• BERRIKUNTZA
  • “Adimen artifizialaren gizarte inpaktua ezagutzeko beharra dago”

“Adimen artifizialaren gizarte inpaktua ezagutzeko beharra dago”

Eragin horren identifikazioak dauden tresnen optimizaziora ere eraman dezakeela ikusita, katedra sortu dute elkarlanean Donostia Sustapenak eta Tecnunek

Katedra osatzeko lankidetza sinatu zuten eguneko irudia | Argazkia: Donostia Sustapena
Katedra osatzeko lankidetza sinatu zuten eguneko irudia | Argazkia: Donostia Sustapena
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko zuzendaria
2025eko apirilaren 28a
Eg. 2025eko apirilaren 28a

Inork gutxik ukatzen du hemendik urte batzuetara ez dela enpresarik geratuko AA sortzailea erabiltzen ez duena. Aitzitik, teknologiak eskaintzen dituen aukerak hain dira anitzak, ezen egitasmo enpresarial bakoitzarentzat apropos izan daitekeena identifikatzea zaila suertatu daitekeen. Eta horrek inguruan dagoen ezagutza nahikoa ez aprobetxatzera eraman dezake.

 

Ideia hori abiapuntu, duela aste batzuk Donostia Sustapenak eta Tecnunek —Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen ingeniaritza eskolak— hitzarmen bat sinatu dute, Adimen Artifizial Aplikatua ikertzeko katedra sortu asmoz. Katedra hori AA eta batez ere AA sortzaileak duen eragina aztertzera oso orientatuta dago, Ainhoa Aldasoro Donostia Sustapeneko Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak EnpresaBIDEAri kontatutakoaren arabera.

Bestela esanda, ez du bilatzen teknologia berriak sortzea, baizik eta dagoena ikertzea, eragin sozialaren ikuspegitik. “Esparru horretan bai Donostia Sustapenak, bai Tecnunek balioak partekatzen ditugu: teknologia hauen guztien gizarte inpaktua ezagutzeko beharra dago”, mahaigaineratu du Iñigo Gutierrez Tecnuneko Garapen arduradunak. Horrek ahalbidetu dezake adimen artifizialaren ezagutzaren transferentzia nola egin antzematea, hiriko enpresa-ekosistemak teknologia horien erabilera ahalik eta onena egin dezan, betiere etika alde batera utzi gabe.

 

Era berean, ikertuko da zein faktorek laguntzen duten horrelako enpresak Donostian garatu daitezen, eta teknologiari loturik dituzten beharrak identifikatzen lagunduko du, hiriaren jasangarritasunean duten eragina alde batera utzi gabe.

Tecnunek ikerketa, Sustapenak aplikazioa

Bi erakundeen arteko lankidetza ez da ezerezetik sortu. “Donostia Sustapenak urte ugari daramatza babesten Tecnunen egiten diren jarduerak oso ikuspegi osagarri batetik —negozio balore berrien sorrera, ikasleak erakartzea karrera teknologikoetara...—. Elkarlanean ari gara”, kontatu du Gutierrezek. Adimen artifizilaren esparruan ere elkargunea topatu dute. “Guretzat garrantzitsua da Tecnun bezalako unibertsitate bat bidelagun izatea 'teknologien teknologia' honek hirian izan dezakeen bilakaera ondo aztertzeko eta etorkizunera nola bideratu dezakegun ikusteko", gehitu du Aldasorok. Are gehiago, azken horrek esandakoaren arabera "horrelako ekimenak Donostia Sustapenak egun Tecnun bezalako hiriko berrikuntza ekosistemako hainbat agenteekin duen erlazio eta lankidetza estuari esker lor daitezke".

Bidelagun izanik, bakoitzak bere rola izango duela argi dute. “Unibertsitatearen rola izan behar da benetan ikerketa arduratsua egitea eta hori aprobetxatzea. Beraiek espezialistak dira horretan, eta gure erronka izan behar da ikerketa horren aplikazioa garatzea”, azpimarratu du Donostia Sustapenekoak. Ikertu ahala, gainera, hiritarren ezagutza garatzea dute helburu. “Horretarako kontrasterako elkarguneak bilatuko ditugu”, esan du.

Ainhoa Aldasoro (Donostia Sustapena): “Horrelako ekimenak Donostia Sustapenak egun Tecnun bezalako hiriko berrikuntza ekosistemako hainbat agenteekin duen erlazio eta lankidetza estuari esker lor daitezke"

Katedraren ikerketa gauzatzeko, ingeniari junior bat hasiko da lanean bertan, gaiari buruzko tesia garatuko duena. Ikertzaile arduradun bat eta irakasle laguntzaileak izango ditu alboan horretarako. Halaber, Gradu eta Master Amaierako Proiektuak laguntzeko aukera eskainiko du.

photo 2025 04 28 09.17.59
Lucas Martinez, Ivan Piris Alba Benito eta Sofía Vallejo IAthoneko irabazleak, ekitaldian zehar lagundu zien doktoretza ikasle batekin eta "dena posible egin duen" irakaslearekin |  Argazkia: utzita

Zergatik katedra?

