• AEKk eta EnpresaBIDEAk hitzarmena sinatu dute 24. Korrika sustatzeko

AEKk eta EnpresaBIDEAk hitzarmena sinatu dute 24. Korrika sustatzeko

Korrikaren dimentsio ekonomikoari ikusgarritasuna emateko aukera ezin aproposagotzat jo dute bi entitateek

Korrikaren lekukoa | Argazkia: utzitakoa / EnpresaBIDEA
Korrikaren lekukoa | Argazkia: utzitakoa / EnpresaBIDEA
2025eko abenduaren 23a - 10:48

Olentzero eta Maridomingi espero baino goizago igaro dira EnpresaBIDEA eta AEKko bulegoetatik, eta opari ederra egin die: bi entitateen arteko hitzarmena 24. Korrika sustatzeko. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea bilatzen duen egitasmoari esker, elkarlanean arituko dira bi erakundeak. Hala, EnpresaBIDEA Korrikaren difusioan arituko den hedabideetara gehituko da beste urtebetez, eta lasterketaren dimensio ekonomikoari —zentzu zabalenean— helduko dio, egitasmoaren dimentsio sozialari ere oso loturik dagoena. Gainera, Korrikan parte hartzeko asmoa du lantaldeak.

 

Korrikaren 2026ko edizioa martxoaren 19an Atharratzetik irtengo da eta Bilbo izango du helmuga, martxoaren 29an. Euskara gara lelopean, Euskal Herria zeharkatuko du —ibilbidea zehatza urtarrilean aurkeztuko da—, euskararen garra piztu asmoz. 24. edizioaren omendua Errigora izango da. 

2025eko azaroaren 29an 45 urte bete dira lehen Korrika abiatu zenetik, Oñatiko Unibertsitatetik, eta efemeridea aprobetxatu du AEK aldarrikapenak egiteko. Alegia, “Korrika antolatzeko arrazoiak bere horretan mantenduko direla, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte".