Ahots bidezko itzulpenak egin ahalko dira Elia itzultzaile automatikoaren bidez

Euskaratik frantsesera/frantsesetik euskarara eta euskaratik ingelesera/ingelesetik euskarara egiten diren itzulpenen kalitatea hobetu du Elhuyarrek

Argazkia: Elhuyar Argazkia: Elhuyar

Elia izena du Elhuyarren itzultzaile automatikoak, eta ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera eskainiko du aurrerantzean. Bost urte bete berri ditu itzultzaileak eta itzultzaile soil bat izatetik entzuteko eta hitz egiteko gai den tresna bilakatu da.

Elhuyarrek landutako hiru teknologia ditu barneratuta: hizketa-ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa-sintesia (ahotsa).

Gaurtik aurrera, ahots bidezko itzulpena egiteko mikrofonoaren irudia duen botoia sakatu, hizkuntza aukeratu eta hitz egin besterik ez da egin behar. Ondoren, Eliak emaitza testu edo audio bidez emango du hautatutako hizkuntzan.

Sei hizkuntzatan egin ditzake itzulpenak Eliak, eta oraingoz webgunean solik dago erabilgarri. Elhuyarrek argitu du mugikorretarako eta mahai gaineko aplikazioetan aurrerago erabili ahalko dela.

Berrikuntza honekin euskararen garapen teknologikoarekin duen konpromisoa berretsi duela azaldu du Elhuyarrek, eta Elia “abangoardiako teknologiarekin lidergoan jarraitzen duen tresna” dela.

Itzulpenak baloratzeko aukera

Ahots bidezko itzulpena egiteko aukera ez da Elhuyarrek iragarritako berrikuntza bakarra. Azaldu dutenez, euskaratik frantsesera/frantsesetik euskarara eta euskaratik ingelesera/ingelesetik euskarara egiten diren itzulpenen kalitatea hobetu dute.

Era berean, itzulpenak baloratzeko funtzionalitate berria ere jarri dute martxan. Aukera honen bidez, erabiltzaileek aukera izango dute itzulpen bat egokia den ala ez adierazteko, pantailan azaltzen diren hatz lodia gora eta hatz lodia behera emotikonoetan sakatuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK