Agur pendrive: hodeitik artxiboak partekatzeko bost modu

Hodeia eta mezularitzako aplikazioak fitxategiak partekatzeko tresna bihurtzen ari dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Atzean geratu dira disketeak, disko gogorrak edo USB pendriveak; artxiboak gordetzeko modua erabat aldatu da. Gure gailu guztiak Interneti esker elkarrekin konektatuta ditugun garai honetan, erabiltzaile gehienen artxiboak hodeiaren zerbitzarietan daude. Erabiltzaileren artean fitxategiak hainbat modutan partekatu ditzakegu gure gailuetan jada ditugun tresnekin, eta tresna horiek gure gailuen artean fitxategiak kudeatzen ere lagun diezagukete.

Fitxategiak partekatzeko modu ezagunena hodeiaren bidez da. Hodeian biltegiratze-zerbitzu asko daude, hala nola Google Drive, Dropbox, OneDrive, iCloud, eta abar. Horiek aukera ematen dute fitxategiak online gordetzeko eta Interneteko konexioa duen edozein gailutatik haietara sartzeko. Zerbitzu mota horrek artxiboak uneoro sinkronizatuta izatea ahalbidetzen du, baita beste erabiltzaile batzuekin partekatzea ere. Hodeian ditugun karpetak erraz parteka daitezke beste erabiltzaile batzuekin link sinple baten bidez, eta horrek tresna ezin hobea bihurtzen du fitxategi astunak partekatzeko, deskargatu gabe eta edozein gailutan eskuragarri egonda.

AirDrop

AirDrop Appleren funtzio famatuenetariko bat bilakatu da, markaren gertuko gailuen artean fitxategiak partekatzeko aukera ematen duena Internet izateko beharrik gabe. AirDropekin fitxategiak partekatzeko, ziurtatu bi gailuek AirDrop funtzioa aktibatuta dutela eta elkarrengandik gertu daudela. Izan ere, fitxategiak partekatzeko protokolo horrek, Wifi eta Bluetooth sareei esker funtzionatzen du, eta, beraz, beharrezkoa da bi gailuak metro gutxira egotea. Teknologia horri esker, kalitate handiko fitxategiak pasa daitezke Internetera konektatuta egon gabe. Sistema hori egokia da, halaber, bideoak eta argazkiak iPhonetik Macera azkar pasatzeko, zuzenean kable bidez egingo balitz baino abiadura azkarragoan. Gainera, iOS 17tik, erabiltzaileek NFC konexioa duen gailu bat beste gailu batera hurbildu ahal izango dute, modu intuitiboagoan eta errazagoan fitxategiak partekatzeko.

Telegram

Telegram mezularitza-aplikazio errusiarra da, mezuak bidaltzeko eta deiak egiteko aukera emateaz gain, zure kontaktuekin fitxategiak partekatzeko aukera ematen dizuna. Fitxategiak partekatu ditzakezu pertsona-taldeekin, edo txat pribatu batean, pertsona batekin. Telegramek fitxategiak partekatzeko hainbat modu eskaintzen ditu, besteak beste, fitxategiak hodeiaren bidez trukatzea, horiek konprimitzea eta fitxategiak hainbat zatitan banatzea. Fitxategi handiak bidali nahi badituzu, Telegramek 2 GBerainoko fitxategiak bidaltzeko aukera ematen dizu. Gainera, Telegram erabilgarri dago gailu gehienetarako, eta beraz, txat propio bat sortuz, gailu batetik bestera fitxategiak pasatzeko erabil daiteke, kalitaterik galdu gabe. Hedapen-taldeei esker, ingurune irekietan artxiboak truka daitezke, hala nola erakundeetan, irakurketa-taldeetan edo enpresa bateko langile-talde batean.

WhatsApp

WhatsApp mezularitzako aplikazio liderra da gure inguruan. Ia ezinezkoa da smartphone bat izatea eta instalatuta ez edukitzea. Horregatik, Telegramek bezala, zure kontaktuekin fitxategiak modu errazean partekatzeko aukera ematen du. Multimedia fitxategiak, dokumentuak, kokapenak edo kontaktuak partekatu ditzakezu banakako edo taldeko txat batean. Joan den astetik, WhatsAppek kalitate handiko irudiak partekatzeko aukera ematen du. Funtzio hori ez zegoen lehendik eskuragarri, eta erabiltzaile asko kexu ziren eta beste aukera batzuetara jotzen zuten.

WeTransfer

Azkenik, WeTransfer fitxategiak transferitzeko plataforma egokiena da, fitxategi handiak doan bidaltzeko aukera ematen dizuna. Artxiboak partekatu ditzakezu beste pertsona batzuekin, zerbitzuan erregistratu beharrik gabe. WeTransferrekin fitxategiak partekatzeko, ezinbestekoa da web-orrira edo aplikaziora sartzea eta partekatu nahi dituzun fitxategiak edo karpetak hautatzea. Behin fitxategiak igota, partekatzeko bi modu daude: deskargatzeko esteka baten bidez edo WetTansferretik zuzenean email bat bidaliz. Fitxategi astunak posta elektronikoz partekatzeko konponbide azkar eta errazenetako bat da, tamaina handiko fitxategiak bidaltzera mugatzen baita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK