
EDA Drinks & Wine Campus-en Gasteiz eta Guardiako espazioak aurkeztu dituzte gaur Arabako hiriburuan. Basque Culinary Centerrek bultzatutako proiektua da EDA, Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, eta ardoaren berrikuntza zentro izan nahi du, unibertsitate-ikasketak eta master espezializatuak eskainiz eta edariaren gaineko ikerketak garatuz. Lanen oinarrizko eta exekuzio proiektua amaitu ondoren, irailean bi egoitzak eraikitzeko lizitaziorako deialdia egingo da, eta bi eraikinetako obrak 2025eko abenduan hasiko dira.
Mugarik Gabe izena izango du zentroak, eta Carvalho Araújo arkitektura-estudio portugaldarra arduratuko da Gasteiz eta Guardiako bi espazioak eraikitzeaz. Gasteizko eraikinak 4.000 metro karratu erabilgarri izango ditu eta prestakuntzara bideratuko da nagusiki. Bertan, analisi sentsorialeko gela bat, lau laborategi (kromatografia, fisika eta kimika, eta mikrobiologiakoak zehazki), zortzi tailer eta auditorio bat egongo dira. Horrez gain, ia 900 metro karratuko espazioa izango du solairu pilotuarentzat, eta bertan ikasleek ekoizpen-prozesuetan dituzten ezagutzak praktikan jarri ahal izango dituzte.
Guardiako eraikinak, berriz, 2.500 m² erabilgarri izango ditu, eta ekintzailetza izango du ardatz nagusi. Bertan, besteak beste, analisi sentsorialeko gela bat, bi laborategi (bat mikrobiologiakoa eta bestea fisika eta kimikakoa), lau tailer eta auditorio bat egongo dira. Gainera, 700 m² baino gehiago izango dira solairu pilotuarentzat, eta bertan ardogintzari eskainitako eremuak egongo dira, hala nola hartzidura eta zahartze guneak.
Gaurko aurkezpenean izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua , Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Raúl García Guardiako alkatea, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendari nagusia eta José Carvalho Araújo bi zentroak eraikiko dituen arkitekto arduraduna.
Arabako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "EDA pizgarri eraldatzailea izango da hainbat alderditatik: mahastizaintzan, enologian, iraunkortasunean, marketinean edo digitalizazioan kualifikazio handia duten gazteak trebatuko ditu”. Aizegak, bestalde, proiektu honen garrantzi estrategikoa nabarmendu du: “eraikinak ezagutza, teknologia eta sormena elkarrekin biziko diren espazio apartak izateko pentsatu dira. Etorkizunaren gure ikuspegia irudikatzen dute: tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen campus bat osatuz, ardoaren eta edarien kulturaren bihotzetik abiatuta. Erreferente arkitektoniko eta funtzional gisa eratzen dira, industriaren erronka globalak gidatzeko bokazioa duen sektore baten zerbitzura".