• BERRIKUNTZA
  • Zer esan nahi du AAren agenteak enpresa baten txertatzeak?

Zer esan nahi du AAren agenteak enpresa baten txertatzeak?

Adimen Artifiziala industria erabat aldatzen ari da, eta Hizkuntza Eredu Handietan oinarritutako eragile edo agenteak mugarri dira

Udazkenetik gaurdaino garapen itzela gertatu da AAko agenteen esparruan | Argazkia: iStock
Udazkenetik gaurdaino garapen itzela gertatu da AAko agenteen esparruan | Argazkia: iStock
IMG 0321
Kazetaria
2026eko urtarrilaren 31a - 05:30

Inflexio-puntu batean gaude. Orain dela gutxi arte, AA sortzailea batez ere “txat” moduan erabiltzen genuen: galdera bat, erantzun bat… Azken hilabeteetan, ordea, jauzia ikusten ari gara: sistemak ez dira bakarrik erantzuten duten laguntzaileak, baizik eta helburu bat emanda, pausoak antolatu eta ekintzak egiteko gai dira. Hori sumatzen ari da garapen-inguruneetan, IDE berrietan —Cursor, Claude Code, Antigravity, Claude Cowork…— terminalean lanean ari diren agenteetan… Aitzitik, pixkanaka bulegoko lanetara ere iristen ari da. Aldaketa hori ez da soilik diskurtsiboa; gaitasun teknikoetan ere salto bat dago. Eta horretan eragile edo agenteek dute zerikusi handia.

 

Udazkenetik hona sekulako jauzia eman dute, Beatriz Laskurain Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakasleak EnpresaBIDEAri kontatu dionaren arabera. "Hori agerikoa izaten ari da, adibidez, garapen-inguruneetan: IDEek (Cursor, Antigravity, Claude Code, …) ez dute bakarrik kode-zati bat proposatzen, baizik eta prozesu oso baten parte bihurtzen dira", esan du. Ezagutza du esparruan, Adimen Artifizial arloan ari baita lanean, enpresa eta profesionalentzako prestakuntza koordinatzen eta ematen, besteak beste. Tartean, berak koordinatu du otsailaren 3an bertan SPRIko Enpresa Digitalarako antolaturiko AAko agenteei buruzko sarrera ikastaroa, hasierako alfabetizazioa helburu duena.

Lan teknikoetan, salmentetan, administrazio lanetan

Enpresak gauza askotarako erabiltzen ari dira agenteak. Baina eremu garatuena, zalantzarik gabe, lan teknikoarena da. “Garapen-inguruneetan ikusten ari gara agenteek jada ez dutela soilik kodea iradokitzen: fitxategiak irakurri eta editatzen dituzte, terminalean exekutatzen dute, erroreak detektatu eta konpontzen saiatzen dira. Horrek garatzaileei lan mekaniko asko kentzen die, eta arreta gauza garrantzitsuagoetan jartzeko aukera ematen die”, ohartarazi du Laskurainek.

 

Hortik aurrera, beste joera interesgarri bat sortzen ari da, askok vibe coding deitzen dutena; hau da, programazioan adituak ez diren pertsonak ere aplikazio edo soluzio funtzionalak sortzen ari dira, agenteekin elkarrizketan, ideia edo beharra azalduz. Agenteak arduratzen dira kodeaz, eta pertsonak emaitzaz eta norabideaz.

Beatriz Laskurain (MU): “Garapen-inguruneetan ikusten ari gara agenteek jada ez dutela soilik kodea iradokitzen: fitxategiak irakurri eta editatzen dituzte, terminalean exekutatzen dute, erroreak detektatu eta konpontzen saiatzen dira"

Beste erabilera eremu bat salmentetan eta bezero-arretan ikusten ari da. Hemen agenteak, batez ere, lehen filtro gisa erabiltzen dira: emailak sailkatzeko, eskaerak kualifikatzeko edo galdera ohikoei lehen erantzuna emateko. Batzuetan taldeak indartzeko, eta beste batzuetan ordezkapen partzial gisa, nahiz eta fidagarritasuna oraindik erronka bat izan kasu askotan.

Eta azkenik, barne-prozesuetan eta administrazio-lanetan ari da ikusten beste jauzi bat; dokumentuak aztertzea, informazioa bildu eta laburtzea, txostenen zirriborroak prestatzea, edo fitxategiak eta informazioa antolatzea. Laskurainek dioenez, horrelako zereginetan agenteek balio handia ematen dute, batez ere  pertsonak balio handiagoko lanetara bideratzeko aukera ematen dutelako.

Botere gehiago, kalte handiagoa

AArekin zerikusia duten alderdi guztiekin gertatu bezala, dena ez dira abantailak. Arriskuak ere badituzte agenteek, aintzat hartu beharreko segurtasun elementuak, Laskurainek azaldu duenez. “Txat batek zerbait oker esaten badu, normalean zuzendu egiten duzu eta hor geratzen da; agenteek fitxategiak mugitu ditzakete, mezuak bidali, informazioa prozesatu edo sistemetan eragina izan. Horrek esan nahi du akats batek ondorio errealak izan ditzakeela, eta batzuetan atzera bueltarik gabekoak dira", ohartarazi du. Bestela esanda, agenteak ez dira kanpoko tresna neutroak; sisteman baimenak dituzten heinean, barrutik jarduten dute, eta konfigurazio okerrak berdin-berdin ekarri dezake kaltea. 

Beste arrisku garrantzitsu bat kate-efektua da. Agente batek informazio okerrarekin lan egiten badu, akats hori beste agente edo prozesu bati pasa diezaioke, inor konturatu gabe, eta arazoa handitzen joan daiteke. "Horregatik da hain garrantzitsua kontrol-puntuak eta gainbegiratzea ondo diseinatzea", nabarmendu du MUko irakasleak.

Beatriz Laskurain (MU): “Txat batek zerbait oker esaten badu, normalean zuzendu egiten duzu eta hor geratzen da; agenteek fitxategiak mugitu ditzakete, mezuak bidali, informazioa prozesatu edo sistemetan eragina izan. Horrek esan nahi du akats batek ondorio errealak izan ditzakeela, eta batzuetan atzera bueltarik gabekoak dira"

Segurtasunaren ikuspegitik, gaur egun, kezka nagusietako bat dira ohiko segurtasun-hesiak, guardrails bezala ezagutuak, ez direla beti nahikoak. "Agenteak engainatu daitezke, adibidez, testu edo eduki maltzurren bidez, beren jatorrizko instrukzioak alde batera utzita ekintza desegokiak egiteko", adierazi du. Horri gehitu behar zaio beste muga bat: fidagarritasuna. "Proiektu luzeetan, testuingurua galtzeko edo aurreko erabakiak ahazteko joera ere badute", gehitu du. 

Kudeaketa aldaketa

Laskurainek argi du: "Diskurtso batzuk entzunda badirudi agenteek dena egingo dutela beraien kabuz, gu ordezkatuz. Eta egia da gauza asko egiteko gai direla. Aldiz, gaur egun ez dira autonomoak zentzu osoan oraindik. Adibidez, teknikoki ondo dagoen zerbait egin dezakete, baina estrategikoki okerra izan daiteke". Hala izan beharko zuketenik ere zalantzan jar liteke. Gizakien eta agenteen arteko lana uztartzea gakoa delako. Eta hor dago erronka handiena MUko irakaslearen hitzetan: “Askotan esaten dut: teknologia nahiko prest dago. Erronka handiena pertsonetan eta antolakuntzan dago; nork erabiltzen du? Nork gainbegiratzen du? Zer prozesuetan? Zer gertatzen da zerbait gaizki ateratzen bada?”

Agentifikazioak galdera horiek are gehiago azaleratzen ditu. Ez da software bat instalatzea, aldaketa kudeaketa da. Ohitura berriak, rol berriak eta ardura berriak eskatzen ditu, eta, batez ere, alfabetizazioa eta kapazitazioa.

Beatriz Laskurain (MU): "Teknologia nahiko prest dago. Erronka handiena pertsonetan eta antolakuntzan dago; nork erabiltzen du? Nork gainbegiratzen du? Zer prozesuetan? Zer gertatzen da zerbait gaizki ateratzen bada?”

Horregatik, Laskurainek enpresei gomendio sinpleak ematen dizkie normalean. "Hasi txikitik: prozesu errepikakor batekin. Ez hasi dena zu eraikitzen; probatu agente komertzial bat eta ez eman autonomia gehiegi hasieran. Ingurune kontrolatuak sortu frogak egiteko. Eta prestatu ondo jendea, formatkuntzaren bitartez eta oso argi azalduz zer espero den agentearen aldetik eta zer ez. Espektatiba altuak arriskutsuak izaten baitira", kontatu du. Izan ere, gakoa honakoa da: "Agenteak lana egiten du (kodea, emailak, analisia), baina gizakiak helburua finkatzen du, emaitza gainbegiratzen du, eta azken erabakia hartzen du. Hor dago gaur egungo erabileraren oreka".