuta geratu zen, ordurako ikusle asko hasi baitziren azaltzen, beste lekuetan zegoena baino askoz gehiago”, dio Aierbek. 2004ko edizioa munduko kopan sartzea eskaini zien. “Herri txiki bat izanik, nola egingo genuen galdetu nion, eta orain arte egindakoa egiten jarraitzeko esan zidan”, dio. Hasiera-hasieratik, lasterketaren antolaketa bera ere gako izan baita. Eta bide beretik jarraitu dute.