Adimen artifizialaren argi-ilunak

Gure egunerokoa eraldatzen ari den teknologiak baditu zenbait arrisku ere

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Usue Mori Carrascal, EHUko Informatika Fakultateko irakasle agregatua
2025eko irailaren 17a - 05:30

Kobazulo batean bizi ez bazara, ziur azken urteetan gauza asko entzun dituzula adimen artifizialari buruz. Are gehiago, ia ziur esango nuke modu kontziente edo inkontzientean erabili duzula adimen artifiziala zure egunerokoan. Izan ere, adimen artifiziala ia alderdi guztietan txertatu da jada.

 

Baina… zer da adimen artifiziala?

Badaude ezaugarri batzuk zuzenean lotzen ditugunak adimenarekin, adibidez, planifikatzeko gaitasuna, arrazoiketa, komunikazio gaitasuna, sormena, etab. Horrelako portaerak edo ezaugarriak makina batek erakusten dituenean, adimen artifiziala duela diogu. 

Gezurra dirudien arren, adimen artifiziala aspalditik lantzen joan den teknologia da, eta bere historian zehar hainbat eta hainbat forma izan ditu, sistema adituetatik hasita (ezagutza adituengandik biltzen zutenak), datuetan bakarrik oinarritutako egungo sistemetara. Egun, gizakiak ikasten dugun moduan, makinek ere esperientziatik ikasten dute: adibide asko ikusten dituzte eta, poliki-poliki, eredua ikusten dutenera doitzen dute, horretarako algoritmoak erabilita. 

 

Gizakiak ikasten dugun moduan, makinek ere esperientziatik ikasten dute: adibide asko ikusten dituzte eta, poliki-poliki, eredua ikusten dutenera doitzen dute, horretarako algoritmoak erabilita

Adibide ohiko bat sailkatzaile sistema bat da, esate baterako, katu edo txakur baten edozein irudi emanik irudian agertzen den animalia automatikoki zein den esango digun sistema bat, pertsonen inongo parte-hartzerik gabe. Problema sinplea da pertsona batentzat, baina nola erakutsi makina bati txakur eta katuen artean ezberdintzen? Esan bezala, makinek esperientziatik ikasten dute, hau da, adibide pila bat erakusten zaizkio, kasu honetan, irudiak, bakoitza bere etiketarekin (katua ala txakurra). Irudi horiek guztiak algoritmo baten bidez prozesatzen dira, zeinak oinarrian matematika, estatistika eta probabilitatea dituen; horrek, ikasitako patroiak bilduko dituen eredu berri bat sortuko du, aurrez emandako adibide horietatik guztietatik abiatuta. Noski, ikusi gabeko datuak sailkatzean ereduek akatsak egiten dituzte batzuetan, batez ere, datu berri horiek ikasteko erabilitakoetatik asko aldentzen badira.

Zertarako balio dezake?

Egoera askotan izan daiteke lagungarria eta erabilgarria adimen artifiziala jendearentzat. Adibide gutxi batzuk jartzearren, adimen artifiziala erabili daiteke azken udara honetan denon ahotan egon diren moduko suteak iragarri eta itzaltzeko planak sortzen laguntzeko. Medikuntzan ere, aurrerapen handiak izan dira adimen artifizialari esker, besteak beste, txertoak eta botikak era eraginkorragoan sortzeko, irudi medikuetatik diagnostikoak egiteko eta pazienteak monitorizatzeko erabili baita. Azkenik, Fake Newsen aroan, adimen artifiziala notizia faltsuen sortzaile izan daitekeen bezala, horiek detektatzeko tresna moduan ere erabili daiteke.

Zerrenda luzatzen jarraitu dezakegu, izan ere, adimen artifizialak baditu hainbat eta hainbat aplikazio onuragarri. Baina, noski, dena ez da horren polita.

Zeintzuk dira sortu ditzakeen kalteak?

Nahiko hedatuta dago makinek eta robotek kontrolatuko egingo gaituztelakoaren ideia. Baina momentu honetan, adimen artifizialaren arriskuek beste itxura bat hartzen dute.

Hasteko, erabilera aldetik, argi dago adimen artifiziala onuragarriak ez diren gauza askotarako erabil daitekeela, eta erabiltzen dela. Adibide nabarmen eta oso deigarri bat da Israelek Palestinarren aurka erabiltzen duen Lavender sistema da (bonbardaketen biktimak hautatzeko sistema automatikoa). Baina, adibide gertukoagoak ere badaude, besteak beste, ChatGPT psikologo moduan erabiltzen dutenak, eskolako lanak egiteko erabiltzen dutenak, etab.

Erabilera okerraz haratago, frogatuta geratu da adimen artifizialak gizartean existitzen diren alborapenak erreplikatzen eta batzuetan areagotzen dituela

Erabilera okerraz haratago, frogatuta geratu da adimen artifizialak gizartean existitzen diren alborapenak erreplikatzen eta batzuetan areagotzen dituela. Ezagun dira pertsona beltzak “gorila” bezala etiketatzen zituzten sistemak, edo alborapen matxistak erakusten zituzten langileen ebaluazio sistemak. Baina badaude oso sotilak diren beste hainbat eta hainbat adibide ere. Nahiz eta ikertzaile asko egon arazo horri konponbidea eman nahian, oraindik lan asko dago egiteke norabide horretan.

Aldi berean, ezin dugu ahaztu azken urteetan adimen artifizialaren harira sortu diren negozio izugarrien atzean daudenek ez dutela normalean lehentasun izaten jendarte osoaren onura. Sistema horiek gure datuez baliatzen dira gutxi batzuen onurarako.

Ezin dugu ahaztu azken urteetan adimen artifizialaren harira sortu diren negozio izugarrien atzean daudenek ez dutela normalean lehentasun izaten jendarte osoaren onura

Hori guztia eta beste hainbat kontu, adimen artifizialari ematen diogun sinesgarritasunarekin lotuta, nahiko koktel arriskutsua izatera irits daiteke. Adimen artifizialak ematen diguna zalantzan jarri gabe onartzeko ohitura dugu, baina, esan bezala, akatsak egiten ditu, alborapen nabariak dauzka, eta, oro har, ez da inolaz ere perfektua!

Beraz… adimen artifiziala bai ala ez?

Adimen artifiziala oso trena erabilgarria izan daiteke, baina ez inongo mugarik gabe eta edonola erabilita. Azkenaldian, Europako hainbat erakunde legedia espezifikoa sortzen ari dira gai horiei buruz, eta hori pauso garrantzitsua da. Horren harira, adimen artifizialeko sistemak sortu eta merkaturatu nahi dituztenek, zenbait alderdi kontuan hartu beharko dituzte, besteak beste, ereduen gardentasuna, alborapenak, datuen kudeaketa, trataera egoki bat egitea, etab. Gainera, zenbait erabilera zuzenean debekatuta izango dira. 

Erabiltzaileen aldetik, aldiz, garrantzitsua da adimen artifizialaren atzean dagoenaren inguruan nolabaiteko formakuntza eta ezagutza izatea, zer egin dezakeen eta zer ez hobeto ulertzen lagunduko digulako. Bestalde, ematen digun erantzunekin kritikoa izatea ere ezinbestekoa da, eta egiten dugun erabileran zentzudunak eta etikoak izatea.

Artikulu honek Izarkom Eskolan jorratuko den hurrengo gaia du oinarri, eta eskola hori emango duen Usue Mori Carrascal EHUko Informatika Fakultateko irakasle agregatuak idatzi du. EnpresaBIDEAren eta Izarkomen arteko lankidetzaren emaitza da.