• BERRIKUNTZA
  • AICek 37 milioiko hedapena egingo du Amorebieta-Etxanon

AICek 37 milioiko hedapena egingo du Amorebieta-Etxanon

Bizkaiko Foru Aldundiak AICren bosgarren fasea aurkeztu du, mugikortasun aurreratuko barruti berri bat sortzeko helburuarekin

Argazkia: BFA
Argazkia: BFA
2026ko maiatzaren 8a - 13:50
Eg. 2026ko maiatzaren 8a - 13:58

Bizkaiko Foru Aldundiak AIC-Automotive Intelligence Centerren bosgarren fasea aurkeztu du Amorebieta-Etxanon. Proiektu berriak 37 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du eta 21.900 metro koadro gehiago gehituko dizkio egungo azpiegiturari. Hedapenaren bidez, gaur egungo berrikuntza-zentro eredua mugikortasun aurreratuan espezializatutako barruti bihurtu nahi dute, AIC Barrutia izenarekin.

 

Aurkezpenean, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek automobilgintzaren sektoreak Europan bizi duen testuinguru zaila aipatu du, eta egoera horren aurrean berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustua defendatu du. “Automobilgintza jada ez da ibilgailutik bakarrik ulertzen; sistema zabalago baterantz ari da eboluzionatzen: mugikortasunerantz”, adierazi du. Bere esanetan, proiektuak industria eta etorkizun ekonomikoa indartzeko helburua dauka.

AICren etapa berriak lankidetza, esperimentazio eta ezagutza transferentziarako espazio berriak hartuko ditu. Besteak beste, smart mobility, datu-espazioak, karga sistema aurreratuak eta ibilgailu astun adimendunak lantzeko guneak aurreikusten dira. Ines Anitua AICko zuzendari exekutiboaren arabera, azpiegitura handitzeak “automobilgintzako eta mugikortasuneko soluzioen hurrengo belaunaldia bultzatzeko” aukera emango du, industria, teknologia eta talentua elkartuta.

 

Barruti berriak mugikortasun aurreratuko sei lan-eremu nagusi izango ditu: ibilgailu astun elektriko eta adimendunak, karga azpiegiturak, datu-espazioak, software bidez definitutako ibilgailuak, mugikortasuna zerbitzua eta ekonomia zirkularra. Horrez gain, IoT, 6G, adimen artifiziala, Big Data eta zibersegurtasuna bezalako teknologiak sustatuko dira, baita eVTOL aireontzi elektrikoak eta teknologia kuantikoak ere. Helburua benetako inguruneetan probak eta balioztatzeak egiteko living lab sare bat garatzea izango da.

AIC fundazioak gaur egun automobilgintzaren eta mugikortasunaren arloko 31 erakunde biltzen ditu, eta 950 profesionalek parte hartzen dute berrikuntza proiektuetan. Patronatuan erakunde publikoak eta sektoreko hainbat enpresa daude, eta bosgarren fasearekin AICek mugikortasun aurreratuan erreferentziazko berrikuntza-ekosistema sendotu nahi du Bizkaian.