IRITZIA

Erabakitzeko unea

Jakin badakigu 2023. urtea hauteskunde urtea izango dela eta milioika herritarrek emango dutela botoa hauteskunde-kutxan. Zer bozkatuko dugu, ordea? Alderdia? Programa politiko bat? Alderdi baten aurkako botoa emango? Ala txurian bozkatuko? Zoritxarrez ehuneko handi batek ez du aurreko bat bera ere bozkatuko. Herritarrek ordezkari politikoekiko duten eszeptizismoa handitzen doa, sinesgarritasuna galtzen eta ez dira inongo erremediorik jartzen ari tendentzia iraultzeko.

Egoera hori ez da gurean bakarrik gertatzen, joera orokorra bihurtu da Europako herrialde gehienetan. Datu kezkagarriak iristen dira herritarren eta botere politikoaren arteko harremanen adierazleetan. Argi dago, beste aldera begiratzen badute ere, arazo bat bilakatu dela gure herrialdeen kalitate demokratiko eta erakunde publikoen jardueraren eraginerako. Egoera horretan, herritarren parte-hartze eta esku-hartze molde berriak esperimentatzen hastea beharra bilakatu da egunotan. Eta ez diot nik bakarrik: Daniel Innerarity gobernantza demokratikoan adituak dioenez, “berrikuntza politiko handiena topaketarako eta loturarako espazioak eta dinamikak sortzea izango da”. Hala, “gobernantza, adostasunen eta pizgarrien geometria aldakorrean “akoplatzeko” lokalizazio-espazioak eraikitzea eta instituzionalizatzea beharrezkoa izango da”.

Oker dabil gaur egun ezagutzen dugun botere politikoa betirako eta berdina izango dela pentsatzen duena. Demokrazia errepresentantiboak, bizitzan ditugun gizarte-eredu eta antolaketa askok bezala, aldaketak sufrituko ditu ezinbestean, eta gizarteko elkarrizketa eta kezkak entzuteko gaitasunaren baitan gehiago edo gutxiago eragingo diete aldaketek.

Aurreko astean ezagutzeko aukera izan nuen Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendariak, hala zioen elkarrizketa batean: “Gizartearekin lankidetzan eta elkarreraginean aritzeko borondatea dago, eta horren isla dira ekintzarako eta eztabaida partekaturako sortu diren guneak. Beste gauza bat da autoritatea partekatzea edo erabaki-espazioak gizarte zibilari irekitzea. Horrek kultura politiko berria eskatzen du, beste antolaketa bat, erabakiak hartzeko eta harremanak izateko beste modu bat. Ausardia eta lidergoa eskatzen ditu tresna berriekin esperimentatzeko. Posible al da bataren eta bestearen arteko bizikidetza orekatua? Nik esango nuke posible denaren mugak ezin direla gobernarien mugetatik bakarrik etorri”.

Espazio eta prozesu autentikoak behar ditugu, konpromiso politikotik abiatuta herritarrei konfiantza eta autoritatea emango dizkieten erramientak mahaigaineratu. Hauteskundeen atarian, zera luzatzen diet hautagaiei: bada ezagutza, teknologia, diseinua, metodologia eta  fiskalitatea etorkizun hurbilean izango duten boterea herritarrei ireki eta erabaki estrategikoak udalherrietan errutina bilakatzeko.

Euskal Herrian askotan hitz egin da iparraldeko herrialdeen pare edo gertu gabiltzala espazio eta gobernantza demokratikoen berrikuntzan, baina gauza bat badugu alde gainontzeko herrialdeetan izan ez dezaketekeena: sozialki oso polarizatuak gaudela uste badugu ere, ez gaudela beste askorekin konparatuta. Ideiak uste baino hurbilago ditugu herritarren artean, herriarentzat onena izan daitezkeen erabakietan. Kontsentsuak kalean daude, herritarren gehiengoan; entzun eta deliberazio moldeak erraztea besterik ez dute instituzioek.