Abian da Abanto Campusa, Parke Teknologikoaren eta Energy Intelligence Centerren egoitza izango dena

70 milioiko inbertsioa izan du, eta Hidrogenoaren Euskal Korridorea bezalako proiektu estrategikoen garapena hartuko du

Abanto Campusaren inaugurazio ekitaldia | Argazkia: Irekia Abanto Campusaren inaugurazio ekitaldia | Argazkia: Irekia

Abantoko campusak astelehen honetan hasi du bere ibilbidea, bere eraikin nagusiaren inaugurazioarekin. 18.932 metro koadroko azalera du guztira, eta Euskadiko Parke Teknologikoaren eta Energy Intelligence Centerren (EIC) egoitza izango da. Campus berriko lehen eraikina da, diseinu modernoa duena eta energiari lotuta autosufizientea, fatxadan eta estalkian duen instalazio fotovoltaiko berritzaile bati esker.

Gaur inauguratutako instalazioek espazio bat eskaintzen diete enpresei trantsizio energetikoari lotutako teknologia aurreratuetan I+G+b proiektuak garatzeko. Instalatuko diren lehen enpresak Petronor, AMPO, Tubacex, Tubos Reunidos eta Vicinay izango dira. 70 milioi euroko inbertsioarekin, funtsezko pieza izango da Hidrogenoaren Euskal Korridorea bezalako proiektu estrategikoak garatzeko. Halaber, hidrogeno-hornidura duen lehen enpresa gunea da, Petronor-Nortegasek dagoeneko egindako hidrozubiari esker.

Parke Teknologikoaren egoitza gunea alokairu-erregimenean dauden enpresentzat da, eta Parkeak kudeatzen dituen bilera-gelak eta elementu komunak ditu. 4.300 m2 ditu, hiru solairutan banatuta, energia garbien sektoreari lotutako enpresa proiektuak hartzeko, batez ere hidrogenoaren balio kateari lotutakoak. Eraikinak, era berean, 1.700 m2tik gora gune komun ditu ekitaldi areto baterako, erakusketa gune baterako eta erabilera anitzeko aretoentzako, energia hidrogenoaren ekosistemako enpresek beren proiektuak, prestakuntza edo networkinga zabaltzeko espazioak izan ditzaten.

Energy Intelligence Centerrek, bere aldetik, 7.907 metro koadro hartzen ditu, lau solairutan banatuta. Solairu horietan, enpresentzako bulegoak eta laborategiak eta full scale makineria izango duen industria nabe bat egongo dira. Trantsizio energetikoak berarekin dakartzan erregai eta garapen berrietara bideratutako ekosistema teknologiko-industriala egituratzeko gai den bikaintasun zentro gisa diseinatu da; bereziki hidrogenoaren inguruan, etorkizun handieneko energia-iturri gisa.

Zentroaren inaugurazio ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Petronor, Tubacex, Tubos Reunidos, AMPO eta Vicinayko zuzendariekin, eta zenbait erakundeetako ordezkariekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoak Europako energia sektorean duen posizioa sendotu eta hobetzen jarraitzearen alde egin du lehendakariak: “Sektorea funtsezkoa da herrialdean, eta lehiakortasuna sendotzeko, hazkundea bermatzeko, eta enplegu aukera berriak sortzen jarraitzeko bidea da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK