Adimen artifizial sortzaileak inoiz baino azkarrago aldatu du lan egiteko, ikasteko eta komunikatzeko modua. ChatGPT, Gemini eta antzeko tresnak milioika pertsonen eguneroko tresna bihurtu dira, baina hizkuntza guztiek ez dute abiapuntu bera izan iraultza teknologiko honetan. Euskara, katalana, okzitaniera eta aragoiera baliabide gutxiko hizkuntzak dira oraindik adimen artifizialaren munduan: datu gutxiago dituzte, tresna gutxiago eta nazioarteko plataforma handietan presentzia ahulagoa. Testuinguru horretan sortu zen Linguatec-IA europar proiektua. Elhuyarrek koordinatutako partzuergoak Pirinioen bi aldeetako erakundeak batu ditu hizkuntza horientzako azpiegitura teknologiko propioa eraikitzeko, helburu argi batekin: adimen artifizialaren etorkizunean hizkuntza gutxituak bazterrean gera ez daitezen.
Oinarri sendoak daude, baina arrakala handitzen ari da
ChatGPT merkaturatu zenean, argi geratu zen adimen artifizial sortzaileak jauzi kualitatiboa ekarri zuela. Baina lehen probek beste errealitate bat ere utzi zuten agerian: hizkuntza nagusiek eskaintzen zuten kalitatetik urrun zegoen euskara. Aitzol Astigarraga Pagoaga Orai NPLko koordinatzailearen hitzetan, ordutik aurrerapen handiak egin dira, baina egoerak kezka pizten jarraitzen du. “Lehendabiziko probak eginda konturatu ginen gaztelaniaz eta ingelesez nahiko ondo funtzionatzen zuela, baina euskaraz ez zuela behar bezala erantzuten. Gaur egun eredu handiek euskara ere barne hartzen dute, baina presentzia hori ez dago bermatuta”.
Hala ere, euskarak baditu abantaila batzuk. Astigarragaren ustez, gaur egun hizkuntza teknologien alorrean duen posizioa ez da kasualitatea. Euskara batuaren alde egindako apustua, administrazioan eta hezkuntzan lortutako presentzia, hedabideen eta komunitate digitalaren ekarpena eta urte luzez egindako ikerketa-lana izan dira gaur egungo garapenaren oinarriak. Horri esker, Euskal Herrian bertan garatu dira gaur egun erabiltzen diren itzulpen automatikoko, transkripzioko eta ahots-sintesiko teknologiak.
Aitzol Astigarraga (Orain NPL): "Azken datuek erakusten dute hizkuntza handien eta txikien arteko aldea gero eta handiagoa dela”
Dena den, indargune horiek ez dira nahikoa hizkuntza handien erritmo berean lehiatzeko. “Euskara beste hizkuntza gutxitu askoren aurretik dago, baina ingelesa, gaztelania edo frantsesa bezalako hizkuntza hegemonikoak beste liga batean daude. Gainera, azken datuek erakusten dute hizkuntza handien eta txikien arteko aldea gero eta handiagoa dela”, nabarmendu du Astigarragak.
Mendekotasuna saihesteko, teknologia propioa
Hain zuzen ere, mendekotasun horrek bultzatu zuen Linguatec-IAren bigarren fasea. Gaur egun euskarak presentzia du nazioarteko tresna nagusietan, baina presentzia hori enpresa pribatu handien erabakien mende dago.
“Hurrengo bertsio batean arrazoi ekonomikoengatik hizkuntza gutxituak kanpo uztea erabakiko balute, euskaraz lan egiteko aukerarik gabe gera gintezke”, ohartarazi du Astigarragak. Horregatik, haren ustez, ezinbestekoa da “hemen ikertu eta hemen garatutako teknologia propioak” izatea.
Horixe da Linguatec-IAren funtsa: hizkuntza gutxituek etorkizuneko adimen artifizialean tokia izatea, kanpoko plataformen menpe egon gabe. 2021ean abiatu zen lehen fasean hizkuntza-baliabideak indartzea izan bazen helburua, oraingoan arreta adimen artifizial sortzailean jarri dute. Ez soilik gaur egungo tresnak hobetzeko, baita etorkizuneko teknologiak garatzeko gaitasuna bertan bermatzeko ere.
