IRITZIA

Zein motatako lehen sektorea nahi duzu?

Mens sana in corpore sano dio Juvenalen Satiretatik datorren aipamenak. 2020. Urtetik bizi dugun egoerak nabarmen du lehen sektoreak ongizate estatuan duen oinarrizko rola. Pandemia garaian lehen sektorean aritzen diren eragile eta baserritarrek funtsezko lana egin zuten herritarrok etxean egon gintezen eta beharrezkoak ditugun elikagaiak gure eskuetara iritsi zitezen. Orain, Rusiak Ukrainian burutu duen inbasioagatik, lehen sektoreak berriro ere erantzukizun sozial bera hartu du, elikagaien prezioa ahal den neurrian mantenduz, nahiz eta honek beraien errentagarritasunean gainbehera zuzena izan duen

Euskal gizarteak zorte handia du kalitate goreneko elikagaiak eskuratzeko aukera baitu. Elikagai hauek, gainera, ez dira bakarrik kalitate handikoak, baizik eta hurbilekoak. Lehen sektoreko eragileekin hitz eginez gero, ordea, argi eta garbi nabarmentzen dute beraien lana ez dela sozialki balioan jartzen. Elikagaien prezioak eragin handia du beraien errentagarritasunean. Alde batetik, herritarrok ez dugu ulertu nahi kalitate handiko elikagaien prezioak, nahiz eta hurbilekoa izan, urrutitik datozen eta kalitate baxukoak izan daitezkeen produktuek baino prezio handiagoa izan behar dutela. Beste sektoreetan gertatu bezala, Euskal ekoizleek ere ez dute prezioan lehiatzen gehienetan, kalitatean baizik. Beste produktuei eskatzen diegun funtzionaltasuna, ordea, ez diogu era berean eskatzen jaten ditugun elikagaiei, eta gure erabakiak, oro har, prezioek gidatzen dituzte.

Bestetik, ahaztu egiten dugu ekoizleen balio erantsia ez dela bakarrik kalitatezko elikagaietan irudikatzen. Natura-inguruneak ere gure gizartearen ongizatean oinarrizko papera du eta zentzu honetan, lehen sektorearen lana ezinbestekoa da guztiontzako onuragarria den ingurumena mantendu ahal izateko. Herritarrok, oro har, janaria ematen zaigun zerbait dela uste dugu. Neurri handi batean, portaera hau gizarte bezala naturarekin geneukan harremana galdu dugulako da, landa eremuetan bizitzetik hiriguneetara joanez, eta janaria supermerkatuetan erosiz, baratzean jaso beharrean.

2021. urteko Azaroaren 23an Gure Lurra ekimenaren laugarren edizioa egin zen Donostiako Kursaal eraikinean. Gure Lurra ekimenak lehen sektorea ikustarazteko eta baserritarren eta hiritarren arteko topagunea izan nahi zuen. Edizio horretan, Gipuzkoako baserritarrek gizarte honetan egiten duten lanaren garrantziaz gogoeta egin zuten, eta galdera garrantzitsu bat egin zien herritarrei: "Ezinbestekoak al gara?". Erantzuna, noski, begi-bistakoa da, gizakiak, izaki bizidunak garen neurrian, gure burua elikatu behar baitugu bizi ahal izateko. Nire ikuspuntutik, berriz, egin behar dugun hausnarketa ez da hainbeste lehen sektorea ezinbestekoa den edo ez; gizarte bezala zein lehen sektore nahi dugun galdetu behar diogu geure buruari.