Adegik egoera ekonomikoaren inguruan egin duen txostenaren aurkezpena | Argazkia: Europa Press

Gipuzkoa

BPG %2ra igo liteke eta 2.500 lanpostu inguru sor litezke aurten Gipuzkoan, Adegiren arabera

Ekonomiaren hazkunde txikia gorabehera, Gipuzkoako enpresen %93k langileak mantentzea edo gehiago kontratatzea aurreikusten du

Gipuzkoako Barne Produktu Gordina (BPG) %0,5 eta %2 artean haziko da 2023an eta 2.000-2.500 lanpostu inguru sortuko dira aurten lurraldean. Hala jakinarazi du Adegik, egoera ekonomikoaren inguruan egin duen txostenaren aurkezpenean. Hala ere, inflazioaren bilakaeraren, energiaren eta lehengaien kostuen, interes-tasen eta baldintza geopolitikoen mende egongo dira Gipuzkoako Enpresen Elkarteak egindako aurreikuspenak.

Eduardo Junkerak, Jose Manuel Ayerzak eta Patxi Sasiainek, Adegiko presidenteak, zuzendari orokorrak eta Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak aurkeztu dituzte egoera ekonomikoari buruzko inkestaren emaitzak prentsaurrekoan.

Junkerak zehaztu duenez, inkesta horren emaitzen arabera, enpresen konfiantzak “zertxobait gora” egin du, eta Gipuzkoako enpresen merkatuen egoera “irailean aurreikusitakoa baino hobea den arren, oraindik ez da iazko mailara iritsi”. Hala, inkestan parte hartu duten enpresen %86k uste du beren merkatuen egoera “normaltasunekoa edo suspertzekoa” dela.

Enpresen %93k langileak mantentzea edo kontratazio gehiago egitea aurreikusten du, eta lau enpresatik batek argi ikusten du plantillaren handitzea. Aitzitik, plantilla murriztea aurreikusten duen enpresen kopurua %7koa da, 2019ko urtarriletik izandako zenbatekorik txikiena.

Halaber, Adegiko presidenteak azpimarratutakoaren arabera, Gipuzkoako enpresen jarduera ekonomikoa “handia izan da 2022. urte osoan zehar, gerraren, kostu handien eta inflazioaren erasoei aurre eginez”. Horri lotuta, 2023. urtea iaz iragarritakoa baino “zertxobait hobea” izango dela jakinarazi du, hori bai, ekonomiaren hazkundea “ahula” eta “2022koa baino askoz txikiagoa” izango dela ohartarazi du.

Era berean, kezka-iturri nagusitzat dituzte Adegin lehengaien eta energiaren hornidura eta prezioa, lan kostu handiak eta soldata igoera handiak, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna, edota salmenten errentagarritasunaren jaitsiera.