Lau hizkuntza, erronka bera
Proiektuaren emaitzarik ikusgarriena lau hizkuntzentzako bikoizketa automatikoko plataforma izango da. Tresnak aukera emango du testuak itzultzeko, audioak transkribatzeko, azpitituluak sortzeko eta bideo baten audioa beste hizkuntza batera eramateko, hizlariaren ahotsa klonatuta. "Nire ahotsa klonatuta, aurkezpen bera beste hizkuntzetan entzun daiteke", azaldu du Astigarragak.
Plataforma da proiektuaren emaitzarik ikusgarriena, baina atzean ikerketa-lan handia dago. Lantaldea datu gutxi dituzten hizkuntzetan hizkuntza-eredu handiak nola garatu daitezkeen ikertzen ari da. Euskarak dagoeneko baditu Latxa edo Kimu bezalako ereduak, baina beste hizkuntza batzuek oraindik ez dute horrelako tresnarik.
Euskararako garatutako teknologia aragoierara eta okzitanierara transferitzeko bidea ere ireki du lankidetzak
Hizkuntza bakoitzak, gainera, bere errealitatea eta digitalizazio-estrategia ditu. Euskara batuaren aldeko apustutik hasi eta okzitanieraren aldaera ugarietaraino, hizkuntza bakoitzak bere bidea egin du, eta esperientzia horiek partekatzea izan da proiektuaren balio erantsietako bat.
Lau hizkuntzen arteko lankidetzak ere bere fruituak eman ditu. Esperientziak partekatzeak estrategia berriak ikasteko aukera eman die guztiei, eta, aldi berean, euskararako garatutako teknologia aragoierara eta okzitanierara transferitzeko bidea ere ireki du.
Politika publikoak funtsezkoak dira
Teknologia ez da nahikoa, ordea. Astigarragaren iritziz, hizkuntza baten presentzia digitala bermatzeko administrazio publikoen inplikazioa ezinbestekoa da. Horrek esan nahi du herritarrek erabiltzen dituzten interfaze digitalak euskaraz egotea, euskarazko eduki digitalen sorrera sustatzea eta herritarrek administrazioarekin zein elkarren artean euskaraz jarduteko aukerak bermatzea. “Administrazioari dagokio interfazeak, edukiak eta elkarreraginak euskaraz egongo direla bermatzea; gero, hizkuntza-teknologiek hori guztia errazten lagundu behar dute”, azpimarratu du.
Erabiltzaileek badute hitza
Datozen urteei begira, proiektuaren sarea handitzea gustatuko litzaieke. Piriniotako lau hizkuntzak elkartzetik harago, Europako beste hizkuntza gutxitu batzuk ere ekimenera batzea nahi dute, adimen artifizialaren garapenean elkarri eusteko sare sendo bat osatuz.
Baina etorkizun hori ez da soilik ikerketa-zentroen edo administrazioen esku egongo. Erabiltzaile arruntek ere eragina dute. Astigarragaren ustez, lehen urratsa tresna orokorrak euskaraz erabiltzea da, sistema horiek hizkuntza benetan erabiltzen dela ikus dezaten. Bigarren pausoa, berriz, Euskal Herrian garatzen diren teknologiak ezagutu eta erabiltzea. “Tresna horiek euskaraz erabiltzea pausu bat da. Eta, ahal den neurrian, Euskal Herrian garatzen diren eredu eta aplikazioen alde egitea ere bai”.
Adimen artifizialaren lasterketa abiada bizian doa, eta hizkuntza gutxituek ez dute denbora askorik. Azken batean, adimen artifizialaren etorkizuna ez da soilik algoritmoen edo teknologia-enpresen esku egongo. Erabiltzaileek, erakundeek eta ikerketa-zentroek hartzen dituzten erabakiek ere baldintzatuko dute euskarak etorkizun digitalean benetako lekua izango duen ala ez.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta