• BERRIKUNTZA
  • Sei milioi euroko aurrekontua izango du Donostiako berrikuntza plan berriak

Sei milioi euroko aurrekontua izango du Donostiako berrikuntza plan berriak

Hiria zientzia eta teknologia esparruan erreferentziazko bilakatzea du xede Donostia Sustapenak. Iaz 1.568 enpresari lagundu ziola jakinarazi du sozietate publikoak

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendaria eta Ane Oiarbide zinegotzia | Argazkia: Donostia Sustapena
Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendaria eta Ane Oiarbide zinegotzia | Argazkia: Donostia Sustapena
2025eko apirilaren 7a
Eg. 2025eko apirilaren 7a

2025era begira Donostiako berrikuntza plana aurkeztu dute gaur hiriko Ekinn espazioan. Sei milioi euroko aurrekontua eta sei ildo nagusi izango ditu aurtengo planak, eta helburu du Gipuzkoako hiriburua zientzia, teknologia eta berrikuntzan erreferentziazko gune bilakatzea.

 

Donostia Sustapena sozietate publikoak hori du xede, hain zuzen. Iñigo Olaizola zuzendari nagusiak eman ditu aurtengo planaren xehetasunak, eta 2024ko balantzea ere egin du. Iaz 1.568 enpresa babestu zituen Donostia Sustapenak, eta 1.227 enplegu sortzen lagundu zuen. Donostiako biztanleria 189.000 pertsonakoa dela kontuan hartuta, biztanle bakoitzeko inbertsioa 30,6 eurokoa izan da, sozietate publikoaren arabera. Iaz, gainera, Ekinn espazio berria ireki zuten, eta azaldu dutenez, harrezkeroztik 229 ekintzailetza proiekturi eskaini zaie laguntza.

Olaizolarekin batera, Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko enplegu zinegotzia izan da, eta aurtengo berrikuntza programaren aurrekontua %4 handitu dutela azaldu du. "Plana pertsonei, enpresei eta proiektuei laguntza pertsonalizatua ematera bideratuta dago, kalitateko zerbitzu eta edukiekin, gune estrategikoarekin eta hiriko eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan”, gehitu du.

 

Honakoak dira 2025eko berrikuntza planaren sei jarduera ildoak: "udal berrikuntza publikoa aztertzea, hiria ekintzailetza-nodo berritzaile gisa sustatzea, Donostia zientziaren hiri eta berrikuntza-plataforma gisa bultzatzea, berrikuntza aukera berriak sustatzea hiri-ekonomiaren eremuan, gazte talentuaren garapen profesionalerako proiektuak bultzatzea eta hiria berrikuntza zentro gisa nazioartean kokatzea".

Nahiz eta zientzia arloko jarduerak sustatzen jarraitu nahi duten, Olaizolak nabarmendu du Donostian indar handia duen merkataritza eta ostalaritza sektoreari ere lagundu nahi diotela aurten. Talentuari buruz ere aritu da. Bere hitzetan, tokiko gazteei hirian geratzeko aukerak eskaini behar zaizkie, eta, era berean, kanpoko jendea ekartzeko beharra azpimarratu du.

Hala, 2025ean, Ekinn Summit-en edizio berri bat egingo dute, baita Ekinn+ start-upak bizkortzeko programa ere. Horrekin batera, SSSS (San Sebastian Science Society) marka garatu nahi dute, eta merkataritzarako “tokiko ekintza plan” bat jorratuko dute.