
Adimen artifizial (AA) sortzailea jada ez da ingeniari, aditu edo programatzaileen kontua: izugarri demokratizatu den tresna da. Edonork, edonon dagoela, edozein gailu erabilita, eskuragarri du AA sortzailea Internet konexioa edukiz gero, eta testuak, irudiak, musika zein programazio-lengoaian kodeak sor ditzake. Milaka ate ireki dira teknologia berriari esker, baina arrisku eta zalantzak ere sortu ditu; argi geratu dena da AA sortzailea ez dela moda huts bat, sekulako egiturazko aldaketa ekarri(ko) duen tresna baizik.
Gaiaren gainean hausnarketa sakona egin zuten atzo Marco González Ikerlaneko AA eta datuen arduradunak eta Diana Manjarres Tecnaliako AA taldearen arduradunak. AA sortzailea enpresen berrikuntzarako izeneko solasaldia BRTA Basque Research & Technology Alliance aliantzak antolatu zuen, EHUko Udako Ikastaroen (UIK) baitan. Jon Kepa Gerrikagoitia BRTAko arduradun zientifiko-teknologikoaren gidaritzapean egin zen elkarrizketa, eta bi adituek haien esperientzian eta ezagutzan oinarritutako ikuspegia eskaini zuten.
Sarrera gisa, AA sortzailearen definizioa zein den azaldu zuten: “AA sortzailea datu askorekin entrenatutako AA eredu bat da, zeina gai den instrukzioak ulertu eta horren baitan eduki berria sortzeko”, zehaztu zuen Gonzálezek. Orain arte ezezagunak ziren tresnak dira (ChatGPT, Dall-E edo Midjourney, kasu), baina gaur egun edozein pertsonak erabil ditzake. Gizabanakoez haratago, enpresek eta industriak gero eta gehiago erabiltzen dute AA sortzailea, oso erabilgarria baita zeregin errepikakorrak automatizatzeko.
Marco González (Ikerlan): "AA sortzailea datu askorekin entrenatutako AA eredu bat da, zeina gai den instrukzioak ulertu eta horren baitan eduki berria sortzeko”
Hala eta guztiz ere, dena ez da positiboa, eta Manjarresek argi utzi zuen: “Gizakiak egiaztatu egin behar du AA sortzaileak erantzuten duena egia ala gezurra den. Balantza beharrezkoa da: teknologiari eskua eman diezaiokegu, baina azken hitza gurea da”. Zentro teknologikoek bezero berriak dituztenean, ohikoa bihurtu da behar duten soluziorako AA sortzailea aplikatzea eskatzea, beste edozein teknologiaren aurretik. “Hainbat teknologiarekin lan egiten dugunok ikusten dugu batzuetan AA sortzailea ez dela tresnarik onena”, gaineratu zuen Manjarresek. González ere bat zetorren, hizkuntzaren prozesamendua (ingelesez, NLP Natural Language Processing) izeneko teknika erabiltzen baitute sarri Ikerlanen proiektuak garatzeko. NLP tradizionalak hizkuntza aztertu eta ulertzen du zeregin zehatzak egiteko (posta batean spama detektatu, esaterako); alegia, lehendik zegoen informazioa interpretatu eta sailkatzen du, besterik gabe. “Dena ez da AA sortzailea, hori sortu baino lehen egiten ari ginenak funtzionatzen jarraitzen baitu, eta, hortaz, erabiltzen jarraitzen dugu”, esan zuen Gonzálezek.
Enpresen datuen pribatutasuna jokoan
Enpresek AA sortzailea beren jardunean txertatzerako orduan, datu pribatuen kudeaketa da kezka garrantzitsuenetako bat. “ChatGPTk, esaterako, oso ondo funtzionatzen du, baina datuak kanpo eragile bati bidaltzen dizkiozu. Pribatutasun kontuak direla eta, sarri enpresei ez zaie komeni konpainiako datuak hirugarren bati bidaltzea”, ohartarazi zuen Gónzalezek. Horregatik, konpainiek gero eta gehiago erabiltzen dituzte kode irekiko modeloak: deskargatu eta pertsonalizatu egin daitezke, enpresak behar duen erabilera-kasuaren arabera. Hala, leku seguru eta kontrolatuan mantendu daitezke datuak, izan datu-zentro propio batean, izan bezeroaren hodeian.
Diana Manjarres (Tecnalia): "Balantza beharrezkoa da: teknologiari eskua eman diezaiokegu, baina azken hitza gurea da”
Diana Manjarresek ere kode irekiaren abantailak azpimarratu zituen: “Kode irekiko ereduek aukera ematen dute modeloak nola funtzionatzen duen hobeto jakiteko, eta ebatzi nahi duzun arazo zehatzerako espezializatzeko”. Eredu hibridoak ere ohiko irtenbide bihurtu dira enpresentzat: kanpo sistemetara jotzen da datu sentikorrak maneiatzen ez direnean, baina informazio kritikoa azpiegitura seguruetan babesten da beti.
