Argazkia: iStock

JASANGARRITASUNA

Hernani, Europako Zero Zabor ziurtagiria lortu duen lehen euskal udalerria

Gehienez lor litezkeen bost izarretatik hiru izarren akreditazioa du

Zero Waste Cities and Towns ziurtagiria Europako ziurtapen estandarra da, zero zaborrerako trantsizioa eta Europako herri eta hirietan ekonomia zirkularraren ezarpena azkartzea helburu duena, tokiko mailan. Hernanik 10 urte baino gehiago daramatza zero zabor helburu duten ekimen eta ekintzak sustatzen. Euskal Autonomia Erkidegoan urtean biztanle bakoitzak 251,81 kilogramo zabor sortzen ditu, eta Hernaniren kasuan, nabarmen jaisten da zenbateko hori, 62,99 kilogramoan kokatuz. Ondorioz, EAEko batezbestekoa baino %75 txikiagoa da Hernanin sortutako zaborraren sorrera. Halaxe lortu du Euskal Herrian Zero Zabor ziurtagiria duen lehen udalerria izatea.

Zero Zabor Ziurtagiria bost urratsez osatuta dago:  Udalak Zero Zabor izateko interesa agertzea; Zero Zabor izateko konpromisoa hartzea; sistema hau ezartzea; bere ziurtapena; eta urteko hobekuntzak egitea. Urrats horietako bakoitza gainditzea hondakinen eta baliabideen kudeaketaren alorreko entitate adituen laguntza eta aholkularitzarekin ematen da. Ziurtagiriaren ebaluazioa puntuazio-sistema baten inguruan garatzen da, eta derrigorrezko irizpideak eta hautazko puntuazio-irizpideak barne hartzen ditu. Puntuazio-irizpideak inplementatutako politika bakoitzaren anbizioaren eta eraginaren arabera baloratzen dira. Puntuen baturak udalerriaren ziurtapen-maila eta ondorengo izar kopurua ere definitzen du. Hala, Hernanik hiru izar lortu ditu.

Ziurtagiriaren ondoren, udalek beren jardueraren jarraipena egin behar dute eta urtero hobekuntzak egin behar dituzte lortutako emaitzak hobetzeko. Hiru urtean behin auditoretza berriak egiten zaizkie ziurtagiriaren egoera egiaztatzeko, mailaz igotzeko aukerarekin, gehienez bost izar izatera iritsiz.

Orain, Hernanik Europako beste herri batzuekin bat egin du, hala nola, El Boalo-Cerceda-Mataelpinorkein (Madril); Torrelles de Llobregatekin (Katalunia); Bled, Gorje, Vrhnika, Log-dragome eta Borovnicarekin (denak Esloveniakoak); eta Capannorirekin (Italia). Era berean, neurri garrantzitsuak txertatzeko lan gehiago behar duten beste hiri handi batzuk Bartzelona eta Leipzig dira, duela gutxi ziurtagiri-prozesua hasteko hautagai izendatu zituztenak.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak nabarmendu duenez, "ziurtagiri-sistema berri honek baloratzen du Udalbatzaren, tokiko enpresen eta herritarren ahalegina, hainbeste urtean hondakinen sorrera minimizatzeko konpromisoa hartu ostean. Europa iparraldeko udalerrien liga berean jokatzeko aukera izatea pozgarria da benetan”.