LABek Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo izendatu ditu koordinatzaile orokor

Sindikatu abertzalearen Batzorde Nazional berriak %94ko babesa jaso du: aldeko 389 boto, kontrako 13, bi boto zuri eta hamar abstentzio izan dira

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo Biltzarrean | Argazkia: LAB Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo Biltzarrean | Argazkia: LAB

Sindikatu abertzalea “euskal sindikalismo berria” dela aldarrikatu dute Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiek, “salaketak eta, aldi berean, aukerak planteatzen” dituelako. "Diskriminaziorik gabe, langile guztien etxea" izan nahi dute. "Sindikalismo feministan" sakondu, "sindikalismo independentista" indartu, lantokietan "borroka eta greba gehiago" antolatu eta "borroka sozialetan parte hartzen" jarraitu.

Bere X. Kongresua amaitu du LAB sindikatuak. Bagara, bagoaz lelopean, bi jardunaldi egin dituzte Ipar Euskal Herrian 500 ordezkariren parte-hartzearekin. Datozen bost urteetarako lan ildoak onartzearekin batera zuzendaritza berria aukeratu dute. Batzorde Nazional berriak % 94ko babesa jaso du: aldeko 389 boto, kontrako 13, bi boto zuri eta hamar abstentzio izan dira.

Biltzarraren bigarren eguna gonbidatuen hitzaldiekin hasi da. Besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu dute hitza.

Ondoren, LABeko emakumeei eta Ainhoa Etxaide sindikatu idazkari nagusi ohiari omenaldia egin diete. Gero, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile nagusien txanda izan da. Bi kideren artean zuzenduko dute LAB sindikatua aurrerantzean.

Aranburuk eta Arroyok azaldu dutenez, LAB "nazioarteko klase borrokaren oinordeko" sindikatua da eta “aire berria dakarkie langile guztiei”. Sindikatuaren xedea "euskal errepublika eraikitzea da, euskal lan kode, euskal esparru sozioekonomiko, euskal gizarte segurantzaren bidez", nabarmendu dute. "Bustitzeko garaia da eta sindikalismoari aire berria emanez aurrera egiteko prest gaude” gaineratu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK