EAEn adimen artifiziala aurrea hartzen ari da, eta jada ez da etorkizuneko promesa bat: enpresen, zentro teknologikoen eta erakundeen errealitatean aldaketak ekarri ditu dagoeneko. Hala baieztatzen du Adimen Artifizialaren EAEko bigarren diagnostikoak, zeina Adimen Artifizialaren EAEko zentroak (BAIC) garatu duen. Txostenak sektorearen AAren adopzio-maila, eragin ekonomikoa eta erronkak neurtzen ditu, eta erakusten du teknologiaren erabilera %42 igo dela urtebetean.
Atzo egindako txostenaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Nerea Aranguren BAICeko presidenteordeak (Mondragon Korporazioaren izenean) eta Laura Marron zentroko zuzendari nagusiak. Haiek arduratu ziren testuinguruan jartzeaz 2030eko Transformazio Digitaleko Estrategia eta Euskadiko Adimen Artifizialeko Plana eguneratzeko oinarri izango den diagnostikoa.
Argi mintzatu zen Ganzarain: “Industria ETEen artean adimen artifizialaren adopzioa zabalduko dugu. Datozen hamar urteotan, lehiakortasuna datuen, adimenaren eta ezagutza hori balio bihurtzeko gaitasunaren inguruan jokatuko da”. Sailburuordearen ustez, AAren aldeko apustua ez da teknologikoa soilik, ekonomikoa eta estrategikoa ere bada. “Adimen hori hemen, EAEn, gure industrian eta gure gizartean sortzea, kudeatzea eta aprobetxatzea nahi dugu”, azpimarratu zuen.
EAE adimen artifizialaren aroan sartu da bete-betean
Ikerketaren arabera, EAEk erabakitasunez egingo du aurrera AA ezartzeko bidean. Izan ere, urtebete eskasean, teknologia hori erabiltzen duten erakundeen ehunekoa %12,2tik %17,4ra igo da, hau da, %42ko jauzia eman da hamabi hilabetetan. Hazkunde horrek, enpresek AArekiko duten interes handiagoa ez ezik, islatzen du industria eta ekoizpen prozesuetan AA gero eta gehiago integratzen ari dela.
Datu ekonomikoak ere azpimarragarriak dira. Dagoeneko AA erabiltzen duten enpresen fakturazioak, batez beste, %8,7 egin du gora. Gainera, urtebetean bikoiztu egin dira AAko soluzioak hornitzen dituzten konpainien diru-sarrerak, 105 milioi eurotik 223 milioi eurora igota. Guztira, 557 milioi euro inbertitu dira AAn, eta inkestatutako eragileen ia %93k AAn inbertitzen jarraitzeko asmoa erakutsi du.
Laura Marron (BAIC): "AA ez da etorkizuna: oraina da, eta haren eragina ekosistema osoaren inplikazioaren araberakoa izango da"
“EAEk gero eta ekosistema sendoagoa du, baina enpresen adopzio zabalago, etikoago eta ordenatuago baterantz aurrera egiten jarraitu behar dugu”, azaldu zuen Marronek. BAICeko zuzendariaren ustez, erronka nagusia ez da hainbeste teknologia deskubritzea, baizik eta haren potentziala modu koordinatuan aprobetxatzea: “AA ez da etorkizuna: oraina da, eta haren eragina ekosistema osoaren inplikazioaren araberakoa izango da. Enpresa bakoitzak, erakunde bakoitzak eta profesional bakoitzak badu bere ekarpena eraldaketa honetan”, esan zuen.
BAICen diagnostikoak ez ditu soilik datu kuantitatiboak jasotzen: politika publikoak eta enpresa estrategiak bideratzeko iparrorratz gisa balio du. “Euskadi 2030 planak are indar handiagoa hartzen du, AA gakoa baita industrian”, gogorarazi zuen Marronek, eta, aldi berean, nabarmendu zuen txosteneko datuek ikuspegi argia ematen dutela jakiteko lurraldearen eraldaketa digitalak norantz jo behar duen.
Enplegua eta ezagutza sortzen dituen ekosistema
Adimen artifiziala eragin zuzena izaten ari da enpleguan. EAEk 9.500 profesional espezializatu baino gehiago ditu, baita urtean 1.159 graduatu inguru ere, hau da, iaz baino %20 gehiago. Hala ere, eskariak eskaintza gainditzen jarraitzen du: lau enpresetatik batek bakarrik lortzen du behar dituen profil espezializatu guztiak betetzea.
Ikerketaren arabera, oraindik ere nabaria da talentu falta, eta, ondorioz, Marronek azpimarratu zuen garrantzitsua dela jendea gaitasun digital aurreratuak eskuratzera bultzatzea. Era berean, gogorarazi zuen badirela AAko prestakuntza-aukerak identifikatzen laguntzen duten programak eta plataformak, hala nola, IkasIA katalogoa.
Nerea Aranguren (BAIC): "EAEk erakusten du lankidetzatik abiatuta gai dela industria iraultza berri hau gidatzeko"
Enpleguaz gain, kultur aldaketa sakona islatzen du diagnostikoak. Hamar erakundetik zortzik onartzen dute AAren erabilerari lotutako barne-eraldaketak bizi izan dituztela, eta hamarretik bik “oso garrantzitsutzat” jotzen dituzte eraldaketa horiek. Ildo horretatik, BAICek AAren 130 erabilera kasu identifikatu ditu EAEko enpresetan eta katalogo batean bildu ditu, xede izanik beste erakunde batzuk jauzi teknologikoa egitera bultzatzea.
Arangurenek elkarlanerako behar hori nabarmendu zuen, euskal ekosistemaren faktore bereizgarrietako bat bezala: “EAEk erakusten du lankidetzatik abiatuta gai dela industria iraultza berri hau gidatzeko. Enpresen, zentro teknologikoen eta administrazioen arteko elkarlana erronkak aukera bihurtzen ari da, AA fidagarria, arduratsua eta gizartearen ongizatera bideratua bultzatuta".
Azpiegiturak, etika eta datuen subiranotasuna
Hazkunde hori ez litzateke posible izango oinarri teknologiko sendorik gabe. Hori dela eta, EAEn 28 datu-zentro eta zazpi superordenagailu (HPC) daudela jakinarazi da ikerlanean, zeintzuen bidez azpiegitura aurreratuen sarea finkatzen den. Hala ere, txostenean ohartarazi da oraindik beharrezkoa dela enpresa txiki eta ertainei eta start-upei sarbide hori irekitzea, berrikuntza ez dadin mugatu korporazio handietara.
Araudiari dagokionez, aurrerapausoak motelagoak dira. EAEko agenteen %12 soilik dago Adimen Artifizialari buruzko Europako Araudiarekin lerrokatuta, baina %45 hasi da dagoeneko araudi propioak garatzen. Ganzarainen ustez, alderdi hori funtsezkoa da: “Datuaren balio-kate burujabe baterantz egin nahi dugu aurrera. Euskal industriak sortutako informazioa Euskaditik kudeatu eta aprobetxa dadila, segurtasuna, lehiakortasuna eta autonomia teknologikoa bermatuta”.

Diagnostikoak berak oraindik gainditu gabe dauden erronkez ohartarazten du: proiektu pilotuak eskalatzea, gaikuntza handitzea, azpiegituretara bidezko sarbidea ziurtatzea eta teknologiaren erabilera etiko eta gardena bermatzea. Marronen hitzetan, “indartsu hazten ari gara, baina elkarrekin aurre egin beharreko funtsezko erronkei eutsi behar diegu”.
Nora goaz?
BAICek nahi du diagnostikoa ez dadila txosten soil batean geratu, benetako aldaketak bultzatzeko erreminta gisa balio dezala baizik. Hori dela eta, autodiagnostikorako tresna digitala jarriko du martxan zentroak. Horri esker, erakundeek aukera izango dute AAn duten garapen-maila ebaluatzeko, hobetzeko arloak detektatzeko eta eskura dituzten laguntza-programak ezagutzeko. “Tresna praktikoa izatea nahi dugu, benetako emaitzak lortzeko pentsatua”, azaldu du sailburuordeak.
Ekimen horrek indartu egiten du enpresa-sareari eraldaketa digitalean laguntzeko estrategia, baita hazkunde ordenatua eta etikoa finkatzeko estrategia ere. Marronek gogorarazi zuenez, “AA jada ez da etorkizuna, gure industria eraldatzen ari den egungo errealitatea baizik”.
Jaione Ganzarain (Eusko Jaurlaritza): "Euskal industriak sortutako informazioa Euskaditik kudeatu eta aprobetxa dadila, segurtasuna, lehiakortasuna eta autonomia teknologikoa bermatuta"
Diagnostikoak ikuspegi baikorra erakusten du: enpresa gehiagok erabiltzen dute AA, talentua hazten ari da eta inbertsioa gero eta handiagoa da. Baina, era berean, ohartarazi du erronkek bere horretan dirautela (talentu arrakalatik hasi eta azpiegituretarako bidezko sarbideraino), eta arrakasta ekosistemako eragile guztien arteko lankidetzaren araberakoa izango dela. “AAren garapenak EAEren lehiakortasuna eta ongizatea markatuko ditu hurrengo hamarkadan”, berretsi zuen zuzendari nagusiak.