• BERRIKUNTZA
  • 25 urte bete ditu Donostia International Physics Center zentroak

25 urte bete ditu Donostia International Physics Center zentroak

Atzo egin zuten ospakizun ekitaldia Donostian. Eraikin berria izango du zentroak, bere jarduerari "jauzi kualitatiboa" emango diona

Argazkia: DIPC
Argazkia: DIPC
2025eko abenduaren 5a - 10:58

DIPC Donostia International Physics Centerek bere 25. urteurren ekitaldia egin zuen atzo Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Fisikaren gaineko ikerketa lantzen duen zentroak bere ibilbideko mugarri garrantzitsuenak azaldu zituen, baita egungo bere jarduera nagusiak ere.

 

Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak pertsona eta erakunde ugariren lankidetza sakon eta eskuzabala azpimarratu zuen, eta ikerketa zentroaren arrakasta lorpen kolektiboa dela adierazi. Aran García Lekue proiektu estrategikoen zuzendariak agerian jarri zuen oinarrizko ikerketak zer garrantzi duen aplikazio berriak garatzeko motor gisa, eta nabarmendu zuen DIPCk funtsezko hainbat ikerketa-ildo dituela eta etorkizuneko harrobi zientifikoa osatzen laguntzen duela, ikertzaile gazteen parte-hartze aktiboan oinarrituta.

Imanol Pradales lehendakaria ere atzoko jardunaldian izan zen, eta zera adierazi zuen: “Euskadi munduko zientziaren mapan kokatzeko erabakigarria izan da DIPC. Bikaintasunaren erreferente munduan. Herri proiektua eta harrotasun-iturria da gure herriarentzat”.

 

DIPCren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko ideia zabaldu zen ekitaldian, eta horren erakusle zentroak izango duen eraikin berriaz mintzatu ziren. Espazio hori Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak finantzatuko du, eta, azaldu dutenez, “jauzi kualitatibo” bat emango dio zentroaren jarduerari.

“Politika zientifiko on batek epe luzea behar du, jarraipena. DIPC politika horren emaitza da, bata bestearen atzetik etorri diren gobernu guztiek bultzatu eta sostengatu dutena. Laster inauguratuko dugun DIPCren eraikin berria erabakigarria izango da munduko abangoardian jarraitzeko”, adierazi zuen Pedro Miguel Etxenikek ekitaldiaren amaieran.