Silicon Valley Banken egoitza | Argazkia: iStock

FINANTZAK

Euriborra %3,5era jaitsi da, SVBen porrotaren ostean

Hileko batezbesteko tasak %3,8tik gora jarraitzen du

Euriborra, tasa aldakorreko hipotekak kalkulatzeko erabili ohi den indizea, hiru hamarren jaitsi da egun batean, atzoko %3,858tik %3,509ra jaitsi baita gaur. Adituen arabera, eragin zuzena izan du Silicon Valley Bank (SVB) eta Signature Bank AEBko banketxeen porrotak eta horrek eragindako beldurrak.

Hala ere, martxoko behin-behineko hileko batezbesteko tasa %3,858koa izan da. Ondorio praktikoetarako, 25 urterako 180.000 euroko hipoteka aldakor bat, euriborraren gaineko %1eko diferentzialarekin eta urteko berrikuspenarekin, 659 euroko kuota ordaintzetik 1035 eurora igaroko da, hau da, hilean 376 euroko igoera izango du. Baina, pasaden martxoaren 9an, 12 hilabeterako euriborra %3,978an kokatu zen, 2008ko azarotik izandako portzentajerik altuenean. Hala ere, ostiralean, hilaren 10ean, behera egiten hasi zen, SVBen kolapsoagatik sortutako lehen alarma zantzuekin batera.

Adituen arabera, SVBren krisiak agerian utzi du arazo bat dagoela, eta arazo hori gertutik zaindu beharrekoa dela, bankuek epe luzerako bonuen zorroetan galerak izan ditzaketelako, prezioek nabarmen egin dutelako behera, epe laburrean interes tasak nabarmen igo direlako, eta horrek bankuen likidezian eragina duelako.

Gauzak horrela, inbertitzaileek dagoeneko aurreratu dute aldaketak egingo dituztela moneta politikan, batez ere Estatu Batuetako Erreserba Federalak (Fed) eta Europako Banku Zentralak (EBZ). Goldman Sachsek atzo iragarri zuen Fed-ek ez dituela interes tasak igoko datorren astean egingo duen bileran. EBZ, bere aldetik, ostegun honetan bilduko da eta ikusteko dago zer erabaki hartuko duen. Hala ere, indizearen mugimendu hauek bankuak hartu ditzakeen erabakien isla izan daitezke.