• BERRIKUNTZA
  • Adingabeen sare sozialetarako sarbidea zorrozten hasi dira Europa eta Australia

Adingabeen sare sozialetarako sarbidea zorrozten hasi dira Europa eta Australia

EBk sare sozialak libreki erabiltzeko gutxieneko adina 16 urtetan ezarri nahi du. Australiak, berriz, adin horretatik beherakoei sarbidea debekatuko die aurrerantzean

Ingurune digitalekiko esposizio goiztiarraren kezka gero eta handiagoa da |Argazkia: iStock
Ingurune digitalekiko esposizio goiztiarraren kezka gero eta handiagoa da |Argazkia: iStock
alejandro juez
Kazetaria, teknologian aditua
2025eko abenduaren 4a - 05:30

Smartphonearen eta sare sozialen erabilerak adingabeengan duten eraginaren aurrean erabakiak hartzen hasi dira nazioarteko zenbait erakunde. Gabonak bueltan direla, milaka familia 16 urte bete ez dituzten haurrei lehen telefono mugikorra oparitzea baloratzen ari dira, eta plataforma digitaletara sartzeko gutxieneko adinari buruzko eztabaidak indarra hartzen du berriz ere.

 

Joan den azaroaren 26an, Europako Parlamentuak, aldeko 483 botoko gehiengo zabalarekin, sare sozialetara eta adimen artifizialeko sistemetara libreki sartzeko gutxieneko adina 16 urtetan ezartzea proposatzen duen ebazpena onartu zuen. 13 eta 16 urte bitartean, adingabeek gurasoen edo tutoreen baimen esplizitua beharko lukete kontu bat irekitzeko. Lehen urrats legegilea bada ere, eta prozesua hasi berria, seinale politikoa argia da: ingurune digitalekiko esposizio goiztiarraren kezka gero eta handiagoa da.

Ekimen europar hau ez da hutsetik sortzen. Azken urteotan, mundu osoko gobernuek kezkaz ikusi dute mugikorraren eta sare sozialen erabilera intentsiboa zabaldu egin dela gazteenen artean. Helduentzako edukiak eskuratzea oso erraza da Interneten, eta mendekotasun handiko algoritmoen bidez, erabilera-denbora maximizatzeko diseinatutako plataformek, askotan adingabeen garapen emozional eta sozialean eragin negatiboa izan dezaketen bizi-eredu irrealak edo distortsionatuak zabaltzen dituzte.

 

Australia harago joan da. Datorren abenduaren 10etik aurrera, 16 urtetik beherakoek debekatuta izango dute sare sozialetan kontu bat izatea. Plataformek erabiltzaileen adina egiaztatu beharko dute, eta kontuaren titularra adingabea dela antzematen duten profil guztiak itxi beharko dituzte. Oraingoz, mendebaldeko herrialdetan hartutako neurri zorrotzenetako bat da.

Australia harago joan da. Datorren abenduaren 10etik aurrera, 16 urtetik beherakoek debekatuta izango dute sare sozialetan kontu bat izatea

Arazoa ez da pantaila-denborara mugatzen, ezta eduki desegokiekiko esposiziora ere. Save the Childrenek uztailean aurkeztu zuen txosten baten arabera, sexu-indarkeria digitalaren kasuen %78,82k adingabeak ditu biktima gisa EAEn. Erakunde berak azaleratzen ari den fenomeno baten berri ematen du: bost gaztetik batek ziurtatzen du norbaitek adimen artifizialarekin sortutako irudiak partekatu dituela, eta irudi horiek biluzik erakusten dituztela, adingabeak zirenean, haien baimenik gabe. Irudiak manipulatzeko teknologien aurrerapenak arriskuak biderkatzen ditu.

Euskal kontrapuntua: kontsumo digital txikiagoa adingabeen artean

Egoera kezkagarri horretan, Europako zenbait lurraldek zifra itxaropentsuagoak erakusten dituzte. Eroski Fundazioak aurten egindako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herria da adingabeek sakelako telefonoan eduki gutxien kontsumitzen duen lurraldea, Espainiako Estatuaren barruan. Horrek ez du esan nahi arriskuak desagertzen direnik, baina iradokitzen du familia, hezkuntza edo kultura-dinamikek teknologiarekiko harreman orekatuagoan eragin dezaketela.

Erakundeek eta gobernuek adingabeei sare sozialetarako sarbidea arautzeko modua bilatzen duten bitartean, familiek erabaki zailei egin behar diete aurre, batez ere, Gabonetan. Legedia aurrera doa, baina gurasoen, hezitzaileen eta plataformen artean dagoen erantzukizuna funtsezkoa da oraindik. Arreta erakartzeko diseinatutako eta arriskuak ugaritzen diren ekosistema digital batean, online mundura sarrera segurua eta lagundua bermatzea premiazko lehentasuna da belaunaldi berriak babesteko.