Europako araudia eta euskal ekosistemaren indarra
Ereduetatik eta teknologiatik harago, Europak eta Euskal Herriak adimen artifizialaren agertoki globalean duten zereginean murgildu zen elkarrizketa. Gonzálezek argi hitz egin zuen: hizkuntza eredu handien (ingelesez, LLM Large Language Models) sorreran, “atzetik goaz, Estatu Batuek posizio menderatzailea dute”. Hala ere, horrek ez du esan nahi euskal ekosistemak sektorean aukerarik ez duenik: estrategia da ereduak espezializatzea esperientzia eta indar industriala duten eremuetan, hala nola, robotikan, automatizazioan edo fabrikazio aurreratuan.
Manjarresek, hain zuzen ere, euskal ekosistemaren sendotasuna nabarmendu zuen, unibertsitateak, enpresak eta zentro teknologikoak punta-puntako proiektuetan elkarlanean ari baitira. Latxa (euskaraz sortutako hizkuntza eredurik handiena) jarri zuen adibide gisa, proiektuak erakutsi baitu nola egokitu AA sortzailea hizkuntza txiki batera eta tokiko testuingurura.
Haatik, kontuan hartu behar da Europak markatutako AA sortzaileari buruzko legedia, zeina oso ezberdina baiten Estatu Batuetakoaren edota Txinakoaren aldean: “Hemen legediak fidagarritasuna bilatzen du, sendotasuna, gardentasuna, arriskuak saihestea… Horrek geldiarazi egiten du sektorean aurrera egitea”, zioen Manjarresek. Hala ere, Europak “modu kontzientean” hartutako erabakia dela gaineratu zuen, erregulaziorik gabe “edonork edozer” egin lezakeela eta “arriskutsua” izango litzatekeela azpimarratuta.
Enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) ere erronka berriak dakartza AA sortzaileak: teknologia txertatzea, talentu espezializatuaren falta, AAren bilakaera etengabea… Hori dela eta, bai Gonzálezek, bai Manjarresek behin eta berriz esan zuten garrantzitsua dela kasu zehatzetatik abiatzea, arlo espezifikoetan proiektu pilotuekin hastea, teknologiaren eraginkortasuna probatzeko eta ekintzekin frogatzeko baliagarria den ala ez; ondoren, eta soilik hori egin eta gero, ezarri behar da tresna enpresaren egituran. Bestela, beren benetako beharretara eta gaitasunetara egokitzen ez diren soluzio sofistikatuetan inbertitzera arriskatzen dira.

Erronkak: eraldaketa, talentu falta eta enplegua
AA sortzailea ziztu bizian eboluzionatzen ari da. Horren harira, Gonzálezek datu deigarria eskaini zuen: Facebookek urteak behar izan zituen milioika erabiltzailerengana iristeko; ChatGPTk bi hilabete eskasetan lortu zuen zenbateko hori. Azkartasun horrek etengabeko ahalegina egitera behartzen ditu enpresak, unibertsitateak eta zentro teknologikoak, ereduak probatu eta baliozkotu behar dituztelako. Manjarresek eguneroko erronka gisa deskribatu zuen: “Egunean egotea erronka da bere horretan. Ereduak probatu behar dira, ondo funtzionatzen duten ala ez egiaztatu, eta AAren garatzaile gisa teknologiaren garapen etengabea ikustea ikaragarria bezain dibertigarria da".
Marco González (Ikerlan): “Erantzukizunak eta lanbideak aldatuko dira”
Azkartze horri talentu espezializatuaren eskasia gehitu behar zaio. AAn trebatutako profilen eskaera eskaintza baino abiadura handiagoan hazten ari da, eta unibertsitateetan AA sortzaileari buruzko ikasgai espezifikoak eskaintzen hasi diren arren, urrats hasiberriak baino besterik ez dira prestakuntza handiko ingeniariak behar dituen arlo baterako.
Gai hori zuzenean lotzen da AAk enpleguan izango duen eraginarekin. Automatizazio-proiektuen aurrean, langile askoren lehen erreakzioa errezelozkoa izan ohi da: “Beti sortzen da errezeloa: lana kenduko diguzue?”, onartu zuen Manjarresek. Hala ere, bi adituek irudikatu zuten errealitatea ñabartuagoa da: AA sortzaileak ezagutza kudeatzen, zereginak berrantolatzen eta langileen denbora liberatzen laguntzen du, balio erantsi handiagoko zereginetan aritu ahal izan daitezen. “Erantzukizunak eta lanbideak aldatuko dira”, aitortu zuen Gonzálezek.
Azken batean, AA sortzailea ez da enplegu-suntsiketa masiboko indar gisa aurkezten, baizik eta eraldaketa-motor gisa. Enpresek behar dituzten profilak aldatzen ditu, gaitasun berriak eskatzen dituelako. Finean, enpresak zein pertsonak egoera berrira egokitu beharko dira: teknologiaren eta giza faktorearen arteko lankidetza gero eta estuagoa izango da.