IRITZIA

Pertseberantzia istorio bat

Zer arrazoi direla medio desagertzen diren hizkuntzak. Jon Agramont txiolariak twitterren kontatutakoa dakart hona. Eskolan lenguaje ikasgaiko azterketa batean haren alabari eginiko galdera, eta idatzi beharreko hiru erantzun zuzen: hizkuntza handien globalizaziogatik, desprestigioagatik eta internazionalizazioagatik. Agramontek gezurtzat edota zurikeritzat zituen erantzunok eta balizko laugarren bat erantsi zion: beste hizkuntza bat inbasioaren eta kolonizazioaren bidez inposatzeagatik. Horren adibiderik eman ez zuen arren, denok dugu buruan, esaterako, berriki 500 urte bete zituen gertakaria, Gaztelako gudarosteak Nafarroa konkistatu zueneko hura. Zeinek kontatzen dizun. Iaz Erriberriko gaztelua erakutsi zigun gida turistikoarentzat, adibidez, Nafarroa Gaztelako erresumari batu zitzaioneko unea —"se incorporó"— izan zen. Hau da, Fernando II.a Aragoiko erregeak 1512an abiatutako inbasioa gertatu ez balitz bezala. Eta existitzen ez dena, jakina, ez da.

Izena duen guztia bada. Horrelaxe dio Paul Urkijoren Irati filmaren claimak. Nafarroako konkistatik 600 urte atzera egiten du kontakizunak, Kristo ondorengo 778. urteraino, Orreagako guduaren egunetaraino. Pelikularen hasiera izugarri indartsuan, bataila ikoniko hura maisuki ekartzen du pantailara zuzendari arabarrak. Sekuentzia horrek berak bakarrik frogatu egiten du zine aretoetan pelikulaz gozatzeak duen balio erantsia.

Itxaron behar izan dugu —iazko urrian Sitgeseko Zinemaldian eta Donostiako Beldurrezko Astean estreinatu zen—, baina dagoeneko zinemetan ikusgai dugu eta sekulako arrakasta izaten ari da. Gaizka Izagirre Eitbren zine-kritikariak esandakoaren arabera, historiako euskarazko estreinaldirik onena izan da, filmik ikusiena pasa den asteburuan Hego Euskal Herrian. Handia filmaz geroztik ez genuen horrelako gertakari zinematografikorik bizitzen.

Gainera, EAEko areto gehienetan, jatorrizko euskarazko bertsioan proiektatzen ari dira gaztelerazko azpidatziekin. Ez dago filma euskara hutsez edo euskarazko azpidatziekin eskaintzen duen aretorik, eta badira horretaz kexu azaldu direnak ere, baina nire iritziz erabaki oso egokia da. Hizkuntza ulertzen dutenak eta ez dutenak —EAE osoko biztanleriaren bi heren agian?— euskarara erakartzeko aukerak handitu ditzakeelako. Pellokeria bat da, baina egun gure telebistan euskarazko fikzio apurrak erdal azpidatzirik gabe ematen dira, eta, nire irudiko, balizko ikusle-entzule kopuru handi bati uko egitea da.

Koldo Mitxelenak zioen euskararen misteriorik handiena ez dela bere jatorria, bere biziraupena baizik. Oztopoak oztopo, mendez mende biziraun du gure hizkuntzak. Irati filmeko protagonista Edurne Azkarateri eta Paul Urkijori Argia aldizkarian egindako elkarrizketa batean euskararen eta euskal kulturaren pertseberantziaz aritu ziren. “Istorioak kontatzen jarraitzen badugu, jarraituko dute existitzen”.