Ikerketa lerroari heltzeko apustuak zerikusia du Donostian dagoeneko identifikatu diren hainbat egitasmo daudelako. Adimen artifiziala, sektore baino, “teknologien teknologia” da Aldasororen hitzetan. “AAn dauden EAEko zientzia sareko eragile asko ditugu hirian, bai unibertsitateak —EHUko informatika fakultatea kasu—, bai teknologia zentroak —tartean Vicomtech edo Tecnalia—”. Tecnun bera, adibidez, “duela 30 urte baino gehiago” hasi zen lantzen AA, osasungintzari aplikaturikoa. “Ingeniaritza eta medikuntza oso puntu fuertea izan da beti Nafarroako Unibertsitatearentzat, beraz, zentzua zuen hor hastea”, dio Gutierrezek. Azken apustuak, berriz, Big Data Science ingeniaritzako datuen analisiari buruzko masterra (Madrilen dagoena) eta Adimen Artifizialeko gradua izan dira.

Katedraren ikerketa gauzatzeko, ingeniari junior bat hasiko da lanean bertan, gaiari buruzko tesia garatuko duena

Unibertsitateaz harago, AAren esparruan aritzen diren enpresa ugari dira Donostian. “EZI edo ezagutza intentsiboko zerbitzuen alorrean aritzen diren enpresez ari gara”. Donostia Sustapenak Orkestrarekin lankidetzan eginiko azken txostenean jasotzen denez, EZI profil horietako enpresek egun hiriko BPGaren %49 eta enpleguaren %30 suposatzen dute. “Enpresa txikiak dira gehienak, start-up ere izendatu ditzakegunak. Gure azelerazio programen bitartez AA aprobetxatzen duten enpresa askoren bidelagun izan gara”. Horren hiru adibide dira Naru Intelligence —AA osasungintzara aplikatuta—, Multiverse —kuantikako software aitzindari bat egiten ari dena— edota Trebe Language Techologies —ahotsak sintetizatzeko plataforma—.

Hori guztia kokatzeko, katedraren sorkuntzaz harago, egindako beste apustu bat da hiria BAIC EAEko AArren zentroaren kide bilakatzea. “Uste dugu ezagutza esparru horietan eta jakintzako leiho horietan ere egon behar dugula, ikasteko, talentua sortzeko eta abar”, nabarmendu du Aldasorok.

Ikasleekin adimen artifiziala lantzeko erronkak

Ikerketak katedran pisu nabaria izango badu ere, lankidetza honek antolatu egiten ditu bi eragileen artean AAren esparruan garatzen ari ziren egitasmoak, besteak beste, ikasleei zuzendurikoak.

Horren adibide da urtarrilean egindako IAthon delakoa, lehen aldiz eginikoa. “IAthon hau oso-oso espezifikoa izan da, AAri loturikoa, eta ikasle zein aditu oso interesgarriek hartu dute parte”, esan du Gutierezek. “Bi eguneko intentsiboko ekitaldi bat izan zen, Ekinneko instalazioetan egin genuena”, azaldu du Sofía Vallejo Tecnuneko ikasle eta Berrikuntza Elkarteko presidenteak.

Tecnun bera “duela 30 urte baino gehiago” hasi zen lantzen AA, osasungintzari aplikatuta

Oinarri teknologiko handiko enpresetatik etorritako profesionalek —“ikasle ohi asko”— erronka bat proposatu zieten ikasleei: “hainbat datu base begiratu behar genituen, askotariko enpresen zenbaki eta informazioarekin, eta datu guztiak abiapuntu, AA erabilita, txostenak sortu behar ziren”, esan du Vallejok. Alegia, AArekin programatu eta produktu bat eskaintzea zen helburua.

Taldeak antolatzaileek egiten zituzten, parte hartzaileen ezagutza maila oinarri hartuta, eta izen-ematea hautazkoa zen. “Zenbaitek ikusten zuten aukera AA erabili ahal izateko lan 'normal baten'; nire helburua zen mundu honi buruz zerbait ikastea, ez nuelako inoiz AArekin programatu”, adierazi du Tecnunekoak.

Vallejo IAthona irabazi zuen lantaldearen parte izan zen, Lucas Martinez, Ivan Piris eta Alba Benitorekin batera. Bere ustez, bi estrategia izan ziren horretarako gako. Batetik, identifikatzea taldekide bakoitza zertan zen ona eta horren arabera lana banatzea. “Gauza asko zeuden. Formakuntza-pildoratxoak ere eskaintzen zitzaizkigun, eta denok ezin ginen denera iritsi”. Bere kasuan, erabiltzailearentzat interfazea egiteaz arduratu zen, esaterako. Bestetik, bi norabidetako estrategiaren aldeko apustua egitea. “Erronka eman zigutenek eskatzen ziguten horretan, apur bat disruptiboagoak izateko erabakia hartu genuen, AA higiaraziko zuten agenteak erabilita”.

Sofía Vallejo (Tecnuneko ikaslea): "IAthonetik eramaten dudan gauza nagusia da: gai bati buruz ezer ez dakizunean, eraiki itzazu erremintak”

Tecnuneko ikasleak dio “sekulako esperientzia” izan dela, eta ez hainbeste irabazi izanagatik, baizik eta ikasitakoagatik. “Ekitalditik eramaten dudan gauza nagusia da: gai bati buruz ezer ez dakizunean, eraiki itzazu erremintak”. Eta noski, AAri loturiko tresnak ere eskuratu ahal izan ditu. “Etorkizunean programatzen ez badut ere, tresnak eman dizkit ulertzeko zer dagoen programazio guztiaren eta AAren atzean”, amaitu du.