• BERRIKUNTZA
  • Aldundiak pizgarriak emango ditu ikerketa zientifikoari egindako ekarpenak sustatzeko

Aldundiak pizgarriak emango ditu ikerketa zientifikoari egindako ekarpenak sustatzeko

Foru erakundeak pizgarri berriak aktibatuko ditu, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), bai Sozietateen gaineko Zergan, herritarrek zein eragile ekonomiko eta sozialek ikerketa zientifikoari egin nahi dizkioten ekarpenak sustatzeko

Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Jokin Perona Ogasun diputatua.
Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Jokin Perona Ogasun diputatua.
2022ko maiatzaren 30a - 18:45
Eg. 2025eko apirilaren 7a - 09:02

Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Arauaren aurreproiektu berria aurkeztu du, oinarrizko ikerketaren mezenasgoari bultzada emateko. Mekanismo horren bidez, foru erakundeak pizgarri berri batzuk aktibatuko ditu, bai Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), bai Sozietateen gaineko Zergan, herritarrek zein eragile ekonomiko eta sozialek ikerketa zientifikoari egin nahi dizkioten ekarpenak sustatzeko. “Herritarrak ikerketa zientifikoaren parte egin nahi ditugu. Gure lurrandean, GKEei ekarpenak egiteko ohitura oso zabalduta dagoen bezala, neurri honekin zientziari ekarpen ekonomikoak egiteko antzeko kultura sustatu nahi dugu”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak.

 

Foru Aldundiko arduradunak agerraldia egin du gaur Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera, Gipuzkoako foru Ogasuna prestatzen ari den araudi fiskalaren berri emateko. Araua 2023ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko da.

Oinarrizko ikerketaren mezenasgoa modalitate hauen bidez egin ahal izango da: dohaintzak, ekarpenak eta legatuak, edo enpresa-lankidetzako hitzarmenen bidez. Ekparpen hauek sortutako onura fiskalari dagokionez, pertsona fisikoen kasuan % 35eko kenkaria ekarriko du PFEZean. Pertsona juridikoen kasuan, mezenasgo mota honetan inbertitutako zenbatekoak gastu kengarritzat hartuko dira Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazterakoan, eta, gainera, zergaren kuota likidoaren % 20ko kenkaria izango dute.

 

Diputatu nagusiaren ustez, neurria "anbizio handikoa" da. Hala Gipuzkoak funtsezko finantzaketa-tresna jarriko du lurraldeko ikerketa taldeen eskura, beren ideiak eta ikerketak garatzeko. “Oso ate interesgarria irekitzen diegu, eta, aldi berean, maila goreneko zientzialariak erakartzeko aukera ere irekitzen diegu mezenasgoa jasotzen duten ikerketa-taldeei”, adierazi du.

Oinarrizko ikerketa finantzatzeko beharra

Zerga-arloan, foru arduradunek nabarmendu dute ikerketa programak edo jarduerak lehentasunezkotzat jotzen direla urtez urte, Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatutako proiektuetarako finantzaketa pribatua lortzeko (3/2004 Foru Araua). Lehentasunezko jarduera horiei egindako ekarpenek zerga hobariak dituzte, eta, neurri hori aplikatu den urteetan lortutako esperientziaren ondorioz, Aldundiak ikusi du I+G+Bren esparruan oinarrizko ikerketa dela finantzaketa zailtasun gehien dituen adarra.

Azkenik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako ahalegina ere azpimarratu du Olanok. Datuek erakusten dute emakumeek gizonek baino presentzia txikiagoa dutela oro har (% 35,6 eta % 64,4, hurrenez hurren) ikerketaren esparruan, eta, bereziki, ikertzaileen (% 34,9) eta teknikarien (% 34,7) artean. Hori dela eta, Foru Arauaren aurreproiektuak zenbait baldintza ezartzen ditu erakunde hartzaileak mezenasgo bidezko laguntza jaso ahal izateko: BERC zentroen kasuan, berdintasun-plan bat izan beharko dute, eta plan horrek jasoko du zentroak berdintasunaren arloan duen egoera, bai eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko egiten dituen ekintzak ere. Unibertsitateetako ikerketa-taldeen kasuan, A taldekoak izan beharko dute, eta kalifikazio horrek, besteak beste, genero-orekaren maila baloratzen du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain