Gauean loarin, lo-ari edo lo-kamutsa izatearen arrazoiak anitzak izan daitezke. Baina horietako batek zerikusia du pertsona baten zaintzaile izatearekin. Adineko pertsona baten zaintzaile, adibidez. "Bai Albertok, bai nik bizi izan dugu egoera hori gurasoekin. Azkenean zuk ez duzu ondo egiten lo, adi zaudelako beste pertsonari zerbait gertatuko ote zaion", kontatu du Laura Ibeas Poch Ingevitalen sortzaile eta zuzendari nagusiak.
Segur aski esperientzia horrek eraman zituen bera eta Alberto García Martinez de Artola Ingevitalen beste sortzaile eta Marketin arduraduna euren ohiko esparrutik kanpo pentsatzera. "Gure enpresa matrizeak lan egiten du segurtasunari, bideo bitartezko bigilantziari eta abarri loturik. Horren baitan izan genuen radar batzuen berri. Eta segituan ikusi genuen ibilbide polit, zabal eta orain arte egindakoaren desberdina zutela radar horiek", azaldu du Ibeasek.
Barne-ekintzailetza prozesu baten emaitza da Ingevital, egun bost lagunek osatzen duten start-upa
Hala, Adinberrirekin egin zuten harremana. "Eurek dira zilarrezko ekonomian adituak, eta ikusi nahi genuen zein aukera izan zitezkeen". Haiek bultzatuta erabaki zuten BerriUpera aurkeztea. "Proiektua muntatu genuen —negozio ideiarekin—, aurkeztu genuen eta irabazi", esan du Garcíak. Enpresa 2022etik sortua bazen ere, une horretan pasa ziren enpresa matrizetik bereizitako start-up izatera, Easo Ventures bazkide bihurtuta. Alegia, barne-ekintzailetza prozesu baten emaitza da Ingevital, egun bost lagunek osatzen duten start-upa.
Radarrak jasotako datuak, alarmak sortzeko
Ingevitalen teknologia pentsatuta dago erresidentzietarako, ospitaletarako zein familietarako. "Adineko jendearen arretan eta zaintzan laguntza izatea nahi dugu". Pertsonen zaintzan modu ez intrusibo baten eman nahi izan dio erantzuna. "Orain arte erabili izan diren sistemak kamera bitartezkoak izan dira, nahiko garestiak direnak. Logelako 3.000 euro bitarte izan zitezkeen erresidentzia baten. Gainera oso intrusiboak dira", nabarmendu du zuzendari nagusiak.
Ingevitalen teknologiak, aldiz, mugimenduak eta posizioak besterik ez ditu antzematen. "Eta gainera pertsonak ez du ezer eman behar zintzilik. Beraz, ez da bere akzioen menpeko ezer", plazaratu du Ibeasek. Radarrak gela baten kokatzen dira, izan logela, sukaldea, komuna... Momentuz, gehienak logeletan jarri dituzte, datuen arabera eroraldien %50 ohetik altxatzerakoan gertatzen dira.
Radarrak gela baten kokatzen dira, izan logela, sukaldea, komuna...
"Gure teknologiak egiten duena da radarren datuak hartu, eta horiek guztiak aztertu. Hala ikusten dugu zein den egoera, pertsona zein posiziotan dagoen —batez ere erori bada—, zein den haren jarrera naturala... Eta pertsona hori ohean badago, haren bihotz-maiztasunari eta arnasketari loturiko estimazio bat ematen du. Datu horiek abiapuntu, guk alarmak sortu ditzakegu, familiakideari, zaintzaileari, erresidentziako langileari, edo dena delakoari jakinarazteko", azaldu du
Alarmen kontua neurri-neurrira egokitu daitekeela zehaztu du proiektuaren sortzaileak, gateway edo ordenagailu moduko baten bitartez. "Aukera bat izan daiteke, adibidez, pertsona bat logelatik ateratzen bada eta bost minututan itzuli ez bada, zaintzaileak edo dena delakoak alarma jasotzea. Edota agian nahi duzu bi minututan itzuli ez bada jo dezan. Bada hori ere egin daiteke", adierazi du Marketin arduraduna. "Kasu nabarmen bat izaten dira Alzheimerra duten pertsonak. Gauean altxa eta logelatik irtetea arazo bilakatu daiteke. Alarma bat konfiguratu daiteke horretaz abixatzeko", gehitu du. Beste hitz batzuetan ere adierazi dute: adineko pertsonentzako teknologia da, baina eurak erabiltzeko beharrik gabe. Eta helburua da zaintzaile-lanak erraztea. "Azkenean askotan gako dena da ahalik eta azkarren erantzuteko aukera izatea egoera horren aurrean kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen".
C markagailua lortzeko zain
Ingevitalen garapenerako, Ekinn+ ere gako izan da, Donostia Sustapenak duen programa, alegia. "Aholkulari bat duzu zuretzat; ez duzu beste enpresa batzuekin partekatzen. Zure arazoarekin laguntzen dizu, zenbakiak egiten, negozio-plana garatzen eta dena oso modu proaktiboan", azpimarratu du Ibeasek.
Produktua oraindik ez dago modu zabalean merkatuan. "Donostian hainbat proiektu pilotu ditugu, eta are gehiago zabaldu nahi dugu hemengo ekosistemara", adierazi du Garcíak. Momentuz, Gipuzkoako erresidentzia baten topa daiteke euren radar-sistema, baita Madrileko ospitale bateko 40 ohek ere. Hala ere, komertzializazioa modu zabalean egiteko ezinbesteko oniritzia behar dute, C markagailua deritzona. "Gure gateawayaren bateragarritasun elektromagnetikoa lortzeko lanean ari gara, ahalbidetuko diguna serieko ekoizpena egitea. Baina momentuz, proiektu pilotuak oso emaitza ona ematen ari dira", gaineratu du.
Laura Ibeas: "Donostian hainbat proiektu pilotu ditugu, eta are gehiago zabaldu nahi dugu hemengo ekosistemara"
Dena den, Ingevitalek zuzeneko harremana soilik partikularrekin du, etxerako soluzio bila etorri nahi dutenekin. Ospitaleak eta erresidentziak hornitzeko banatzaileekin eta instalatzaileekin itxi dituzte akordioak. "Espainian, adibidez, ospitaleetako hiru hornitzaile nagusiekin izenpetu ditugu hitzarmenak. Eta Kolonbian ere hornitzaile batekin ari gara lanean, Latinoamerikara begira", dio Ibeasek. Rigan, Letonian, ere sortu zaie aukera, Donostia Sustapenak Ekinn+en parte izan diren hainbat enpresekin sorturiko bidai baten harira. "Bertan izandako start-upen kongresu baten proiektua aurkezteko hautatu gintuzten, eta horren harira gurekin harremanetan jarri ziren osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen elkarte batetik, etxeetarako soluzio baten bila ari direnak", kontatu du zuzendari nagusiak.
Arestian aipatu bezala, esparru hori oraindik eurak kudeatzen dute. Baina etorkizunerako helburua da partikularrengana iristeko bitartekariekin ibiltzea, Ortopediekin, adibidez. Izan ere, hazten jarraitzeko bideari eutsi nahi dio Ingevitalek, zaintzaileei zaintzan lagundu asmoz.