
Bind 4.0k plataformak gaur goizean Euskalduna Jauregian Demo Day 2023 ekitaldia antolatu du. 26 start upek jorratutako 30 proiektu aurkeztu dira bertan eta 500 bat pertsona baino gehiago elkartu dira. Industriaren azken berrikuntzak eta joerak ezagutzeko parada izan dute bertara gerturatutako eragileek, eta jardunaldian parte hartu dute Estibaliz Hernáez Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Aitor Urzelai SPRI Taldearen zuzendari nagusiak eta Leyre Madariaga Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak.
Halaber, Mercedes-Benz, ITP Aero, Sidenor, Danobatgroup, Iberdrola, Bridgestone, BTI Biotechnology Institute edo Angulas Aguinaga enpresetako ordezkariak ere parte hartu dute ekitaldian, baita berrikuntzaren arloko adituak, mundu osoko start up disruptiboak nahiz merkatuko hainbat inbertsiogilek ere.
BIND 4.0 industriako start upentzat berrikuntza sustatu nahi duen plataforma izaki, urtero antolatzen industriaren berrikuntza sustatzeko topaketa, hala, erakunde publikoen, pribatuen eta start upen arteko elkarlanari esker berrikuntza arloan zabaltzen diren aukerak erakustea du helburu. Urte hauetan Bind 4.0k guztira 200 start up baino gehiago azeleratu ditu eta 300 proiektutik gora garatu, 7,7 milioi eurotik gorako fakturazioa erdietsiz.
Gaurko jardunaldian industria digitalago, jasangarriago eta efizienteago baterako berrikuntza aldarrikatu dute. Aldi berean, 26 start up parte hartzaileek euren teknologia disruptiboak erakutsi ahal izan dituzte, baita EAEko 30 proiektu berritzaileetan nola aplikatu dituzten azaldu ere.
Iazko edizioko berrikuntza-proiektu onenen kasu errealak erakusteko eta aurkezteko parada ere izan da, tartean Iberdrola eta Enline start uparen arteko elkarlana edota ITP Aero eta Gureak taldeko Vidext start uparen kolaborazioa nabarmenduz.
Steve Blank ekintzaile estatubatuarrak ere hitzaldia eskaini du gaurko jardunaldian eta Bind 4.0ren 8. ekitaldian parte hartzeko izen-ematea zabalik dagoela iragarri dute. Parte hartzeko interesa duten start up teknologiko berritzaile orok irailaren 8ra arteko epea izango du izena emateko.