
Egun osoa adimen artifiziala gora eta adimen artifiziala behera. Une oro entzuten da hitza, hari buruzko hitzaldi eta ikastaroak gero eta gehiago dira, baita gaiari buruz idatzitako artikuluak ere. Egun bat bai eta hurrengoan ere bai, ChatGPTri errezetak edota dokumentuen laburpenak eskatzea ohiko bihurtu da.
Enpresetan ere nabari da aldaketa, eta asko eta asko dira jada AA konpainiaren barne estrategian era batera ala bestera txertatu dutenak. Beste askok, ordea, ez dute oraindik ere pauso hori eman, eta horretan laguntzen dihardu, hain zuzen, Beatriz Laskurain Larrañaga Mondragoan Unibertsitateko AA arloko irakasle eta formatzaileak. Datuen analisian eta marketin digitalean aditua da Laskurain, baina azkenaldian profesionalentzako formazioak eskaintzen ari da, helburu izanik AAk ekarri duen iraultza enpresen errealitatera era egokian gerturatzea.
Irailaren 25ean, Sarrera Adimen Artifizial Generatiboan: ulertu, erabili eta prestatu etorkizunerako izeneko ikastaroa eskainiko du, hain zuzen, Laskurainek, SPRIk Enpresa Digitalaren baitan antolatutakoa; datorren astelehenean ChatGPT Prompt Engineering eraginkortasunez erabiltzea ikastaroa ere eskainiko du SPRIk. AA erabiltzen hasi nahi duten konpainientzat interesgarriak dira horrelako ikastaroak, AA enpresan txertatzea ez baita egun batetik bestera hala nola eman daitekeen pausoa. Gauzak horrela, Laskurainek jarraibide batzuk eskaini dizkio EnpresaBIDEAri, enpresek pausoz pauso adimen artifiziala nola txerta dezaketen argitzeko asmoz.
Nahitaezkoak: formakuntza, araudia eta helburu argiak
Lehenik eta behin, eta ezinbestekoz, formakuntza teoriko zein praktikoa eskaini behar zaie enpresako langileei, argi eduki dezaten AAk nola funtzionatzen duen, zertan datzan, eta, hala, gaitasun berriak eskura ditzaten. Jendeari argi utzi behar zaio tresna berritzaile hau zer den eta zein funtzio bete ditzakeen, pentsaezina delako konpainian AA modu egokian erabiltzea langileek oinarri sendoa ez badute. Are gehiago, legeari dagokionez, formakuntza eskaintzea betebeharra da enpresentzat, AA enpresako lan-tresna gisa erabili nahi badute langileak prestatzera behartzen baititu Europar Batasunak.
Adimen artifiziala erabiltzen hastean, enpresa askotan akats berdinak errepikatzen dira, ezjakintasuna edo praktika falta dela eta
Dena den, pauso hori ematea ez da nahikoa, ezta gutxiago ere. Behin konpainia batek AA lanean txertatzea erabaki badu, halabeharrez koordinazio talde bat sortu beharko du, edo hori litzateke egokiena, behintzat. Izan ere, modu koordinatuan erabili behar da teknologia (batik bat, enpresa handietan), koordinazio ezak arriskuak ekar ditzakeelako, besteak beste, pribatutasun kontuak direla eta. Talde hori honako eginkizunez arduratuko da: AAren erabilera arautzea, enpresaren lehentasunak identifikatzea, proiektu pilotuen eraginkortasuna neurtzea, langileen trebakuntza bultzatzea eta AAk konpainian izango duen eraginaren eta inpaktuaren analisia egitea.

Bost puntu horiek dira, hain zuzen, enpresa batek bai ala bai eman beharreko pausoak. Barne arauditik hasita, garrantzitsua da zein tresna eta nola erabiliko den zehaztea: ChatGPT erabiliko dugu ala Llama 2? Zeregin hau egiteko erabiliko dugu, ala beste hau egiteko? Enpresaren helburuen arabera hartu beharko dira erabaki horiek, eta horretarako, noski, lehentasunak identifikatu behar dira: datu hauek laburbiltzeko erabiliko dugu AA? Akaso, eraginkortasuna sustatzeko? Aldi berean, hasieratik finkatu behar da prozesuetan zein puntura arte lan egingo duen AAk eta non kokatuko den gizakia; zalantzarik ez izan: gizakiak tresna gainbegiratu behar du, AA ez baita langilea ordezkatzeko makina bat, bere lana hobetzeko erreminta baizik.
Emaitzak neurtu egin behar dira
Enpresan finkatu dira jada AAren erabileraren nondik norakoak, helburuak, eta langileentzako formakuntza planak. Koordinazio taldea ere badago, baita barne-araudi argia ere. Eta orain, zer?
Bada, ideiak garbi daudenean eta AAz baliatzen hastean, erabilera kasuak identifikatu behar dira, horien balorazioa egin behar da, eta aztertutakoa kontuan izanik, lehentasun berriak ezarri behar dira. Ateratako ondorioekin, bide-orri eskalagarri bat egin behar da, alegia.
Prozesu batean AA txertatu nahi bada, prozesu horretan zein pertsona dauden eta zertan ari diren aztertu behar da lehenik
Proiektu pilotu batzuekin AA erabiltzen hasi, izan proiektu txiki eta laburrak, izan handi eta luzeak; denbora pasa ahala, AAren erabilerak izan dituen eraginak neurtu beharko dira: kostuak txikitu dira? Denbora tarteak murriztu dira? Nola aldatu da prozesua AA txertatu denetik? Enpresa bakoitzak, dituen helburuen arabera, hautatu beharko du neurgailuak zeintzuk diren (gastuak, zerbitzuaren kalitatea edo inbertitutako denbora, esaterako).
Neurketa horiek egiteak ahalbidetuko du funtzionatu duten eta konpainiarentzat estrategikoak izan daitezkeen proiektu pilotuak hedatzea, eta, ondorioz, eskalagarritasuna eta moldagarritasuna bermatzea. AAren gaineko neurketarik ez egitea eta modu isolatu eta puntualetan erabiltzea, tresnaren ahalmenari etekinik ez ateratzea litzateke.
Ekidin beharreko akatsak
Adimen artifiziala erabiltzen hastean, enpresa askotan akats berdinak errepikatzen dira, ezjakintasuna edo praktika falta dela eta. Honako hauek dira horietako oker batzuk:
- Datuen gobernantza eza: beharrezkoa da konpainiaren datuak era txukun eta ordenatuan izatea, ahal izanez gero, AA erabiltzen hasi baino lehen. Izan ere, AAk datuen-analisia egitea bada helburua, beharrezkoa da aurrez informazio guztia leku seguru batean izatea, dena txukun elkartuta.
Gizakiak tresna gainbegiratu behar du, AA ez baita langilea ordezkatzeko makina bat, bere lana hobetzeko erreminta baizik
- Fokua teknologian jartzea: pertsonak eta teknologia. Hori da ordena egoki on eta bakarra. Prozesu batean AA txertatu nahi bada, prozesu horretan zein pertsona dauden eta zertan ari diren aztertu behar da lehenik; jarraian, aukeratuko da prozesu eta egoera horretara zein teknologia egokitzen den hoberen. Hau da, finean, garrantzitsua da teknologiak erabiltzen ikasten hasi baino lehen langileengan fokua jartzea.

- Formakuntza eskaini eta listo: ez, formakuntza eskaintzearekin ez da nahikoa. Jendeak ikastaro bat entzuteak ez du esan nahi ikasitakoa di-da batean praktikan jarriko duenik. Enpresek aldaketa sustatu behar dute, eta horretarako beharrezkoa da goi mailako zuzendaritzak lidergoa izatea, laguntza etengabea eskaintzea. Proiektu pilotuetan lan egiten dutenak ez dira, oro har, zuzendaritzako kideak, eta horiek dira AAren erabilera egunerokoan txertatu beharko dutenak; ondorioz, une oro zuzendaritzaren babesa eta argibideak izatea funtsezkoa da.
- Erabilera azkarretarako soilik erabiltzea: aurreko puntuan aipatutakoaren ildo beretik, langileen AAren erabilera zuzena bermatu behar da. Jendeak jada erabiltzen du ChatGPT eguneroko “tontakeriak” galdetzeko, baina hori ez da AAren “erabilera zuzena” egitea, horrela ez delako AAren potentzial osoa erabiltzen. Egora horri buelta ematea eta tresnaren potentzial osoa erakustea gakoa izango da.